Inbido | 2017ko Ekainaren 15a

Pariseko Bourbon Jauregia

Muslaria

Deputatu-bozak ditugun keinka huntan, joan den astean sail huntan berean aipatu dugu Frantziako legebiltzarra eta besteak beste ari izan gira deputatuen hautesteko bozka-legeaz. Aldi huntan behako bat nahi ginuke eman deputatuak biltzen diren etxeari.

Deputatu-bozak ditugun keinka huntan, joan den astean sail huntan berean aipatu dugu Frantziako legebiltzarra eta besteak beste ari izan gira deputatuen hautesteko bozka-legeaz. Aldi huntan behako bat nahi ginuke eman deputatuak biltzen diren etxeari. Deitzen da Bourbon jauregia, frantsesez

Palais-Bourbon

bi hitzak gisa hortan lotuz. Toki gaitzean da Parisen, Seine ibaiaren bazterrean. Jauregi hori, handia bezen ederra, hemezortzigarren mendean eraiki-arazi zuen emazte puxant aberats batek, Louise-Françoise De Bourbon andereak. Balentriaka bezala omen, handia baino handiagoarena egin nahiz. Andere hori zen, artetik erraiteko, Luis XIV errege famatuaren alaba. Xo, ez bere emaztearekin ukan haurretarik bainan Françoise Athénaïs De Montespan bere maite kuttunarenganikakoa. Errege ospetsu hori arrunt emaztekaria zen alabainan. Bazuen segur bere andrea, erregina beraz, bainan bazituen ere amorante batzu, frantsesez biziki poliki "favorites" deitzen zirenak. Frango luzaz horietan lehen tokia atxiki zuena izan zen preseski De Montespan markisa. Zazpi haur ukan zituzten elgarrekin, zortzi ere historialari batzuen ustez. Louise-Françoise alaba legez lege erregearen alaba kondu ekarria izan zen sortu orduko. Erran gabe doa ez duela behin ere deusen eskasik ukan bere gusturat bizitzeko! Ez da harritzeko beraz Bourbon jauregia egin-arazi baitzuen, gostaia gosta, obra guziak sei urte barne akulatuak, 1722-tik 1728-rat. Keinka berean ondo-ondoan eraikia izan zen beste egoitza arraro bat, Lassay hotela erraiten zaiona. Aipatu behar duguna zeren eta gaurko egunean, eta aspaldian funtsean, Bourbon eta Lassay egoitzak elgarri lotuak baitira, biek bat egiteko gisan. Lassay hori da orai legebiltzar buruaren etxea. 1879-an gisa hartako erabakia hartua izanik, hirugarren errepublikaren lehen urte heietan beraz...

Herrixka bat

Erraiten ahal da Bourbon eta Lassay egoitza horiek osatzen dutela egiazko herrixka bat, ondoan eginak izan diren eraikinekin. Ezen urteak jin eta urteak joan alimaleko obrak akulatu dira. Jadanik Luis XV erregearen denboran Bourbon jauregia azkarki handitu zuten, ordukotz biziki handia zelarik! Geroztik, Napoleonen denboran eta berantxago ere, beste obra askori plantatu ziren. Hots, kanpotik segurik, Bourbon jauregiak ez du batere haste hartan zuen itxura hura. Iragan mendean, barnean dira aldaketa handiak egin, elektrika sartuz lehenik eta gero, emeki emeki, gaurko egunean kausitzen ahal diren muntadura guziak, Internet eta gaineratiko. Bourbon jauregian barne ezagutuena da deputatuen biltokia. Badu berrehun urte deputatuak hor direla. Kanporatuak izanik haatik 40-ko gerla denboran, Alemanek behar zutela toki hori... Biltokia alimalea da eta biziki ederki apaindua. Badira bestalde gela handi batzu batzordeen bilkurentzat bai eta legebilzarrak babesten dituen elkarte askorentzat. Lassay egoitzaren itxura aldiz ez da kasik batere kanbiatu, duela kasik hiru mende zen bezalakoa dago. Bainan bada han berean duela berrogoita-zonbait urte eraikia zazpi estai dauzkan egoitza bat zointan deputatu bakoitxak baitu bere xokoa. Bere bulegoa eta etzateko tokia ere ba... Bai, eraikin horiek osatzen dute zinez herrixka bat zointan hiru mila lagun artzen baitira lanean... Han berean denak badira, zernahi zerbitzu mota, ez baitezpada denentzat bainan harat sartzeko ageria badutenentzat segurik ba... Bestalde, jendeak bisitatzen ahal du Bourbon jauregiaren zati on bat. Aski aitzinerat apailatuz eta deputatu baten gomitarekin... Deputatuen bilkuretarat ere sar ditake gisa hartako gomitarekin...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3405. zbk

Kuraia baduzu ez deusen beldur ez bazira baina beldurrari ihardukitzen jakinez.

Nelson Mandela

Gure Hitza | 2017/06/15

Tsunami makronista

Peio Jorajuria

Julien Corbineau koreografoak sortutako "Hatsa" dantza ikusgarri berria zoragarria aurkitu dugu joan den larunbatean Donibane Garazin. Ohiko euskal dantzak ber-bisitatu ditu, taula gaineko hamabi dantzari gaztetxok eta sei musikarik ikuslegoa liluraturik uzten dutela.

Julien Corbineau koreografoak sortutako "Hatsa" dantza ikusgarri berria zoragarria aurkitu dugu joan den larunbatean Donibane Garazin. Ohiko euskal dantzak ber-bisitatu ditu, taula gaineko hamabi dantzari gaztetxok eta sei musikarik ikuslegoa liluraturik uzten dutela. Azken urte hautan euskal dantzari hats berri bat emana zaio, denen gozamenerako.

Politika mundua ere hats berri baten behar gorrian dugu. Legebiltzarreko bozaldiaren lehen itzulia genuen igandean. Emaitzak burrustan etorri zaizkigu igande arratsean, abstentzioa haatik sekulan ikusi ez dugun heinekoa izan delarik (%51). Emmanuel Macron lehendakariaren La République en marche alderdiak haizea alde du, gehiengo handia erdietsirik herri eta hiri frankotan, tsunamia, batzuk gaitzesten dutena, egiazko demokraziaren kaltetan zaiela, bestek txalotzen dutena, etorkizun hobe baten menturan. Bigarren itzuliak baieztatu behar lituzkeen emaitzak, orain arteko politikari zohitu asko antzara ferratzera...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016