Gure Hitza | 2017ko Maiatzaren 25a
Jendarte ala gizarte?
Peio Jorajuria
Emmanuel Macron Frantziako lehendakari berriak "gizartea" onera ala txarrera inarrosiko duenez genuen berrikitako lagunarteko solasa.
Emmanuel Macron Frantziako lehendakari berriak "gizartea" onera ala txarrera inarrosiko duenez genuen berrikitako lagunarteko solasa. Aski laster, "gizartea" hitza bera genuela hizpide, ez ote den "jendarte" hitza egokiagoa. Alabaina, batzuk diote hitz "sexistak" baztertu behar direla. Eta "gizarte" hitza, horietarik daukate. Azken urte hautan, mugimendu feministek bereziki bultzaturik, gero-eta maizago "jendarte" erraiten eta idazten da, "gizarte" hitzaren ordez, "société" adieraztekoan. Eta astekari honetan ere kanbiamen horrek bide egiten ari du. Gure aldetik, izan jendarte ala gizarte, bakoitzaren idazmoldea errespetatzen dugu kazeta hau moldatzerakoan. Errespetatzen, bai, baina gogoeta bide zaigu halere, ea bi hitz horiek zinez gauza bera erran nahi duten ala ez.
Duela zenbait denbora, Dionisio Amundarain lazkaotarrak bere iritzi edo ikusmoldea helarazi zaigun bi hitz horien erran-nahiaz. Eta balin bada norbait euskara ongi menperatzen duenik, lazkaotarra horietarik da, irakasle, idazle, itzultzaile eta zuzentzaile lanetan hain trebe izanki-eta. Iritzi oso interesgarria zaigun zabaltzen, Angel Erro nafartar idazleak Berria egunkarian (2014-02-18) agertu artikulua ere juntatzen zaigula, bi ikuspuntuak bide beretik zoatzila. Zer zioten bada? Jendeak gero eta gehiagotan jendartea erabiltzen duela gizartea hitzaren "kutsu sexista" saihesteko. Alabaina, feminista askoren arabera, gizarte hitzaren giz horrek gizona du gehienbat seinalatzen eta emaztea batere ez, gisa horretan matxismo hutsa sendi dutela hitz hori entzutean edo irakurtzean.
Baina hauxe digu erraiten Dionisio Amundarainek: jende hitza latinezko gens hitzetik dator, eta gens hori gigno-tik, honek "umeak sortu edo egin" nahi duela erran. Beraz, gizartea konprenitzen bada gizonen artean bezala, jendartea konprenitu behar dea soilki jendeen artean bezala ala, arrazoinamendua punta-puntaraino eramanez, umeak sortzen edo egiten dutenen artean bezala? "Giza = gizarte baino hobea al da gigno = gens = jende = jendarte?" du galdegiten Dionisio Amundarainek, hau ere gehituz: "Onartzen al duzue emakumea umeak egiteko bakarrik dela?" Eta bertze hitz frankorekin ere baliteke, segur, gogoetatzekoa eta eztabaidatzekoa. Hala nola, euskal hiztegi etimologikoaren arabera eta erregistro berdinean egonez, eme gazte-tik datorren emazte hitzarekin: zaharrenak emazar (eme zahar) behar direa deitu? Hitz gehienek ez ote dute beren trakets alderdia? Beraz, gizarte ala jendarte, goazen bada aitzina sumindurarik gabe.