Herriz Herri - Baiona (L) | 2017ko Ekainaren 15a
Deputatu-bozak Euskal-Herrian Macron, Macron eta Macron!
J-B D.
Deputatu-bozentzat, Ipar-Euskal Herriak badauzka hiru bozgune, batto haatik Biarnoaren zati bati lotua.
Deputatu-bozentzat, Ipar-Euskal Herriak badauzka hiru bozgune, batto haatik Biarnoaren zati bati lotua. Hori deitzen da laugarren bozgunea. Hor, joan den igandean, Macron presidentaren aldeko hautagaia atera da lehen. Bosgarren bozgunean, Baionako alde hortan beraz, gauza bera, Macron nagusi! Eta seigarrenean, arrunt Kostaldekoan, hor ere macrontiarra denen aitzinean eta airez-aire gainerat! Macron, Macron eta Macron, denetan Macron eta denetan kantu bera beraz! Hauxe da inarrosaldia hartu duen bazterrak!
Has giten laugarren bozgune hortarik. Loïc Corrégé macrontiarra deneri aitzindu da. Duela doi-doia zonbait aste, eskualde hortan kasik nehork ez zuelarik ezagutzen! Tarben sortua, luzaz Baionan egona soldado aitzindari bezala, errorik ez batere Euskal Herrian eta Biarnoan... Eta halere gaina hartu du bozen %25 bereturik! Bigarren Jean Lassalle deputatua, bainan heintto bat urrun, bozen %18 ez arras. Eskuindarrak, sozialistak eta Laurent Inchauspe garaztarra oraino urrunago. Azpimarragarri, abertzaleek bozalde ederra ardietsi dutela Baxenabarre eta Zuberoan, Baigorrin konparazione %30 ezbaian, eta bozgune osoan %8,50, ez baita batere gaizki jakinaren gainean herrien erdiak biarnesak direla... Bigarren bozaldian, Jean Lassalle nagusitzen ahal dea? Nekez itxuren arabera. Nundik bilduko ditu eskas dituen bozak? Abertzaleek besteak beste haren alde bozka dezaketea, gogoan dutelarik behin nola mintzatua den ikastoletaz?
Bosgarren bozgunean, Florence Lasserre-David angeluarra, MODEM alderdikoa, Jean-Jacques Lasserre departamendu buruaren alaba, lehen atera da, aise eta aise gainerat, bozen %37-a gaindituz. Ondotik, biziki urrun haatik, hiru hautagai kasik elgarren bete, Colette Capdevielle sozialista, orai arte deputatu zena (%13), Caroline Oustalet eskuindarra (%11) eta Jérémy Farge mélenchontiarra (%10). Gutik egin du bainan denen buru sozialixta da beraz bigarren bozaldian parte hartzeko sailkatu. Itxureri À¯'¬'datuz segurik, Florence Lasserre-David nagusitu behar litake, eskuinaldetik bilduko baitu boz parrasta bat, sozialistak joan den igandean baino aise boz gehiago bereturik ere...
Seigarren bozgunean, Vincent Bru Kanboko auzapeza, hau ere MODEM alderdiaren kondukoa, lehen sailkatu da, bozen %36 biltzen zituela. Bigarren Maider Arosteguy eskuindarra (%15 ezbaian), hirugarren Peio Etcheverry-Aintchart abertzalea (%11), laugarren Christine Labrousse mélenchontiarra (%8,9) bosgarren bakarrik Sylviane Alaux sozialista, orai arte deputatu zena (%7). Doi bat harrigarri ditake sozialistak ez boz gehiago ukaitea, ikusiz azken bost urte horietan biziki langile xintxoa eta jarraikia izan dela, tokiko behar-ordu bereziez ere ainitz axolatu dena, bere alderdikoek hala diote bainan beste frangok ere ba! Igandean, uste-gabeko handiz kanpo, Vincent Bru hautetsia izanen da deputatu, ezkerraldeko boz guti joanen baita eskuindarren hautagaiari.










