Egun eta bihar | 2018ko Urriaren 11a

Aita Junes Casenave- Harigile Biderakusle bat joan zaikü

Allande Socarros

Aita%20Junes%20Casenave-%20Harigile%20Biderakusle%20bat%20joan%20zaikA

Aita Junes Casenave-Harigile zentüz, Züberoak, eta Eüskal Herriak oro har, eüskalgintzako langile nasaienetarik bat galdü dü(e). Santa Grazin 1924ko apirilaren 4an sortürik, Bétharramen (Biarnoa), 2018ko setemeraren 23an zentü denak animaleko obra ützi deikü ondoretarzünez, eüskararen eta eüskal kültüraren aberasgarri. Aipa detzagün: hiru hiztegi, hots Frantsesa/Eüskara (1989), Euskara/Frantsesa (1993) eta Latia/Züberotarra, azken hau paperean argialatügabea bena Euskaltzaindiako internet günean erabilgei dena; emanik izan diren 11 trajeria edo pastoral eta oranokoan emaitekoak diren beste 9; Züberotarrezko gramatika bat; erlijione geiekilako libürü bat (Egün oroetako irakurgeiak - 1986); Ordeinü Berriaren züberotarrealat ezarte bat (Batarzün Berria - 2002); hogei bat narrazione edo eleberri eta beste horrenbeste olerki; Züberoako ipuin, mito eta erran zahar bildüma bat; aroaren aipageiekilako libürüxka bat (Aroa - 2010); Züberoako trajeriaren aipamen xeheko libürü bat (Xiberoko antzertia edo pastorala - 2011); hagiografia bat (Ximun Gimon-Zetegiet - 1991); lürralde baten aipamen libürü bat (Amikuze - 1983); Stefan Wul idazlearen Niourk zientziafikzione libürüaren züberotarrealat ezarte bat (Pottiko beltza - 1990); Suzanne Aytaberro olerkariaren poema bildüma baten züberotarrealat ezarte bat Sainte-Engrâce, ma montagne / Santa Grazi ene bortüa - 1979... eta zenbatüezineko artikülü, ikerlan eta beste idatzi mota, hainbat eta hainbat agerkaritan püblikatürik izan direnak! Segürrean ere Aita Junesen beste idazlan zonbait ahatze zaizkü, bena holako obra joriarekin nolaz ez leite agit? Eüskaraz hontü lan horietarik hanitxentako sari andana bat ardietsi züan Aita Junesek, segür ez beitziren ebatsiak: Euskaltzaindiaren Torribio Alzaga saria, bi trajeriarentako (1980 & 1992); Euskal Kultur Erakundearen saria Zankamehe eleberriarentako (1986); 'Maiatz' aldizkariaren saria Ezpondari bürüz eleberriarentako (1989); Hendaiako herriaren saria Elürte eleberriarentako (1989); Sarako Euskal Idazleen Biltzarreko saria (2000); Agosti Xaho saria (2005); Mendebalde alkartearen saria (2007)... heben ere balinba bat edo beste ahatze dütügülarik. Eüskararen hazkürri diren lan horiek ere Euskaltzaindian sartzeko bidea zabaltü zeioen, Euskaltzain urgazle izentatü züelarik 1979ko abentüan eta Ohorezko euskaltzain 2000ko ürrietan.

36 urtez erakasle, 29 urtez erretore!

