Herriz Herri - Senpere (L) | 2017ko Ekainaren 15a
Kermeza igandean Inharrian
Mendekoste goizarekin iragan da "Bataioko agintzen erreberritzea", 24 mutiko ta nexkek parte hartu dute Azkaine, Sara eta Senperetik jinik.
Mendekoste goizarekin iragan da "Bataioko agintzen erreberritzea", 24 mutiko ta nexkek parte hartu dute Azkaine, Sara eta Senperetik jinik. Holakoetan, kartsutasun eta alaitasuna biak nahas-mahas elgarri lotuak dira alabainan, ororen buru parropiako giristinoen elkartze eder bat delarik. Aldiz igande huntan, Bestaberriko meza hasiko da 10:30etan, ondotik ohiko prozesionea klikarekin, tanborrada eta gazteak Bestaberritako jantziekin. Handik landa gomita badugu kermezara, iraganen dena lehen aldikotz Inharrian, Ibarrungo kartierrean. Artxeroak taldeak animatuko du bazkaria, hunek menu bikaina dauka: sarreran entsalada gormanta, ondotik mihia saltsa bizian edo Senpereko axoa, gasna eta etxeko pastiza eta bururatzeko kafea ta patxarana, arnoa barne. Euskoz ordaintzen ahalko den bazkaria 20€ helduentzat, 8€ haurrendako eta 8€ ere etxerat eramaiteko plateroa. Betiko errotaren jokoa, xingar-azpiaren pisatzea eta tonbolaren zozketa proposatuak izanen zauzkigu. Memento goxo baten pasatzeko parada eskainia zauku. Antolatzaileak, San Josepe eskola eta Arretxea kolegioa ditugu eta azken hunek handitze obrak eremanen ditu aurten bertan.










