Kostaldean | 2018ko Urriaren 11a

Kostaldean

Paul Bourrières

Biziki ezagutua zen Ziburun eta biziki maitatua ere, Paul Bourrières pausatu da adin ederra bildurik, 104 urte beteak joanden ekainaren 10-ean. Parisen sortua zen, bere aita hango ikastegi batean erakasle izanez. Familiak erro azkarrak ba Lot eskualdean. Haurra zelarik, osagarriak etzuen hanbat laguntzen eta nahiz hartze ona zuen gibelatua izan zen bere ikasketak nahi ukan zituelarik aitzina segitu. Urte bat eta erdi egonik artategi batean, pix kortu zen eta ikasketeri berriz lotu. Nork erranen zuen haatik orduan ahul aireño bat bazaukan mutiko gazte horrek zernahi itzuli eginen zuela, ingeniadore bezala, kasik mundu guzian, zernahi obra akulatuz, eta nork erranen zuen ere 104 urtetarat helduko zela? Lan eta lan arizan zen beraz Afrikan gaindi, Hego- Ameriketan, Iran herrialdean, Kaledonia-Berrian eta Indoxinan. 23 urtetan esposaturik Tarbeko neska gazte batekin, sei haurren aita izanen da. Behin, etorri zen Euskal-Herrirat eta hemengo bazterra arrunt bere gustukoa kausitu zuen. Horra nola kokatu zen Ziburun. Bai eta arrunt horkotu. Jakintza elkartean barne jarri, ondareaz, kulturaz eta historiaz axola handia bazuela aski ederki erakutsiz. Gehiago dena, Euskal- Herrian bizi denak nihundik ahalaz euskara ere jakin behar duela, abiatu zen AEK-ko kurtsoetan. Euskara ikasi beraz. Aste guziz atseginekin irakurtzen ere zuen "Herria" astekaria. Azken urte hauetan, adinaren pisua ere hor, Getariako xahar-etxerat erretiratua zen, burua beti berdin xuxen.

Zubia zerratu dute

Bizi antolatzaile eta Alternatiba egunen karietarat, manifestaldiño bat iragan da joanden larunbat goizean, Donibane Lohizune eta Ziburu elgarri lotzen dituen zubian. Hor badira preseski arazo batzu arras berrikitan aipatuak ditugunak hemen berean. Espaloia hein bat zabala bada ere, nola txirrindulariak ere hortik dabiltzan, oinezkoak ez dabiltza beti gustuan. Egia erran, untsalaz txirrindulariak hor gaindi segitzeko behar du bizikletatik jautsi eta bere ibiltresna hori pusatuz joan aitzina. Gertatzen dena da guti direla hori hola egiten dutenak. Frango, bizikletaren puntan segituz ere, arras polliki dabiltza haatik, emeki eta untsa kasu eginez. Bainan badira beste batzu oinezkoen nardagarri, arrunt futituak! Manifestaldiaren helburua hori zen preseski, dei baten zabaltzea denak arrazoinki ibil diten, denek elgar errespetatuz. Hogoita-zonbait lagun bildu dira beraz eta zubia zerratu dute beren arrangurak denen bixtan agertuz. Batzuk gisa hortako deia zabaldu dute idazki zabal batean "Partageons le pont". Beste batzu, txirrindulari zonbait besteak beste, bidearen erdian etzan dira. Denbora guti denen buru, ez baitziren nehoren nardagarri izan nahi. Horiek hola, berriz aipu da zubi handi horren bazterrean pasabide berri baten egitea oinezkoentzat, ikusi behar nola eta ikusi behar ere zonbat gosta litakeen...

Gaitzeko kulturgunea!

