Han eta Hemen | 2019ko Otsailaren 21a
Irakurleak mintzo: Oreina filmaz gogoeta batzuk...
Xurio
Berrikitan parada ukan dut Oreina filma begistatzeko Kanbon. Egia erran, Atalanteko papera irakurtu eta, ez nuen sobera gogorik film horren ikusteko. Koldo Almandoz-ek, filmaren egileak, idatzi du: " Oreina ibaia filma da. Egiten ginuen bitartean eraldatzen joan den pelikula" eta bukatzen du, "Itxaropena dut ikusleak Atalanten Oreina ikusiko duenean pantaila aurrean azaltzen dena ez zaiola ezezaguna egingo... Oreinan bizitzan bezala, guzia ez kontatzea, guzia ez jakiteko beharra bezain garrantsitzua da". Erranaldi horiek ez didate sobera gogorik eman, bainan filma euskaraz zelako jakingurak ene baitan gaina hartu du. Laburbilduz filmaren mamia: Joxe eta Martin anaien ezinulertze eta elkar ezin aditzeengatik haien arteko harremanak jasangaitz bilakatu dira. Haien artean amildegi bat bezala bada. Ondoan, ikusten da Khalil, Saharauiko semea, haurra zelarik familiarekin Euskal Herrirat etorria bizitzerat. Ahal duena egiten du bizitzeko baina begi-bistakoa da gizartean ez dela integratua. Debekatua den arraintzan Joxe laguntzen du. Ez du ama ahanzten eta posible zaiolarik laguntzen du. Onartua duen bizi dorpe batean isilik bizi da, bainan harro. Lantegiek ibaia eta oihana inguratzen dute eta haien arrabotsa itogarri iduritu zait. Hiritartasuna beti bortitza agertu zait. Beraz, ez diot zinezko interesik atzeman. Egileak zer nahi zuen adierazi film horretan? Jende baztertuen bizitza? Bakartasunean gertatu direnen bizia? Haien miseria sexuala? Jendartetik kanpo bizi direnen ezin aldatuzko eguneroko bizimolde hitsa? Euskal Herriaz duen ikuspegia? Pertsonaien patoak iduri luke aspalditik iragarriak izan direla. Filmean, solasaldi motz eta bortitzak, ingurumena etsai, sendimenduak eta harremanak gogorrak... Eta zergatik filmari eman dio "Oreina" izena? Orein baten burua trofeo bat bezala gela batean ikusten da. Filma bukatzen denean, txinatar batzuk Joxeri oreina trofeoa erosten diote. Filma esperantzarik gabekoa! Berekin dakar depresioa. Edo zerbait huts egin ote dut? Bestalde, harritu nauena da film horrek Donostiako Zinemaldian lehen saria irabazi duela. Erran nahi ote du beste filmek maila apalagoa zutela?



















