Herriz Herri - Aldude (NB) | 2018ko Urriaren 11a
LAN TA LAN!
R. C.
Urriaren 11tik 14ra, Aldudeko Ibarra Beti Aitzina (AIBA) elkarteak ibarreko Ate Idekien 14. edizioa antolatuko du. Banka, Aldude eta Urepele herriek osatzen duten 1000 biztanleko haranean animazio eta aktibitate frango proposatua izanen zaizkio publikoari usaiako ekitaldien bidez: ofizialeen herrixka, enpresen bisitak, kabala lehiaketa, tokiko mozkinen merkatua, artzain xakur lehiaketa, kantaldia, bertzeak bertze. Berrikuntza izanen da ere bai egitarauan: film labur lehiaketa tokiko nerabeeri zuzendua, gasna eta bazka lehiaketa, haurren xokoa animazio anitzekin; larunbateko kabala lehiaketan, ikusgai izanen dira Sasi-Ardi eta Pirenaica behi arrazak. Aipatzekoa da ere lau egun horietan Aldudeko ibarrean plazaratuko dela Euskaraldi esperimental bat euskararen erabilera sustatzeko jardunaldi guzietan. Aldiro bezala, Ate Idekiak gai baten ildotik prestatu dituzte tokiko biztanle, laborari, merkatari eta enpresariek. Aurten, "lana" izanen da. Azken sei hilabete hauetan, Aldudarrak Bideoko Pantxika Maitiaren laguntzarekin, honelako galderak eztabaidatuak izan dira: zer erran nahi du lanak gaur egun? Zergatik eta zertarako lan egin? Ez ote da desberdindu behar lana eta enplegua? Onargarri ote da enplegurik gabeko langileak (etekin ekonomikorik sortu gabe lan egiten dutenak) baztertzea gizartetik? Barne gogoeta horren kalitatea elikatzeko, elkarteak ibarreko biztanleen lanbideak eta herriko lan tokiak zerrendatu ditu, datu kantitatiboak osatzeko, eta hainbat erreportaia muntatu ditu. Lan egin arau, ibartarrak ohartu dira tokiko enpleguak ez direla eskas gazteak atxikitzeko eta biztanle berriak erakartzeko. Halere enpresek zailtasunak dituzte langileak atxemateko, arlo desberdinetan. Horregatik, AIBA elkarteak atari berezia sortu berri du bere webgunean (www. vallee-aldudes.com). Bertzelako ekintzak onduko dira ere eraman gogoetaldi guziaren ondotik. Horren berri emanen da urriaren 11ko telebista emankizun partehartzailean, Aldudeko Alfaro ostatuan, aratseko 7:00etan.