Gure Hitza | 2017ko Ekainaren 15a
Tsunami makronista
Peio Jorajuria
Julien Corbineau koreografoak sortutako "Hatsa" dantza ikusgarri berria zoragarria aurkitu dugu joan den larunbatean Donibane Garazin. Ohiko euskal dantzak ber-bisitatu ditu, taula gaineko hamabi dantzari gaztetxok eta sei musikarik ikuslegoa liluraturik uzten dutela.
Julien Corbineau koreografoak sortutako "Hatsa" dantza ikusgarri berria zoragarria aurkitu dugu joan den larunbatean Donibane Garazin. Ohiko euskal dantzak ber-bisitatu ditu, taula gaineko hamabi dantzari gaztetxok eta sei musikarik ikuslegoa liluraturik uzten dutela. Azken urte hautan euskal dantzari hats berri bat emana zaio, denen gozamenerako.
Politika mundua ere hats berri baten behar gorrian dugu. Legebiltzarreko bozaldiaren lehen itzulia genuen igandean. Emaitzak burrustan etorri zaizkigu igande arratsean, abstentzioa haatik sekulan ikusi ez dugun heinekoa izan delarik (%51). Emmanuel Macron lehendakariaren La République en marche alderdiak haizea alde du, gehiengo handia erdietsirik herri eta hiri frankotan, tsunamia, batzuk gaitzesten dutena, egiazko demokraziaren kaltetan zaiela, bestek txalotzen dutena, etorkizun hobe baten menturan. Bigarren itzuliak baieztatu behar lituzkeen emaitzak, orain arteko politikari zohitu asko antzara ferratzera igorririk.
Ipar Euskal Herriko hiru boz gunetan 42 hautagai bagenituen hiru aulkirentzat, 15 emazte eta 27 gizon. Sei gelditzen dira lehian, hiru emazte eta hiru gizon. Joan den astean euskal hedabideek antolatua genuen hauteskundeei buruzko gaualdian pronostikoak galdeginak izan zitzaizkigun. Kazetari gehienek zioten Macronen aldeko haizeak azkarki ufatuko zuela hemen gaindi ere. Eni iduritzen zitzaidan haatik Frantzia beheretik etorritako haize hori menturaz euskal mendiak jotzearekin doi bat ahulduko zela. Errotik tronpatu naiz. Kostaldeko orain arteko bi emazte diputatu sozialistak, nahiz gure ustez zintzoki lan egin duten, jokoz kanpo geldituko dira, bat funtsean jadanik hala da, zafraldia bildurik, eta mendialdeko gure diputatu biarnesak, azken denbora horietan iparrorratza galdurik zabilena, Siriako Bachar al-Assad diktadorearekin adiskidetzeraino, beste askoren gisa bere baratzeko baratxuri eta tipuletara itzuli beharko du.
Heldu den igandean, ustekabekorik salbu, hiru diputatu berri ukanen ditugu, emazte bat eta bi gizon, biga Bayrou biarnesaren neskatil-mutilak, hirugarrena beste planeta batetik heldu zaigun ezezagun bat, paraxutista ohia, oraindik gaztea eta itxura guzien arabera nahikariz betea. Nolakoak suertatuko ote zaizkigu hiru makronista horiek? "Hatsa" dantza ikusgarriak ganer zokoko panpina edo marioneta erraustu batzuk biziarazten ditu, inguruari arima berri baten emaile. Gure diputatu berriak Macronek kudeatutako txotxongilo iragankor izanen direa ala herritarren aldeko politika funtsezkoaren artisauak? Macronek karta guziak eskutan ukanen ditu, 31 eta esku, bultzatu nahi duen politikaren eramateko. Bost urte baditu bestelako politika bat posible dela frogatzeko.