Donibane Lohizunen, badu hiru urte segurik ainitz aipu dela kulturgune berri eta handi baten eraikitzea luzaz Harriet-Baita ikastegia egon zen tokian, ikastola ere leku berean aterbatua izana asko urtez. Proiektua pikoan dela jakin da duela zonbait egun. Nork nolakoa asmatuko zuen, bazuten lehiaketa bat muntatua. Ez idurika, 80 eskaintza bildu dira eta hortakoak direnek, Herriko Etxean, lanak ukan dituzte egokiena iduritzen zaiotenaren berexten. Dominique Coulon arkitektoak xehetasun asko eman du. Kulturgune berrian izanen da gela zabal bat ikusgarri frangorentat guziz asurtia. Mila lagun aise kokatzen ahal. Antzerkiari, dantzari eta musikari emanak diren elkartek ukanen dituzte beren gelak. Ez da dena eraikin bakar bat izanen, bospasei izanen dira elgarri polliki lotuak, ez sobera gora, nehori ez bixtarik sobera kentzeko. Kulturgune hori gostako da zortzi miliun euro baino gehixago bainan herria harremanetan da diru laguntza askoren ardiesteko, hiru miliunen heina oraiko ustez. Obrak helduden urtean has litazke, udazkenean hain segur, eta balitake bi urterena.

Pausuko Posta zerratu

Pausun, ez da gehiago Postarik. Joanden astean oraino idekia zen. Aste huntan, zerratua da eta alde bat zerratua. Gero eta jende gutiago ibilki zelakotz, hala erran dute segurik. Jende frangok halako eskas bat sendi dute halere bainan usaia berriak hartu behar, ezinbestean. Postako zerbitzu frango segurtatuak dira haatik kasik han berean, Pausu saltegian, Postarekin gisa hartako hitzarmena izenpetua izanik. Gutunak konparazione hortik igortzen ahal dira eta tinbreak hor erosten. Beste urrats frango ere egiten ahal Postan bezala. Ez segurtatuak haatik Postako bankuarekilako harremanak.

Obra handiak Hendaian

Hendaian, berriz obran hasi dira hondartzaren hegiko etorbide luze eta eder hortan. Udan geldituak ziren, sasoinaren gatik. Jadanik akulatu obren ildo beretik, badute nun zer egin. Errekontruz kanpo, erran nahi baita nun ez den usu aro hitsa izaiten, Pazko iriko bururatuak izanen dira orai hasi obra horiek guziak. Arrunt beste itxura bat emanik itsas-bazter horri. Obra horien denboran, neurri berezi batzu izanen dira autoentzat, artetan kanbiatuko ere direnak, obrak zertan diren ikusiz hain xuxen. Oro har, aparkaleku gutixago autoentzat, errextasun gehiago oinezko eta txirrindularientzat. Aparkalekuekin bada ere beste arazo bat. Etorbidearen hegizhegi aparkalekuak hondartzatik hurbilenean izanen dira, orai arte bezala. Jende frangok bestaldean nahiago luzketelarik. Bi ikusmolde desberdin, baten eta bestearen alde ba arrazoinak... Bainan badira beste batzu oinezkoen nardagarri, arrunt futituak! Manifestaldiaren helburua hori zen preseski, dei baten zabaltzea denak arrazoinki ibil diten, denek elgar errespetatuz. Hogoita-zonbait lagun bildu dira beraz eta zubia zerratu dute beren arrangurak denen bixtan agertuz. Batzuk gisa hortako deia zabaldu dute idazki zabal batean "Partageons le pont". Beste batzu, txirrindulari zonbait besteak beste, bidearen erdian etzan dira. Denbora guti denen buru, ez baitziren nehoren nardagarri izan nahi. Horiek hola, berriz aipu da zubi handi horren bazterrean pasabide berri baten egitea oinezkoentzat, ikusi behar nola eta ikusi behar ere zonbat gosta litakeen...

