Inbido | 2018ko Urriaren 11a

Latécoère etxe famatua

Muslaria

Hegazkinen mundu berezi hortan, guziz ezagutua izana da Latécoère etxea. Oraino ere hala dela erraiten ahal da funtsean, ez balinbadu ere gehiago denbora batez ukana zuen distira arraro hura. Luzaz, hegazkinak muntatzen zituen bere kondu, orai hegazkin peza edo zati berezi batzu ditu bakarrik egiten, Dasssault eta Airbus bezalako etxe handi batzuentzat bainan sail hortan beti berdin preziatua da.

Aitzineko egunetan, mendeburuz mendeburu ibiliak baigira, ildo beretik segitzen dugu nolazpait. Latécoère etxe horrek aurten ospatzen du alabainan mendeburu aipagarri bat, berak moldatu lehen hegazkinaren lehen airaldia. Hori gertatu baitzen 1918-an ala bainan, Eguberri irian. Lantegia bera aitzineko urtean muntatua izanik. Sortzailea, Pierre-Georges Latécoère. Gizon bat biziki ernea. 1883-an sortua zen Bagnères-de- Bigorre herrian. Bere aitak han zuen muntatua segeria handi bat. Pierre-Georges semea oraino gazte-gaztea zen burutan ezarri zuelarik hegazkinek ukanen zutela gero eta arrakasta gehiago, denbora hartan ainitz uzkur zaudelarik edo ez jakin zer pentsa. Aita goizik galdu zuen, eritasun tzar baten ondorioz, eta haren segida hartu zuen. Bainan laster karraskan lotu zuraz bestalde burdinki eta holakoeri, bide berri bat hartu behar zuela. 1917-an, beti hegazkinak zauzkan gogoan eta bereziki urean ere pausatzen ahal direnak,

Hego-Ameriketaraino

Latécoère etxea gaitzeko negozio zabalari plantatu zen. Hegazkinez jende eta puskak hel-arazi beharrez Afrikarat, lehenik Marokorat eta geroxago Senegaleraino. Traba ainitz kausituz egia erran bainan traba horiek guziak gaindituz. Oztopo asko papereriaren aldetik baimen batzu ezin ardietsiz. Bai eta ibilaldiak moldez segurtatzeko, denbora heietan bidaia luzeak nekez egiten baitziren hegazkinez, orai egun guziz hoinbeste eta hoinbeste hegazkin ibilki delarik harat eta hunat mundu guzian gaindi... Azkartzearekin, Latécoère etxeak hitzarmen bat izenpetu zuen Postarekin gutun eta gaineratikoak bere gain hartzeko eta hegazkinez eremaiteko. Afrikarat beraz bainan laster aise urrunago, Hego-Ameriketaraino alabainan, Txilerat ere azkenean. Egun bat aski harat ere joaiteko, lehenago Brasilerat edo Argentinarat itsas-untziz heltzeko zonbait aste behar zirelarik... Zerbitzu hori deitu zuten frantsesez Aéropostale. Laster bildu zuen fama gaitza, araberako arrakasta ere ba. Jean Mermoz eta holako hegazkin-gidari batzuk parte hartzen zutela, frangotan irrisku handiak hartuz. Gertatu zaioten ere ahal bezala toki arrotz batean pausatzerat bortxatuak izaitea. Behin, bahituak ere izan ziren, dirualde ederra pagatu izan behar baitzen libratuak izan ziten! Sail hori abiatu zen 1927-an eta oro har denek azkarki laudatzen zuten artetan errekontruak gertaturik ere. Denen buru etzuen hanbat iraun haatik. Lau urteren buruan gelditu zen, 1931-n, alde batetik lehentxago mundu guzia itsuski inarrosi zuen krisiaren gatik eta bestetik frantses gobernuak ez baitzuen biziki laguntzen. Arramoldaketa bat izan zen orduan hegazkin zerbitzu batzu batetaratuz eta hola sortu zen Air-France etxea. Latécoère delakoak aitzina segitu zuen, sortzailearen segida semeak harturik. Eta beti hor da, toki ederra atxikiz hegazkinen munduan. Mendeburukari bidaia bat muntatu ere du bere langile andana batentzat, hegazkinez bixtan da, eta Marokorat preseski, duela ehun urte asmatu zuenaren bide beretik...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3469. zbk

Bera eleketaria denak ez ditu biziki maite eleketariak diren beste jendeak.

Arabiako erran zaharra

Gure Hitza | 2018/10/11

Izitzekoa

Janbattitt Dirassar

Lau lagun ostatu batean egoki, aspaldian usaia hartua duten bezala, mundu zabaleko gertakari asko eta asko aipatuz, batek hau eta besteak hura... Ari ziren beraz Indonesiako ugarte batzu azkarki zafratu dituen lur-ikara hortaz. Telebixtan kondatua izanik zortzi ehun hil segurik bazirela eta beharbada aise gehiago ere... (2000 hilez goiti geroztik jakin denaren arabera). Ikaragarriko makurrak bestalde! “Holako baten aditzeak berak hotz-ikara bat bezala emaiten dauzu, zinez izitzekoa ere bada...” horra berehala entzun den ateraldia. Eta bai, izitzekoa ere bada, ez da dudarik, nahiz ez giren ere alde bat ikaran egoiten ahal nun zer gertatuko den... Duela bi mila urte nunbait han, Seneka idazle famatuak gutun batzu bidali zaizkion Lucilius bere adixkideari. Hauxe ziola besteak beste: ez dela aitzinetik sobera kezkatu behar noiz zer nahigabe jasan beharko den, gero ere ukanen duzula nigarrez artzeko denbora. Denak hein bat untsa doatzino hasten balinbazira dena pleinu, zuhauren kalte...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016