Hegoaldean | 2018ko Urriaren 11a

Hegoaldean

Euskaltzaindia 50. urte kari, Arantzazun.
Euskaltzaindia%2050.%20urte%20kari_%20Arantzazun.

Txikiak Handi

Hizkuntza gutxituetako hedabideen topaketa eginen dute Altsasun, urriaren 20an. Mexikotik, Galestik eta Irlandatik etorriko dira hizlariak. Txikiak Handi izena eman diote egitasmoari. Ekimen hori sustatzen duten kideek eta Nafarroako Ikastolen Elkarteak antolatu dute Nafarroa Oinez-en bezperan iraganen den jardunaldia. Unai Arellano Txikiak Handi proiektuaren arduradunak eman ditu komunikabideei buruzko topaketa bat hezkuntzarekin lotua den besta batekin batean antolatzearen arrazoiak. Arellanoren arabera, ikastolen helburuen artean da euskararen normalizatzea. Sail horretan, hezkuntzak anitz egin du eta egin dezake oraino. Baina horretaz aparte, komunikabideen lana ere garrantzitsua da hizkuntza gutxituen normalizaziorako. Jardunaldi horietan, Euskal Herriko komunikabideen eta atzerriko zenbait herrialdetako hedabideen kasuen berri emanen dute. Hasteko, Johan Haggman finlandiarrak mintzaldi bat emanen du. Azken honek hizkuntza gutxituei buruz lan egin du hamar urtez Europako Batzordean. Bereziki Europan dagoen egoeraz mintzatuko da eta Europako komunikabideen izaerak hizkuntza gutxituetan duen eragina aztertuko du. Bestalde, Euskal Hedabideak: iragana, oraina eta geroa atalean mintzatuko dira Idurre Eskisabel kazetari eta EHUko irakaslea eta Juan Kruz Lakasta Euskalerria Irratiko kazetaria. Topaketaren bigarren partean parte hartuko du maia hizkuntzan emititzen duen Yucatango Radio Yuuyum irratiko Yazmin Novelok; Elin Haf Gruffyd Jones irakaslea Galesko komunikabideei buruz mintzatuko da; azken mintzalaria Roman Mac Con Iomaire izanen da, RTE Irlandako irrati-telebista kate publikoan gaeleraz arduratzen dena. Bururatzeko, eztabaida eginen dute denen artean. Topaketara joateko izena eman daiteke txikiakhandi.eus webgunean.

Liburu berriak

Liburu uzta nasaia ekarriko digu aurtengo larrazkenak. Gisa guzietako obrak emanen dira argitara: eleberriak, narrazioak, poesia, saiakera, liburu grafikoak, haur eta gazte literatura eta itzulpenak. Hauetako anitzek historia hurbileko eta ez hain hurbileko gertakariak aipatzen dituzte, pertsonaia ezagunen edo anonimoen bidez. Harkaitz Canok Imanol Larzabal kantaria hautatu du Fakirraren ahotsa (Susa) eleberriko pertsonaia izateko. 1960ko hamarkadatik gaur egunera garamatza kontakizunak. Pako Aristik Rosa itzuli da (Erein) eleberria argitaratu du. Hogei urte preso egon ondoan etxeratu den emaztearen bizipenak kontatzen ditu fikzio honek. Ereinek argitaratuko du ere Joanes Urkixok Wilhelm Wakonigg es pioi nazia ardatz harturik 1936ko iraileko Bilbo setiatuan girotu duen Ekaitza urrun eleberria. Halaber, 36ko gerla eta gerla ondoko urteetan kokatu du Toti Martinez de Lezeak Malkoak lur antzuan, hau ere Erein argitaletxean. Bortxaketa baten ondorioz haurdun gelditu eta haurra jauntxoaren etxera eramateko ebatsi dioten emaztearen bizipenak dira nobela honen gaia. Yoseba Peñaren Hariak (Susa) eleberriko protagonistak, berriz, hiru emazte dira: 36ko gerla aitzineko giro gatazkatsuan kokatzen dira Irene pertsonaiaren bizipenak; Xexilik frankismo garaiko urteak ezagutu zituen, eta Olatzek, aldiz, 1970eko hamarkadako borroka politikoak. Hona, bertzeak bertze, ondoko aste eta hilabeteetan irakurzaleek eskuragai izanen dituzten liburuak. Anitzez gehiago izanen dira, baina ezin denak hemen aipa! Gero ere izanen dugu horien berri, dudarik gabe.

