Egun eta bihar | 2017ko Maiatzaren 25a

Egun eta Bihar

J-B D.

Joan den astekotzat agertu arrangura bat ez da emendatu baizik geroztik! Gobernu berri bat badugu eta ez jakin haatik zonbait urterentzat hor den ala bakarrik zonbait asterentzat!

Noiz arte?

Joan den astekotzat agertu arrangura bat ez da emendatu baizik geroztik! Gobernu berri bat badugu eta ez jakin haatik zonbait urterentzat hor den ala bakarrik zonbait asterentzat! Deusik ezin erran alabainan deputatu-bozen emaitzak nolakoak izanen diren ez dakiguno! Segur, sondaiek erakusterat emaiten dute Emmanuel Macron presidentaren aldekoak lehen aterako direla bainan horrek ez du erran nahi gehiengo on bat segurtatuko dutela legebiltzarrean. Beharbada ba eta beharbada ez... Bozka-legea gisa hartakoa da, 577 bozgune badira eta gauza frango gerta ditake. Lehen bozaldian lehen eta bigarren sailkatuko diren hautagaiek bigarrenean parte hartzen ahalko dute. Bai eta bestalde bozgune bakoitx bozaren emaiteko eskua dutenen artean %12,50-a bederen bilduko dutenek. Asko tokitan, izaiten ahalko dira beraz hiru edo lau hautagai, bozak gisa hartarat barreatzen badira. Eta bi hautagai baizik ez direlarik geldituko, buruz-buru beraz, bigarren igandean nori joanen ote dira beste hautagaien bozak? Izanen dea alderdien arteko traturik? Hortaz, bizpahiru aste aitzinerat, nehork ezin deusik erran, ez segurik À¯'¬'dagarriak litazkeen solasik... Hortan gira politikaren mundu hori azkarki inarrosi baitu Macronen kargu gorenerat heltze horrek... Itsu-mandoka gabiltza, halako ilun batean galduak bezala...

Arras berezia

Bai, arrunt berezia da joan den astean muntatu gobernu hori. Bainan oro har Macron arras hitzekoa izan da. Errana zuen gobernu tinki bat izanen zela, 15 minixtro baizik ez. Denen buru, badira 18 bainan ez gira horren gatik kitzikari agertuko... Badira bestalde lau minixtro-lagun eta beste batzu izendatuak izanen hain segur ondoko egunetan, deputatu-bozetarik landa oraiko ustez... Macronek hitzemana zuen gizon eta emazteen arteko parekotasuna. Eskualde hortarik deusik ezin erran, 22 izen agertu dira, ikusten da badirela 11 gizon eta 11 emazte. Batzuk diote haatik kargu handien guziak, batto salbu, gizonen esku direla. Ohargarri halere emazte bat izaitea, Sylvie Goulard, armadaren buru. Macronek errana zuen ezker, eskuin eta erdiko, denetarik izanen zela, orai arte politikarik egina ez zutenetarik ere ba. Hortan ere hitzekoa izan da gure gizona. Segur, eskuindarrak ez dira hiru baizik, gobernuburua bera kondatuz, hor dira beraz Edouard Philippe, Bruno Le Maire eta Gérard Darmanin, bi hauk ekonomiaz eta diruzaingoaz arduratu behar, bi sail premiatsuenetarik direnak ainitzen gustuko segurik. Sozialixtak untsa heltzen dira eta Lyoneko auzapeza, Gérard Collomb, dugu orai barne-minixtro, behin ere ez zelarik gobernu batean barne izana. Erdikoak ere hor, François Bayrou berriz minixtro, aspaldiko partez... Bainan aipaldi gehiena ukan duen izendatzea izan da Nicolas Hulot ekologiaren mundu hortan biziki ezagutua den ikerlearena. Jacques Chirac presidentak nahiko zuen minixtro, Nicolas Sarkozy-k ere ba, François Hollande-k ere egina gisa bereko zerbait eskaintza. Berak beti ezetz ihardetsia. Bainan aldi huntan baietz... Horrek erran nahi duke Macronek baduela ingurumenaz axola handi-handia. Horiek hola, Nicolas Hulot aise akomeatuko dea minixtro guziekin? Batzu, denbora batez segurik, ez zirelarik baitezpada "berdeen" aldekoak? Hori ere geroak erranen du...

Bitxikeriak

Gobernua oraintxe muntatua eta ez direa ba jadanik halako bitxikeria batzu? Sei minixtro hautagai dira deputatu-bozetan. Bainan bihi bat ez da deputatu izanen. Nolaz hori? Hautetsiak badira, minixtro egoitekotan, beren ordezkoari utzi beharko diote beren deputatu alkia. Ez dira beraz deputatu izanen. Eta ez balin badira hautetsiak izaiten, beren minixtro kargua dute utzi beharko, Macronek berak aski errana du hori. Kasu hortan ere beraz, ez dira deputatu izanen. Ez dea ba hor nunbait bitxikeriaño bat? Bestalde, Macron joan baita Mali herrialderat, berak hautatu ditu berekin harat joan behar ziren berriketariak. Egiten dea holakorik? Hedabide frangok hel-arazi diote prostesta bat bixi-bixia... Hola segituz, izanen da hain segur arrangura frango! Bestalde oraino, Macronek errana boz gune guzietan bere hautagai bat izanen zela bainan denen buru 51 boz gunetan ez da nehor izanen ezker eta eskuineko hautagai batzu lagundu nahi balitu bezala... Bozak iragan-eta bereganatuko dituelakotz ote? Hauxe da jukutria hori ere gauzak hola egiten badira segurik!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3402. zbk

Ama guziei besta on!

HERRIA

Gure Hitza | 2017/05/25

Jendarte ala gizarte?

Peio Jorajuria

Emmanuel Macron Frantziako lehendakari berriak "gizartea" onera ala txarrera inarrosiko duenez genuen berrikitako lagunarteko solasa.

Emmanuel Macron Frantziako lehendakari berriak "gizartea" onera ala txarrera inarrosiko duenez genuen berrikitako lagunarteko solasa. Aski laster, "gizartea" hitza bera genuela hizpide, ez ote den "jendarte" hitza egokiagoa. Alabaina, batzuk diote hitz "sexistak" baztertu behar direla. Eta "gizarte" hitza, horietarik daukate. Azken urte hautan, mugimendu feministek bereziki bultzaturik, gero-eta maizago "jendarte" erraiten eta idazten da, "gizarte" hitzaren ordez, "société" adieraztekoan. Eta astekari honetan ere kanbiamen horrek bide egiten ari du. Gure aldetik, izan jendarte ala gizarte, bakoitzaren idazmoldea errespetatzen dugu kazeta hau moldatzerakoan. Errespetatzen, bai, baina gogoeta bide zaigu halere, ea bi hitz horiek zinez gauza bera erran nahi duten ala ez.

Duela zenbait denbora, Dionisio Amundarain lazkaotarrak bere iritzi edo ikusmoldea helarazi zaigun bi hitz horien erran-nahiaz. Eta balin bada norbait euskara ongi menperatzen duenik, lazkaotarra horietarik...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016