Egun eta bihar | 2019ko Otsailaren 21a

Egun eta Bihar

J-B D

Alain Juppé
Alain%20Juppe

Alain Juppé legezain handi Parisen

Anitzen gustuko ustegabeko berria izan da, askitto harrigarria orobat, joan den egunean bat-batean hedatu dena burrustan. Hola jakin da beraz Alain Juppé gobernuburu ohia izendatua zela; 73 urtetan, legezain handien kontseilu berezian barne izaiterat eta hori Richard Ferrand legebiltzaburuari esker. Legezain nagusi horien lana da aztertzea xeheki gobernuak hartzen dituen erabakiak bai eta deputatu eta zenaturrek bozkatzen dituzten legeak, erraiteko gisan denak legenagusiaren araberakoak diren ala baduten xuxentzearen beharra. Legezain horiek bederatzi dira orotarat. Bederatzi urterentzat hautatuak izaiten dira. Hiru urtetarik, aldian hiru, hiru urte guziz beraz hiru izen berri agertuz. Batto Errepublikako presidentak hautatzen du, beste bat legebiltzarburuak eta beste bat zenaturren biltzarburuak. Nehork ez omen zuen uste Alain Juppé izanen zela aurtengo legezain berrietarik batto. Eta bizkitartean hala da... Anitz entzuten dena izendatze horren ondotik, segur gai dela holako sail bati plantatzeko. Hedadura zabaleko gizona, itzuli handikoa, ez sobera alderdikaria, anitz ari zaizkio dena konplimendu, batzuk oroitarazirik ere denbora batez auziperatua izan zela. Dena den, martxoan jarriko da bere kargu berrian. Bere denbora betea duen Lionel Jospin gobernuburu ohiaren tokia hartuz.

Eta Bordelen?

Arte huntan, arras epe laburrean beraz, behar du utzi aspaldian berea zuen kargua, Bordeleko auzapezgoa. 23 urte Bordeleko auzapez ginuela eta ainitzek aho beteka laudatzen dute sail hortan akulatu dituen obra baliosak. Orai ikusi behar lehenik nork hartuko duen segida. Gehienik aipu den izena, Nicolas Florian axudantarena. Hori da herriko kontseiluan diruzaina. Bainan urrunago behatuz batzu eta besteak nola apailatuko ote dira heldu den urteko hauteskundeeri buruz? Iduriz haustura bat izaiten ahal oraiko gehiengoan... Eta hori hola gertatuz, zer ondorio denen buru? Orainokoan, nehork ezin eran gauzak nola itzulikatuko diren. Anartean, Juppé baten eskasa ezagunko da Herriko Etxean. Hoin aspaldian han baitzen eta funtsean joanden egunean berak ere begiak nigarrez beteak zituen aipatzean zoin atxikia izan den - eta beti zoin atxikia dagoen - Bordele bere bihotzeko herri maiteari...

Besteak

Denak mintzo Alain Juppé hola izendatua izanik, aise eta aise gutiago aipatzen dira beste bi legezain berriak, Jacques Mézart minixtro ohia, 71 urte, Macron presidentak izendatu duena, eta François Pillet zenaturra, 68 urte, zenaturren biltzarburuak hautatu duena. Denen buru, badira izendatze horiekin ez direnak hain ados. Batzuen arabera, batto bederen hautatzen ahalko zutela hein bat gazteagoa. Eta oroz gainetik, hiruen artean emazte bat sartu balute aise hobeki izanen zela... Gizon eta emazteen arteko parekotasuna noiz nahi aipatzen-eta!

Ezin onetsia

Horiz Jauntzien manifestaldiek ez dute gelditzerik eta nehork ez jakin noiz arte. Segitu dira beraz larunbatean, usaian bezala. Bainan ere igandean, hilabetearen 17a zelako estakuruan, egunez egun hiru hilabete lehen manifestaldiak egin zirela. Beti bezala, bortizkeria batzu han-hemenka eta denek, edo kasik denek, ezin onetsia kausitu duten gertakari bat larunbatean Parisen. Hiruzpalau lagun itsuski mendekatu zaizkio bere etxetik jalitzen ari zelarik Alain Finkielkraut idazle ezagutuari. Juduen kontrako zernahi itsuskeria oihukatuz, bera judua delakotz. Solas herratsuak, salatu behar direnak bixtan da. Alain Finkielkraut idazleak zernahi lan badu plazaraturik, bere liburuetan bai eta irratian mintzatuz, batzu eztabadabide izanak dira bainan hori ez ahal da arrazoin bat berari hola mendekatzeko. Igandean aldiz, eta hau ere Parisen gertatu da, Horiz Jauntzi batzu beren artean arizan dira kalapitan, multxo bat azkarki mendekatuz denbora batez beren aitzinekoetarik zuten emazte bati, baizik-eta orai aise epelegia dela. Emazteño hori, Ingrid Levavasseur, bortxatua izan da manifestalditik baztertzerat, polizak lagunduz.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3487. zbk

Gobernuaz guti mintzo bada jendea, gobernu hori frango ona izan behar da

(Jean Jacques Rousseau)

Gure Hitza | 2019/02/21

Eguzki izpia

Peio Jorajuria

Mundu nahasi eta zurrunbilatsu huntan, gauzak gehienetan alde ilunetik ikusten ditugu, iluna are ilunago bilakaraziz. Hedabideak ere frangotan hortara lerratzen gira. Bai, baldin badugu ere ezkor izateko arrazoinik nasaiki, egia da inguruan senditzen dugun giro hitsak soberasko harenganatzen gaituela askotan, brastakoan harrapatzen, berri txarrenetara lerraraziz, onak ere alta badirelarik, eta guk uste baino gehiago, ardurago ikus genitzakeenak begiak behar diren bezala idekitzen bagenitu bederen. Berri on horietarik daukat berrikitan frantses telebistak zabaldu duen oren erditsu bateko erreportaia. Perla bat, eguzki izpi gozagarria. Donibane Lohizuneko Lucien Castagnède enbaldituaren historia zaiku kondatua izan "Le périple de Lucien" dokumentalean. Gaztetan, auto istripu baten ondotik paraplegiko gelditu zen, bi zangoen balioa galdurik. 20 urtetan jarleku errotadunean ibiltzera behartua! Geroztik 50 urte iragan dira, eta Donibandarra ez da segurki alferrik egon. Istriputik...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016