Euskara batuak 50 urte

Urriaren 3an bete dira 50 urte euskara batuaren lehen oinarri sendoak ezarri zirela, Arantzazun. Han finkatu ziren, bertzeak bertze, euskara batuaren lehen arauak, hizkuntza idatzian erabili behar den ortografia, morfologia, deklinabidea, e. a. Euskararentzat mugarri izan zen data horren 50. urteburu kari, Euskaltzaindiak XVII. Biltzarra egin du urriaren 4, 5 eta 6an, Arantzazun, Gandiaga Topaketa eta Batzarretarako Zentroan. Euskara batua sortzeko prozesuan parte hartu zutenak gogora ekarriz hasi dute ekitaldia. Markel Olano ahaldun nagusiak “bidegile guztiek” egin ekarpena goraipatu du. Bilkura horretan, 50 adituk “euskararen indarguneak eta ahuleziak identifikatu eta etorkizuneko erronkak” aztertu dituzte. Ikuspegi desberdinetarik behatu diote hizkuntzari, bai alde linguistikotik, bai eta ere bertze eremu batzuekin harremanetan emanik ere. Gainera, larunbatean, Akademiak webgune berria eta euskara batuaren eskuliburu berria aurkeztu ditu. Euskaltzaindiaren zuzendaritzak duela lau urte erabaki zuen Euskara Batuaren Eskuliburua egitea, Akademiak urte guzi hauetan eman arauak eta gomendioak bilduko zituen lan didaktiko bat egiteko xedez. Andres Alberdik zuzendu du eskuliburua, ondoko kideek osatu lantaldeak lagundurik: Irene Arrarats, Joxe Agustin Arrieta, Igone Etxebarria, Alfontso Mujika, Patxi Petrirena, Paxkual Rekalde eta Allande Sokarros. Alberdik erran du eskuliburua arau emailea izanen dela, euskara egunerokotasunean erabiltzen duten euskaldun alfabetatuentzat egina. Usaian sortzen diren dudak eta akatsak bildu dituzte, euskalgintzan ari direnen beharrak asetzeko helburuz. Bi gisetara argitaratu dute eskuliburua: paperean eta ere formatu digitalean. Paperezko edizioan, zalantzen eta argibideen zerrenda luzea du liburuak, alfabetoaren arabera sailkatua, eta eranskinekin: puntuazio markak, kalko desegokiak, deklinabide taulak... Interneten ikusgai den eskuliburua atalez atal kontsulta daiteke PDF bidez, bilatzaile bat ere badu, kontsulta zehatzak egiteko. Gainera, formatu digitalak eguneratzeak egiteko parada eskaintzen du. Webguneari ekarri dizkioten berritasunen artean, azpimarratzekoa da oraingo honi antolaketa argiagoa egin diotela. Hobekuntzak aurkituko dira ere edukietan. Adibidez, Orotariko Euskal Hiztegian erdarazko hitzak bilatu ahalko dira. Bestalde, Auspoa bildumako liburu gehiago ere sartu dituzte.

Benito Lertxundiren disko berria

Mende erdia du ere, nonbait han, Benito Lertxundi Euskal Herrian barna eta hemendik kanpo kantuz ari dela. Zehazki errateko, duela 55 urte kantatu omen zuen lehen aldikoz jende aitzinean eta duela 47 urte argitaratu zuen lehen diskoa. Egun hauetan atera du bere hamaseigarren lana, “Ospakizun gauean” izendatu duena. Azken urte hauetan sortu dituen kantuek osatzen dute disko berria. Horietako sei osoki Benitok berak eginak dira, baina bertze idazle edo poeta zenbaiten hitzak ere hartu ditu abiapuntu gisa, Fernando Pessoarenak, adibidez. Halaber, Jorge Bucay argentinarraren olerki batekin gertatu zaion bitxikeria bat aipatzea balio du. Gau batez, melodia batekin ametsetan ibili zen Orioko kantaria, eta biharamunean gogoan zebilkion oraino doinu hura. Orduan pentsatu zuen hitzak ezarri behar zizkiola, baina zer? Orduan oroitu zen zenbait hilabete lehenago Bucay-ren “Cuentos para pensar” liburua eskuratu zuela, ustekabean. Benitok ez zuen oraino idazle argentinarra ezagutzen, baina hark Benito bai, iduriz, eta horregatik igorri zion bere liburua. Ipuinen artean olerki bat bazegoen, eta Lertxundi segidan ohartu zen hura kantu bihurtzen ahal zuela. Euskarara itzuli zuen eta xoko batean atxiki, erresalbuko bezala. Ametsetan burura agertu zitzaion melodia hura eta Bucay-ren olerkia uztartuz egina da, preseski, “Ospakizun gauean” diskoko kantuetako bat. Urrundik heldu den bertze kantu bat ere bada Benitoren lan berrian, Jon Maiak Ternuan entzun abesti herrikoi batean oinarritzen dena, country girokoa.

