Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2018ko Urriaren 11a
Bidarrai
Urriaren 14an “Jendeak” irakurketa eta antzerkia
Otxaldetarrak elkarteak eta Herriko Etxeak gomitaturik, Ildoka taldeak “Jendeak” ikuskizuna emanen du urriaren 14an, 16:30etan, Arrume salan. Bederetzi kontakizun laburrek osatzen dute “Jendeak” obra berezia, irakurketa eta teatroa uztartzen dituena. Ixtorio bakotxa, errealki gertatua edo asmatua, anedokta batetik abiatzen da, hala nola: bi anaiaren arteko tirabirak, gazte baten balentriak, bakotxaren sekretu bat edo beste, herriko hauteskundeak, bi laborari kexatu, alkoholaren ondorioak, auzo bereko jendeak nortsu ziren, eta dudarik gabe, apezek ere badute aipamen bat baino gehiago! Irakurle-jokalariak dira: Peio Berhokoirigoin, Jon Itçaina, Armand Jaunarena, Pierre Larre, Bernadette Luro eta Kattalin Sallaberry. Laguntzailea: Daniel Landart. Iraupena: 60 mn. Sartzea kitorik. 65 urtez goitikoek igande eguerdi hortan bazkaria baitute Iparla jatetxean, Herriko Etxeak gomitaturik, pentsatzekoa da horietarik andana batek nahiko duela antzerki hori ikusi. Dena den, deneri ongi etorri.
Erle beltzaren eguna
Nahiz aro euritsua izan (eta lurrak bazuen euriaren beharra), igandean jendalde pollitak egin dio bisita Erle Beltzaren egun eder horri. Ibili da jende trinket barnean antolatua zen merkatuan (erlearen inguruko produktuak eta tokiko beste ekoizpen andana). Bi mintzaldiek ere bildu dute jende, Arrume gela betetzeraino. Goizean, agro-oihangintzan aditua den Alain Canet da mintzatu erleentzat egoki den ingurumenaz: interes handia piztu duen mintzaldi aberatsa. Aratsaldean, Maubourguet herriko (Pirinio Garaiak, Hautes-Pyrénées) Catherine Ballot-Flurin erlezaina erleak osagarriarentzat duen ongiaz zaiku mintzatu: hori ere interes handiko hitzaldia, mintzalariak ziola badugula ainitz ikasteko erletik eta haren bizimoldetik, eta erleak baduela ainitz ekartzeko osasun hobea ukan dezagun. Film interesgarri bat ikusi dugu ere Afrikako Benin herrialdean muntatu den lehen erlategi guneaz. Eguerditan, ikastolak proposatu daukun bazkaria (salda beroa, taloak eta bixkotxak) dugu gozatu. Urte guziz elkarte desberdin batek du egun hortako bazkaria prestatzen; aurten, herriko gazteen, eskola publikoaren eta Otxaldetarrak elkartearen ondotik, ikastolaren aldi zen. Musikari gazteak ere gutartean ginituen bazterren airosle.