Eüskararen eta eüskal kültüraren hazten taigabe aritzeaz gain, Aita Junes Casenave- Harigilek erlijione-gizon bide lüzea kurritü dü. Bétharrameko ikasgian 10 urte zütüalarik sartürik eta han eskolak eginik, Aita Junes Palestinako Betleemen zen apez izentatürik izan, 1948an, hain xüxen Israeleko Estatüa sortü zen urte hartan berean. Esküalde hartan gerla gorria piztü beitzen, kartielealat erretiratü zen, erakasle lanbide bati lotzeko, latia, greziarra eta frantsesa zütüalarik ikasarazten. Lehenik, 7 urtez Bétharramen erauntsi züan eta ondotik 12 urtez Limoges hirian. Hantik landa, Donapaleüko Etchecopar eskolako züzendari egon zen 17 urtez, 1964tik 1981eala. Arren, Aita Junes Casenave-Harigilek 36 urtez erauntsi züan erakaskuntza sailean! Nor nahirentako, horrekin aski izanen zen laneko bizi baten betearen egiteko... bena ez Aita Junesentako! 1981. urtetik haste, erretore lan bati plantatü zen, lehenik Larrainen, bi urtez, eta ondotik Altzaiko eta Ibar esküin osoko apeza izatez, 1983tik 2010eala. Apezgoako erretreta 2010eko üztailan hartü züan, Donapaleüko Bétharramiten etxealat erretiratzeko. Apezagoako erretreta bai... bena ez arrestakoarena, zeren eta beitakigü, Donapaleün eta segürrean ere ondotik Bétharramen, Aita Junesek eüskaraz izkiribatzen erauntsi düala, taigabe. Agian, lan horik esküetara heltüko zaizkigü. Eüskaraz idazle, erakasle, apez... eta besterik ere orano! Ezi, Aita Junesek lantaretzaz züan jakitate animala baliatü dü lantare sendagintzan aritzeko, jente hanitxi minak igaranaraztez. Laxaldiaren sailean ere trebe zen Aita Junes, han eta hor arialdiak joanarazi zütüalarik. Bai, egiazki, galtze izigarria da, bena Aita Junesen ezagützeko eta harekila bide egiteko parada eta zorihona üken dügünek badakigü jagoiti zer egin: biderakusle honen ürratser jarraiki. Eta, ürrentzeko, erlijionearen geiarekin arraileriaz aritzea honartzen beitzüan - non ez zen bera ere hortan ari! - parkatüren deikü erraiten badeiogü orai: Ez adiorik, Aita Junes!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Egun eta bihar | 2018/10/11

Egun eta Bihar

J-B D

Omenaldi kartsua

Pariseko plaza famatuenetarik batean, omenaldi handi bat, kartsua bezen hunkigarria, eskainia izan zaio joanden ortziralean Charles Aznavour kantari paregabeari. Artixta arraroa, 94 urtetan zendua zonbait egun lehenago. Denen aitzinean, Emmanuel Macron presidenta. Han ziren ere Armeniako lendakaria eta gobernuburua, Charles Aznavour bera han sortua baitzen eta herrialde horri beti biziki atxikia egona, nahiz aspaldian errotik frantsestua ere zen. Oroitarazi da, bai ospakizun hortan bai eta bestalde ere, hedadura handiko gizona zela Aznavour, 70 urtez segurik kantari kondu mundu guzian ibilia. Lehen urte heietan ederrak pekatuak ere ba haatik, batzuk azkarki apaltzen zutela, erranez etzela sekulan lehen maileko kantari bat izanen... Urteak jin eta urteak joan, tematuaren bortxaz eta gisa hartako jitea zuelakotz, hoberenen arterat hupatua eta gero hoberen horien mailean egona beti berdin erne. Duela zonbait egun oraino, Japonian izana eta iduriz segurik zoi...

Irakurri segida

3469. zbk

Bera eleketaria denak ez ditu biziki maite eleketariak diren beste jendeak.

Arabiako erran zaharra

Gure Hitza | 2018/10/11

Izitzekoa

Janbattitt Dirassar

Lau lagun ostatu batean egoki, aspaldian usaia hartua duten bezala, mundu zabaleko gertakari asko eta asko aipatuz, batek hau eta besteak hura... Ari ziren beraz Indonesiako ugarte batzu azkarki zafratu dituen lur-ikara hortaz. Telebixtan kondatua izanik zortzi ehun hil segurik bazirela eta beharbada aise gehiago ere... (2000 hilez goiti geroztik jakin denaren arabera). Ikaragarriko makurrak bestalde! “Holako baten aditzeak berak hotz-ikara bat bezala emaiten dauzu, zinez izitzekoa ere bada...” horra berehala entzun den ateraldia. Eta bai, izitzekoa ere bada, ez da dudarik, nahiz ez giren ere alde bat ikaran egoiten ahal nun zer gertatuko den... Duela bi mila urte nunbait han, Seneka idazle famatuak gutun batzu bidali zaizkion Lucilius bere adixkideari. Hauxe ziola besteak beste: ez dela aitzinetik sobera kezkatu behar noiz zer nahigabe jasan beharko den, gero ere ukanen duzula nigarrez artzeko denbora. Denak hein bat untsa doatzino hasten balinbazira dena pleinu, zuhauren kalte...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016