Fitoussi aita-semeak

Donibane Lohizunen, denbora batez, bainan aspaldiko ixtorioa da, denek ezagutzen zuten eta denek maite ere zuten, Maurice Fitoussi, nahiz herritar guti ditazkeen izen hori gogoan dutenak. Kasik nehork ez baitzuen hola deitzen. Denek erraiten zioten "Jojo la Praline", Jojo berak hautatua zuen izen-orde gisa, eta "la praline" goxoki hortarik salduz, hondartzan ala nun nahi ibiliz hortarako, bizia hola irabazten baitzuen. Frantzia behere hortarik jina, Nizako aldetik, arrunt hemengotua zen segur. 1989-an hil zen eta Albert izeneko semeak hartu zuen segida. Denek Jojo deitzen zutela hori ere... Seme hori zendu da duela zonbait egun. 70 urte zituen. Pausatu zelako berria hedatzearekin, ainitz oroitzapen harrotu dira donibandar eta ziburutarren artean...

GERLA DENBORAN EUSKAL-HERRIAN GORDE ZITUZTEN JUDU TTIPIAK

40-ko gerla denboran, haur batzu, berenaz juduak, aterbetuak izan ziren Ipar-Euskal-Herrian, ixilka bixtan da, alemanen manuz juduek zernahi pairatzen baitzuten, nun nahi izan ziten. Haur asko gorderik egon ziren gure herrietan bainan nun eta orotarat zonbat ote? Urteak joan dira eta bi galde horientzat ez da ihardespen xuxenik. Gai hortaz arduratzen den historialari bat, Anne Oukhemanon, plantatua da argitasun gehiago bildu nahiz, Gérard Eder berriketariak laguntzen duela. Baliatu dituzte jadanik egin ikerketa batzu. Batto Xuberoan egina Ikerzaleak elkarteak, eskualde hortan nun atxiki zituzten kasu hortan ziren haurrak. Badakigu beraz besteak beste andana bat egon zela Mauleko San Frantses ikastegian. Beste judu ttipi batzu egon ziren Arbonan, herri hortako artategian, hortaz Jakintza elkarteak plazaratu zuen berri parrasta bat duela lau urte. Itxura guzien arabera haatik, beste judu frango haziak izan ziren eskuin eta ezker hala nola laborari etxe batzutan berdin. Dei bat luzatua da beraz zerbait badakitenak harremanetan sar diten ikerle horiekin. Egia erran, ez da lan erretxa zeren-eta lekuko izan zirenetan ainitz badira zenduak eta besteak arrunt xahartuak dira. Bainan heien familietan baditazke hain segur ikerleak laguntzen ahal dituztenak. Berrikitan batto agertu den bezala Hazparneko aldean. Holako batzuen lekukotasunak baliosak izan ditazke gure historiaren argitzeko. Zerbait dakienak mezuño bat helarazten ahal du zuzenbide huntarat: anne.oukhemanou@gmail.com

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3469. zbk

Bera eleketaria denak ez ditu biziki maite eleketariak diren beste jendeak.

Arabiako erran zaharra

Gure Hitza | 2018/10/11

Izitzekoa

Janbattitt Dirassar

Lau lagun ostatu batean egoki, aspaldian usaia hartua duten bezala, mundu zabaleko gertakari asko eta asko aipatuz, batek hau eta besteak hura... Ari ziren beraz Indonesiako ugarte batzu azkarki zafratu dituen lur-ikara hortaz. Telebixtan kondatua izanik zortzi ehun hil segurik bazirela eta beharbada aise gehiago ere... (2000 hilez goiti geroztik jakin denaren arabera). Ikaragarriko makurrak bestalde! “Holako baten aditzeak berak hotz-ikara bat bezala emaiten dauzu, zinez izitzekoa ere bada...” horra berehala entzun den ateraldia. Eta bai, izitzekoa ere bada, ez da dudarik, nahiz ez giren ere alde bat ikaran egoiten ahal nun zer gertatuko den... Duela bi mila urte nunbait han, Seneka idazle famatuak gutun batzu bidali zaizkion Lucilius bere adixkideari. Hauxe ziola besteak beste: ez dela aitzinetik sobera kezkatu behar noiz zer nahigabe jasan beharko den, gero ere ukanen duzula nigarrez artzeko denbora. Denak hein bat untsa doatzino hasten balinbazira dena pleinu, zuhauren kalte...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016