Euskal diaspora | 2018ko Urriaren 11a
Euskal egoitza berria, euskal dantza titulua eta Kaliforniako azken piknikak
Joseba Etxarri
VALENTZIA, ESPAINIA.
Valentzia aldean badira bi euskal etxe, Laurak Bat eta Euskaltzaleok, eta horietarik zaharrenak --Laurak Bat, 1950ean sortua-- egoitza berria estreinatu du, hiri erdigunean. "Valentziaren bihotzean gaude", aitortu diote HERRIAri, "eta kontent, aitzineko lekua txikia geratu baitzitzaigun". Arrakasta seinale da, berri ona. Euskal Etxeak hainbat ekitaldi eta saio antolatzen ditu urtean zehar, konparazio euskara klaseak, musika eta dantza, hitzaldiak, mus txapelketak, filmak, literatura saioak, Korrika... Egoitza berriak "Valentzian bizi garen euskal komunitateari agerikotasun handia ematen lagunduko du", erran digute. Eta komitatu ere: "Eskuak zabalik ditugu guri bisita egin nahi diguten euskaldun eta euskaldunen lagun guzieri". Mila esker eta Zorionak!
DANTZA TITULUA.
Ez da zuzenean Diasporako gaia, baina Diasporako eta hemengo Euskal Herriko anitz jenderen interesekoa denez, aipatu nahi dugu, lehen aldikoz euskal dantza tradizionalari lotua den titulua sortu duela, "Euskal dantza, tradiziotik sorkuntzara" izenpean, Euskal Herriko Unibertsitateak. Euskal Herri osoko lehen mailako irakasleak ditu eta edukiek euskal dantzen ibilbide teorikoa jasotzen dute, jatorrizko bertsiotik, tradizionaletik, egungo abangoardiako adierazpenetara. Diplomak 30 unibertsitate- kreditu behar ditu eta eskolak euskaraz dira, urritik ekainera Leioako kanpusean, Hezkuntza Fakultatean, Bizkaiko Foru Aldundia laguntzaile. Prezioa, 900 euro hiru modulutan; modulu bakotxak (300 euro) 100 ordu ditu eta bereizian egiten ahal da. Leku kopurua, hogei pertsona. Nahi duenak, badaki.
ROCKLIN eta LOS BANOS.
Kaliforniako bi herri hauetan dira ondoko bi asteburuetan euskal hitzorduak Estatu Batuetan. Helduden ebiakoitzean, Rocklineko 'Iparreko Ibarra' euskal etxeak bere 14. Euskaldun Besta eginen du, mus txapelketa, gizon eta emazteen txinga-proba, meza klikarekin, dantzariak, ardiki bazkari-afaria eta musika Jean Flesher-en Amerikanuak taldearekin, Lincoln herrian. Eta Los Banos-en, hitzordua urriaren 20an da, eta aurten NABO Kantari Eguna ere han berean eginen dute, NABOren neguko bilkuraren batera, lehen aldikoz. Kaliforniako euskaldunek edo data horietan Kalifornian direnek badakite bi hitzordu eder izanen direla, bietan musean, kantuz, jan-edan bikainekin eta lagun are ederragoekin.
BOISE ETA RENO.
Gaurkoz, gogoratu besterik ez Boiseko Boise State Unibertsitateak eta Renoko Nevada- Renoko Unibertsitateak zabalik dituztela Euskal Gaietako bi irakasle leku. Biak baldintza aipagarrietan dira, eta aukera ona izaten ahal dira Euskal Herriko hainbat ikertzaile eta irakasleentzat heien kurrikuluma hobetu eta estatubatuar eskarmentua emendatzeko, ikerketarako oso egokiak baitira. Egoera hortan bazira, ez utzi pasatzen aukera, honelakoak ez baitira beti hor.