Petronorrek ere 50 urte

Petronor enpresak ere 50 urte betetzen ditu egun hauetan. Urtemuga hori ospe handitan markatua izan da Muskizen (Bizkaia), Espainiako erregearen presentzia eta guzti. Karia horretara, Emiliano Lopez Atxurra petrolio findegiaren presidenteak adierazi du etorkizuna konpainia multienergetikoena izanen dela, eta Petronor ari dela emeki emeki errealitate berrira egokitzen. Lopez Atxurraren ustez, “2030ean, Petronorren erdia gasolina izanen da, gainerakoa berriztagarria”. Mende erdia ospatzeaz gain, urriaren 4an findegiko kontrol gela berriaren estreina ofiziala ere egin dute. Bestalde, ingeniaritza, segurtasun eta ingurumen sailak errezibituko dituen eraikin berriaren lehen harria pausatu dute. Orotara, 39 milioi euroko inbertsioa egina izan da.

Kotero Ezkurrari omenaldia

Joan den larunbatean omenaldia egin diote Hernaniko Galarreta pilotalekuan Koteto Ezkurra erremontistari, 28 urte iraun duen kirol ibilbidea gelditzea erabaki baitu. Adituen arabera, historiako erremontista hoberenetarik, edo berdin hoberena omen da Doneztebeko pilotaria. Hamaika aldiz irabazia du banakako txapela eta bost aldiz binakakoa. Galarreta mukuru bete da Kotetori omenaldi hunkigarria eskaintzeko. Dantzak, bertsuak, argazkiak, opariak, eta bistan da, azken pilota partida... ez da deus falta izan larunbatean. Azken partida galdu badu ere, biziki kontent eta hunkitua agertu da Ezkurra: “Oso hunkituta nago. Izugarria izan da jaso dudan maitasuna, eta edozein txapelek baino gehiago balio dit. Eskerrik asko”.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3469. zbk

Bera eleketaria denak ez ditu biziki maite eleketariak diren beste jendeak.

Arabiako erran zaharra

Gure Hitza | 2018/10/11

Izitzekoa

Janbattitt Dirassar

Lau lagun ostatu batean egoki, aspaldian usaia hartua duten bezala, mundu zabaleko gertakari asko eta asko aipatuz, batek hau eta besteak hura... Ari ziren beraz Indonesiako ugarte batzu azkarki zafratu dituen lur-ikara hortaz. Telebixtan kondatua izanik zortzi ehun hil segurik bazirela eta beharbada aise gehiago ere... (2000 hilez goiti geroztik jakin denaren arabera). Ikaragarriko makurrak bestalde! “Holako baten aditzeak berak hotz-ikara bat bezala emaiten dauzu, zinez izitzekoa ere bada...” horra berehala entzun den ateraldia. Eta bai, izitzekoa ere bada, ez da dudarik, nahiz ez giren ere alde bat ikaran egoiten ahal nun zer gertatuko den... Duela bi mila urte nunbait han, Seneka idazle famatuak gutun batzu bidali zaizkion Lucilius bere adixkideari. Hauxe ziola besteak beste: ez dela aitzinetik sobera kezkatu behar noiz zer nahigabe jasan beharko den, gero ere ukanen duzula nigarrez artzeko denbora. Denak hein bat untsa doatzino hasten balinbazira dena pleinu, zuhauren kalte...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016