Mundu zabalean | 2019ko Otsailaren 21a
Mundu Zabalean
M.L.
Robotak zahar-etxetan
Badu zenbait urte (1984) hexagonoko auto lantegiek diru anitz hunki zutela botere publikoengandik, ekoizpen-lerro osoak berritzeko, eta horrela nazioarteko lehiari hobeki ihardukitzeko. Ordu arte ehun langilek ari behar zuten ekoizpen lerro zaharren ordainek lan bera egiten zuten hamar langilerekin. Hots, auto enpresa pribatuek diru publikoa ahurtaraka hunki zuten lanpostuak hesteko. Estatua bi aldiz galtzaile atera zen: langabeziako zenbakiak azkarki goiti joan zitzaizkion, eta lanpostu hetsien zerga sarrerak galdu zituen. Gauza berdintsua gertatuko ote da orain, EHPAD zahar-etxetan? "Maisons de Famille" deitua den entitate pribatu batek 15 robota erosi berriak ditu, 15 000 eurotan bakoitza, xahar dependentei dantza eta gimnastika eztiko ariketak eginarazteko. "Zora" deitu robota horiek fabrikatzen dituen enpresa waloniarrak jada aitortua du bigarren gizaldiko robotek pazienteak lagunduko dituztela ohetik jaikitzen eta menaiua egiten jakinen dutela. Lerroen artean garbiki ageri da, zahar-etxeak dirua irabazteko irekitzen dituzten sozietate pribatuek, hala nola Frantzian, Italian eta Espainian 10 000 paziente zahar-etxetan kudeatzen dituen "Maisons de famille" multzo pribatuak bere 5700 langileen parte bat kenduko duela, haiek egiten duten lana robotei eginarazteko. Nola ihardoki lehenago ekoizpen sailetan giza-enpleguak ehunka hetsi dituzten roboten kontra, eta gaur egun zerbitzuen sektorean brauki sartzen ari diren roboten kontra? Aspaldi du ekonomista batek hauxe erran zuela: "botere publikoek ezar diezazkiela robotei, hauek lanik gabe uzten dituzten langileen karga jarraikiak, ohartuko zara robotaren lehia laster eztituko dela!". Laster Europako bozak hor baititugu, gehi daiteke karga jarraiki horiek Europak eskuratu behar lituzkeela, bestenez lehia berri bat sortuko baita robota-zergak ezartzen dituzten eta ez dituzten estatuen artean.
Alemanian energia aldaera adostua
Alemaniako buruzagiek eskaturik, aditu batzorde batek energia aldaeraren orientabidea aurkeztu zion gobernuari joan den urtarrilaren 31n. Azpimarratzekoa da Alemaniako Greenpeace elkarteak batzorde horretan parte hartu duela eta finkatu dituen orientabideak onartu dituela deplauki. Txostenak zehazten du Alemanian iaz kontsumitu den energia honela banatu dela: nuklearra %13,3; karbonoarena %38; eta energia berriztagarrietatik datorrena %40,4. Lantaldeak ontzat eman du hiru urte barne geldituko direla oraindik zabalik diren azken zazpi nukleartegiak. Haatik batzordeak zehazkiago ikertu ditu karbono energiaren menpetik ateratzeko gauzatu beharko diren urratsak. Hiru urteko epe zorrotza finkatu du karbono elektrikaren kontsumoa %25ean apaltzeko. Bigarren etapa ere zehaztu du 2022tik 2030 artean karbono elektrika beste %25ez apalduko dela. Eta bi etapa horiek onean iraganez geroz, Batzordeak pentsatu du, 2038an, behar bada 2035ean jada, karbono elektrikarik ez dela Alemanian beharko. Angela Merkelek aitortu du txosten horren gauzatzeak lan bat erraldoia eskatuko duela. Hetsiko diren zazpi nukleardegiek zaintza denboraldi luzea eskatzen dutenez, zaintza horretan ariko dira bertako langileak. Baina oraindik zabalik diren 148 karbonotegietako 20 000 langileen parterik handiena lanik gabe gertatuko da. Hala ere Angela Merkelek txostena ontzat eman du, engaiatu da maiatzean barna aurkezterat txosten hori gauzatuko duten lege xedeak.
Hexagonoko luxua espantuka, sektore pribatu orokorra aldiz eztian
Luxuaren sektorean ari diren enpresa frantsesek urte ezin hobea ezagutu dute iaz. Sekulan izan dituzten afera-zifra eta eskugain mailak kausitu dituzte. Kering jantzi multzoak %29an emendatu du urteko afera-zifra, eta 2,8 miliarreko irabazi gordina atera du. LVMH multzoak edarien sailean du irabazi txikiena atera, %10ez petik, aldiz modaren sektorean irabazia %18an emendatu du. Hermès multzoak salmentak %10ean emendatu ditu, eta pentsu du eskugainak %34 gainditu behar lukeela. L'Oréal da emaitza apalenak atera dituena: hala ere afera-zifra %7an emendatu du eta 3,9 miliar euro irabazi garbi jin zaio eskuetara. Hots zifra espantutsu baino espantutsuagoak. Ekonomia sailaren kasko kaskoan diren enpresa horien irabazi erraldoiek beheragoko sektoreak doi bat urtatzen ote dituzte? Ala goienekoen akziodunek hexagonoko ekonomia bizia arrunt ahanzten dute? Ez da erraza galde horri ihardestea. Hexagonoko sektore pribatuak baditu 19 milioi eta 404 mila langile. Urtea barne 97 000 lanpostu gehiago. Beraz bide onean doala sektorea dirudi. Oro har badu hiru urte sektore pribatuan hesten diren baino aise gehiago lanpostu irekitzen direla. 2015ean 100 000; 2016an 200 000; 2017an 328 000 lanpostu. 2018an 106 000 lanpostu sortu dira. Beraz mugimendua eztitu da. Alta botere publikoek sortu bi laguntza bete betean baliatu dituzte enpresa pribatu horiek. Bata CICE izenarekin enpresa guziek eskuratzen dutena gobernutik, ez dutelarik horren erabilpenaz deus kontu emaiterik. Bestea lanaren lege berria iazko urte osoan enpresek baliagai izan dutena. Gauza kuriosa enpresa pribatuen adituek ez dituzte efikazak kausitzen bi laguntza horiek.
Alsaziako kolektibitatea bidean
Joan den otsailaren 4an burutu da Alsaziako kolektibitate publikoaren sortzeko lehen urratsa. 67 (Bas-Rhin) eta 68 (Haut-Rhin) departamenduetako kontseiluek bozkatu dute, hitz beretan, Alsazia deituko den kolektibitate baten galdera. 67an 40 kontseilarik alde bozkatu zuten eta seik kontra. 68an aldiz bozketa ahobatezkoa izan da. Hemendik aitzina, entitateak nortasun juridiko osoa eskuratzeko, Estatu Kontseiluak beharko du dekretu bat hartu, eta frantses legebiltzarrak lege bat bozkatu. Bi urrats hauen buruan 67 eta 68 departamenduek karta instituzionaletik desagertu behar lukete Alsazia kolektibitatearen faboretan.











