Kostaldean | 2019ko Otsailaren 21a
Kostaldean
Sorginak eta Zanpantzar:
Ihaute-bestak xarmanki joan dira Donibane Lohizunen eta Ziburun. Biziki besta airosa Sorgin-Gauaren karietarat. Biharamunean, zernahi jende ihauteriako ibilaldi nagusian, eguraldia ere zinez arraroa, iguzki eder bat eta aratsaldean 21 gradu, ez baita hori usu gertatzen otsail erditsutan! Denen aitzinean, bi joaldun andana, biak Hegoaldekoak, Iparraldekoek bezperan airostua zutelarik Sorgin-Gaua. Zanpantzar ere han bixtan da. Juje baten itxura emana zioten aurten. Nungo jujea ote? Ihauteri elkarteko arduradun bat garbiki mintzatu zauku: "nun nahikoa izaiten ahal da, juje guziak berdinak dira, denak berdin ustelak". Horren aditzeak berak hotz-ikara bat emaiten du... Dena den, auzia egin delarik, Donibanen, Herriko Etxe aitzinean, azpimarratu dute justiziarik ez dela gaurko egunean, batzuk gaitzeko lan tzarrak ba eginak eta gero arinki zigortuak izaiten, beste batzu azkarki zigortuak ohointza ttipi batentzat berdin... Erabakia laster hartua izan da, Zanpantzar surat bota behar zela! Eta hala egin da segidan. Lehentxago, fagoreño bat egina zioten halere. Ibilaldia pasaraziz hondartzaren bazterretik, hola Zanpantzar gaizoak itsasoa berriz ikusi du hil aitzin! Burutik buru, besta goxoa izan da eta aratsean segitu da biziki giro alegera batean
Sail bat guziz baliosa
Donibane Lohizunen, beste herri frangotan bezala, aspaldian eta ainitz gisetarat, Gurutze-Gorri elkarteak biziki sail baliosa derama. Familia asko lagunduz, Donibanen berean segur bainan ere inguruko herrietan. Jatekoa banatuz, astearte, ortzegun eta ortziraletan, behartsuak direneri. Jaz, 345 familia izan dira gisa hortan lagunduak. Eta behar-orduak ez doatzi ttipituz bainan ba emendatuz. Elkarteak badu langile bat pagatua dena bainan azpimarratu behar da 126 lagun badirela eskukaldi bat emaiten diotenak, frangok eskukaldi bat baino aise gehiago ere. Arropa ainitz ere badira familia frangori emanak Gurutze-Gorri beste elkarte batzuekin eskuz-esku ari da lanean, Stéphane Alvarez buru eta Jean Brocheriou jateko banaketa guziaren kudeatzaile
Hego-Ameriketan gaindi
Mickael Berrotaran 21 urteko urruñar gaztea Hego-Ameriketan dabila eta han gaindi gaitzeko itzulia egitekoa du. Han berean, Lima hirian, erosi bizikleta baten puntan. Bazterrak ezagutzeagatik, jende arrotz frango ere ba, denbora berean gaitzeko elkartasun beroa agertuz Zurekin elkartearen alderat. Zurekin elkarte hori Donibane Lohizuneko aldean arduratzen da errekontruz elbarrituak izan diren bi gazte ahal bezenbat laguntzeagatik. Txirrindularia joan den astean abiatua da Lima hiritik mendiz-mendi Ushuaia herrirat heltzeko. Berak ere ez jakin denbora emanen duen bide horren egiteko, hain segur bospasei hilabete.
Arduradun berri bat
Hendaian, sail ederra akulatzen du Variétés zinegelak, zinemaren alorretan segur bainan ere artetan beste ikusgarri asko eskainiz. Hogoi bat urtez Gérard Suzarte izan da etxe hori kudeatu duena baina erretretarat joan da eta emazteño bat da segida hartu duena, Sonia Castagnet, ezagutzen dutenen arabera dena hortakoa dena eta zinez deliberatua ildo beretik segitu nahiz.
Xakur eta gatuak gogoan
Hendaian, aste huntan guzian, erakusketa berezi bat bada Haize-Hegoa margolari elkartearen bilgunean. Margo asko salgai ere dira eta hori laguntzeagatik APA elkartea Donibane Lohizunen kokatzen dena. Elkarte horrek arta hartzen du xakur eta gatu askotaz, galduak direlarik edo norbaitek nun nahi utziak. Edo jabeak horrat ekarriak zonbait denborarentat, Mickael Berrotaran bera etxetik falta izanez, edo eri delakotz edo norapait joana.
Hendaiako geltokian
Hendaian, obra handiak egitekoak dira geltokiaren atarian eta inguru hartan guzian. Proiektua aurkeztua izanik, ikerketa bat akulatzen ari dute, legeak manatzen duen bezala, martxoaren 15-a arte iraunen duena, jendeak bere ikusmoldeak ager ditzan. Aspaldiko eraikin bat, ez dena gehiago baliatzen, dena barreatuko dute eta arramoldaketa gaitza eginen da auzoalde horri beste itxura bat emanen diona. Jendearen harat-hunatak errexteko xedetan. Bada hor gaindi gaitzeko jende pasaia. Egia erran, noiz nahi aipatzen da Hendaiako geltokia bainan ez da geltoki bat bakarrik, biga badira elgarren ondoan. Batto SNCF delakoarena, zointan urtean 300.000 jende ibiltzen baitira banabeste batean. Eta bestea Eusko Tren etxearena, dena berritua izanen dena beroan bero, zointan Donostiarat joaiteko hartzen baita topo delakoa, urtean 770.000 lagunek baliatzen dutena.
Baionako katedralaz
Donibane Lohizunen, herriko batzokiak hilabete guziz muntatzen baitu hitzaldi bat, otsailekoa helduden astean izanen da, ortzegunarekin, 28-an beraz, aratseko 7-etan, eta aldi huntan Ravel entzutegian. Gaia, Baionako katedrala, parte handiena 13. mendean eraikia. Hizlaria, Lionel Landart apeza, orai Donibanen dena bainan bera Baionako katedralean erretor egona.











