Mundu zabalean | 2018ko Urriaren 11a
Quebec: nortasun irekia ala hetsia?
M.L.
50 urte betetzen dira asteazken honetan sortu zela Parti Québécois alderdi abertzalea. Ordea, urri honen leheneko deputatu hauteskundeetan, %17a doi doia gainditurik 9 deputaturekin aurkitzen da PQ alderdia, sortu eta lehen bozketan baino emaitza apalagoarekin. Mende erdi horri begirada bat emaitera saiatzen gara.
Quebec 2018
Kanada federazioaren barnean den estatu bat da Quebec, zortzi milioi pasa biztanle dituena eta hizkuntza ofizial bat bakarra duena, frantsesa 1974 urteaz geroztik. Gauza kuriosa ipar Euskal Herrian egin diren urte beretan burutu dituzte Quebecen hizkuntz inkestak, eta 2016ko zenbakiak biziki interesgarriak dira. Erakusten dute Quebectarren %64,5ak frantsesa mintzo duela. Frantsesa ere da biztanleen %79,06aren ama hizkuntza, familian ikasia duena. Ingelesera etxean ikasi dutenak % 8 pasatxo dira, hauetan gutxiz gehienek frantsesa konprenitzen dute, eta erdia gai dira pentsatzen dutena frantsesez erraiteko. Hala ere ingeleserak ongi ihardokitzen du, Montréal hiri nagusiko "islak" dituen bi milioi biztanleen erdiak bakarrik du frantsesa ezagutzen eta erabiltzen. Alabaina Quebec lurraldeak oinarrizko dikotomia bat bizitzen du. Alde batetik hegoaldean, Montréaletik hasirik Saint Laurent ibaiaren bi hegietan kokatzen dira hamar biztanletik zortzi. Aldiz iparraldean 45 paraleloaren haraindian aurkitzen da Quebec-eko eremuaren %43. Eremu horretan 45 000 biztanle baizik ez da, gutxiz gehienak Amerindioak, autoktonoak deitzen dituzte soziologoek.*
Autoktonoak
Ezagutua den azken zenbakia da, 264 000 amerindio edo autoktono bizi dira Quebec-en. Biztanleen %3,6a, dozena bat etnia desberdinetan banatzen dira, ardurenean Quebec iparraldeko eremu hotzenetan, beren aiten aitek egiten zuten bezalatsu. Autoktonoek xuriekin izan dituzten konfliktu bizkorrak historiara pasatuak dira. Amerindioek estatutu berexa badute Kanada osoan indarrean dena, eta horrez gain Quebec-en eskubide bereziak eskuratuak dituzte, etnia edo leinuka negoziatzen dituztenak 1970 urteez geroztik. Hots ezagutuak dira baina izen-deiturak frantsestuak izan zaizkie, molde bera indarrean ezarri balu frantses gobernuak Ipar Euskal Herrian Etcheverry guziak "maison neuve" deituko gintuzten. Nahiz jendalde bakoitza bere moldean bizi den, autoktonoek xuriei erakutsia diete eskorbutaren sendatzen, hotzari ongi ihardokitzeko balio duten jantziak egiten eta bizitegi aterbeak eraikitzen. Amerindioek dute astigarra (érable) ezagutarazi xuriei, guziz astigarraren ziropa, Kana dako erredolan aurkitzen dena marraztua. Autoktonoek ikasi diete xuriei elur gainean kurritzen eta gauzak errazki garraiatzen, kanoe-kaiak teknikalari bikainak dira.
Bizibidea
Quebectarren bizibidea orohar ona da, gehienetan goi mailakoa. Bizi maila Frantsesen parekoa dute, 30 000 dollar urtean familia batentzat. Lurretik eta guziz uretik anitz aberastasun ateratzen dute, hala nola elektrika ihaurri ateratzen duten hurbileko ibai eta erreketarik. Erran daiteke Quebec izanen dela munduko lehenbiziko eremuetarik ibilgailu elektrikoak jendeak erabiltzen ikusiko duena. Ekologistek gobernuari galdatzen diote zeren beha dagoen ezantzaren faktura apaltzeko, teknologia mailan autoak, kamioiak eta autobusak ere elektrikarekin ibiltzen baitira. Hemen gaindi baino biziki handiagoa da lan munduak bizitzen duen dikotomia Quebec-en. Langabezia %7rat heltzen delarik parean hutsik dauden enpleguen kopurua biziki handia da. Iazko zenbakia da: 109 000 lanpostu langilea falta dutenak. Enpresaburuak eta gobernua bera arras arranguratsu dira egoera horretaz. Hona non nagusiek berek otoizkatzen duten gobernua jendea kanpotik sartzera utz dezan, Quebec-en osagarri ekonomikoaren onetan! Iaz 52 000 kanpotar sartu dira Quebec-en, horietarik %43 Asiatik jinak, eta %27,5 Afrikatik etorriak, nagusiki frantsesa hizkuntza ofiziala duten estatu afrikarretatik.
Immigrakuntza aipagai bilakatzen
Badu buelta bat etorkinak Quebec-en sartzen direla, Europan Alemanian baino kopuru handiagoan. Duela sei urte sortu zen CAQ alderdia (Coalition Avenir Qebec) sobera immigratu sartzen dela pentsatzen duten Quebectarren artean. Ikuspuntu bereko alderdia iaz hasia da sudurra erakusten Alemanian, baina urriaren leheneko bozetan CAQ taldea izan da Quebec-en bozkatuena. bozen %37,42a bildurik deputatuen ganbaran gehiengo osoa du 125etarik 74 deputaturekin. Hots, karta guziak eskutan ditu 2022 arte bakarrik gobernatzeko. Errana baitu Quebec-erat sartzea %20 an apalduko duela, hitzemanaren betetzeko tantoak eskutan ditu. Eskuina horrela indartzearekin batera ezkerra ere oihanetik atera da QS alderdia (Quebec Solidaire) pasatu da bozen %7,6tik %16,1erat, hamar deputaturekin. Eskuin aldean PLQ alderdiak (Parti Liberal Quebecois) senditu du CAQ-en gorakada, jautsi baita 68 deputatuetarik 32tarat. Ukaldi gogorra, berak baitzuen gehiengoa 2004az geroztik. Ukaldi berdin gogorra ere PQ (Parti Quebecois) alderdiko abertzaleentzat. 30 deputatu zituztenak duela 4 urte, bederatzitarat jautsi dira, bozen %17,1 ekin. Ezsena politikoan sartuz geroztik ez ziren inoiz hainbeste apal izan! Badirudi abertzaleek mende erdi honetan erakusten zuten nortasun irekiari lekukoa hartu diola immigrantei beltzuri egiten dionak. Dena den, Quebec-en independentzia bi erreferendumetan galdu baldin badu ere, Quebec-en historia markaturik uzten du PQ alderdiak, dela oposiziotik sustatzaile lanean, a fortiori gobernuan egon delarik, frantsesa ofiziala eta herritarren hizkuntza bizi eta ausarta bilakatzea kausitu baitu.
Oharra: Quebec-eko gobernu buru berria François Légault deitzen da.











