Herriz Herri - Ainhoa (L) | 2018ko Urriaren 11a
Ainhoa
Kaperaren berritze lanak
Ainhoako kaperaren lagunak elkartea sortu du herritar talde batek, Arantzeko Ama Birjinaren kapera berritzeko xedearekin; gan den agorrilean, diru bilketa kanpaina abiatu zuten obren gastuak ordaintzeko. Kapera frango andeatua dela oharturik, lagun talde bat bildu da arrimatzeko xedearekin. Izan ere, teilatutik itaxurak hasiak dira, pareten estaldurak hondatuak dira eta tindu- lanak ere egin beharko lirateke. Horiek horrela, kapera ez dadin gehiago fundi, elkarte bat osatzea erabaki dute. Elkarte horren helburua da, lanak egiteko dirua biltzea eta ondotik lan horiek kudeatzea. Bulegoa honela osatua da: Maurice Isabal lehendakaria, Philippe Goyeneche lehendakari ordea, Philippe Larrenduche idazkaria, Maritxu Gorrosureta idazkari ordea, diruzainak: Pepe Añorga, Beñat Carrere eta Marie Thérèse Ibarlucia. Berezko kide dira ere Michel Ibarlucia auzapeza eta Joachim Jauregi apeza.
Auzo-lana
Lan horiek guziak borondatez eginen dituzte bai tokiko artisauek, bai eta ere ofiziokoak ez diren laguntzaile bolondresek, larunbatetan lan eginez. Teilatua arrimatzen hasiko dira lehentasunez, eta ondotik hasiko dituzte bertze lanak, haatik, hasi aitzin, materiala erosteko dirua bildu behar dute.
Hameka mila euro bildu behar
Obra guziak egiteko materiala erosteko 11.000 euro beharko direla aitzin-ikusi du Ainhoako kaperaren lagunak elkarteak. Diru hori biltzeko, bilketa kanpaina bat abiatua da, eta nahi duenak emaitza egin dezake, dirua Ainhoako Herriko Etxera igorriz Ainhoako kaperaren lagunak elkartearen izenean. Bertzalde, urriaren 21ean Ainhoan iraganen den uso besta egunean, Iñaki Lascubek, Ainhoako zurginak, egin duen alki bat enkantetan emanen du elkartearen probetxutan.
Kapera urte osoan erabilia
Mendekosteko astelehenez du jende gehien biltzen, izan ere egun horretan Ainhoa, Ezpeleta, Urdazubi, Zuraide eta inguruko herrietako fededunek gurutzebidea igaten dute prozesione bat osatuz kaperaraino, nun meza bat ospatzen den Arantzeko Ama Birjinaren omenez. Haatik, urtean zehar, bertze zenbait aldiz ere erabiltzen da, adibidez maiatzeko eta urriko ortzegun guziez, mezak egiten dira...
Oroitzapen historikoa
Ainhoako Arantzeko Ama Birjinaren Kapera Arantzazukoari loturik eta honen oroimenez eraikia izan zen, Atsulai mendiaren mazelean. Jan Battitt Beherekoetxe (1745- 1825) ermita egon zen, eta bi aldiz berreraiki zuen kapera 1793an eta 1813an (sos bilketak antolatuz), bi gerlen ondorioz suntsitua izan baitzen. Ermita horrek leitzen irakasten zioten tokiko artzain gazteei.
Herritar talde batek elkarte bat sortu du, Arantzeko Ama Birjinaren kapera berritzeko.
Ainhoako Atsulai mendi mazalean den Arantzeko Ama Birjinaren kaperaren berritze lanak hastekotan dira udazken huntan. Ohiturari jarraikiz, Pentekosteko astelehenetan urtero kaperako gurutze bidea hartzen dute, beila eginez. Urriko eta maiatzeko ortzegun goiz guziz mezak egiten dira ere. Gaur egun, kapera egoera txarrean da, teilatuan itaxurak badira, paretak estali eta tindatu beharrak dira. Lan hauen antolatzeko Ainhoar lagun talde batek lanen gidaritza hartu du Ainhoako kaperaren lagunak elkartea sortuz.