Hegoaldean | 2019ko Otsailaren 21a

Hegoaldean

Hegoaldean

Gizarte Elkarrizketarako Mahaia

Eusko Jaurlaritzak, Confebask patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek Gizarte Elkarrizketarako Mahaia osatu dute. Lanerako egitasmo bat zehaztu eta bortz lantalde plantan ematea adostu dute eragileek. Lantaldeak hilabete baten buruan osatuko dituzte. Gizon eta emazteen arteko berdintasuna lan munduan, laneko osagarria, enplegua, industria eta lanbide heziketa landuko dituzte bortz lantaldeek. Osatu berri den erakundea gizarte- kohesioa sustatzera entseatuko da, enplegua eta lanpostuen kalitatea hobetzeko, egonkortasun, laneko osagarri eta kalifikazio profesionala bezalako eremuetan. Bestalde, eskaintza eta eskarien arteko oreka atzematea izanen da hiruko mahaiaren bertze helburu bat, bai eta ere enpresen lehiakortasuna eta iraunkortasuna bermatzea. Haatik, langileen ordezkaritzaren %60 duten ELA eta LAB sindikatu abertzaleek ez dute Gizarte Elkarrizketarako Mahaian parte hartu nahi izan, Mahai hau "iruzur hutsa" dela pentsatzen baitute, "Confebasken planak garatzen jarraitzeko" eta Iñigo Urkulluren Exekutiboko "politika neoliberalak justifikatzeko" helburuarekin antolatua. Mahaian parte hartuko duten bi sindikatuek, berriz, erran dute sindikatu abertzaleek beren burua baztertzen dutela. Ez parte hartzeko erabakia kritikatu ere Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia sailburuak.

Errefuxiatuak

Euskadiko Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordeak jakinarazi duenaren arabera, 1 595 pertsonak galdegin zuten geriza EAEn, 2018an. Galde gehienak Bizkaian izan ziren: 973; Araban, 385 eta Gipuzkoan, 237 aterpe galde egin zituzten errefuxiatuek. Hala ere, ez zuten galde guziek erantzun baikorra ukan, geriza eskatu zuten 1 595 lagunetarik 974ri eman baitzien laguntza eta aholkua Euskadiko Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordeak. Babes eskatzaile nagusiak Venezuelakoak izan ziren (%34). Sailkapenean, ondotik heldu dira Kolonbiakoak (%8) eta Honduraskoak (%4,7). Patricia Barcena Euskadiko Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordeko zuzendariak adierazi du iheslariei laguntza ematen dieten Europako herri erreferenteetarik urrun dagoela oraino EAE.

Bi berri on CAF enpresarentzat

Beasaingo CAF enpresak Jerusalemen tranbia linea berri bat eraikitzeko lizitazio prozesuan parte hartzeari uko egin zion duela zenbait aste, Palestinari elkartasuna erakutsiz. Israelgo Gobernuaren proiektuak polemika handia piztu du, tranbiaren linea berriak lurralde palestinarra zeharkatuko baitu. Horregatik, langileen batzordeak zuzendaritzari galdegin zion lehiaketa horretan ez parte hartzea, eta hala gertatu da. Joan den otsailaren 14an Palestina Askatzeko Erakundeak oharra zabaldu du CAFeko langileen jarrera eskertzeko. Honela dio oharrak: "Zuen ekimena eredugarria da; Europako bertze langile askok ere zuek erakutsitako duintasuna, irmotasuna eta etika izango dutela espero dugu." "Badakigu horrelako erabaki bat hartzea zaila dela, areago lanari eragiten dionean; horregatik, palestinarrok beti eskertuko dugu egin duzuena. Giza eskubideak, nazioarteko eskubide humanitarioa eta herrien eta langileen arteko elkartasuna bertze guziaren gainetik dagoela erakutsi duzue." Hau jakin den aste berean, bertze berri on bat ere etorri zaio Beasaingo enpresari: 500 milioiko kontratua erdietsi du, Australian. Zehazki, Hegoaldeko Gales Berrirako 29 tren, bi simulagailu eta Dubbo hirirako (Sidney ipar-ekialdean) mantenurako biltegi bat eraiki eta hornitu beharko du. Eskualde horretan zazpi milioi pertsona baino gehiago bizi dira eta hango agintarien xedea da orain arteko tren zaharrak kendu eta segurtasun eta erosotasun gehiago eskaintzen duten batzuk ezartzea. Horregatik, tren berriak martxan nahi dituzte 2022rako.

Ikerkuntza

Hemen aipatuko dugun gaiak Euskal Herritik urrun garamatza, baina protagonista gipuzkoarra izanez, balio du jakinaraztea. Amaia Arranz Otaegi tolosar arkeologoak duela 14 000 urte egin ogi baten hondarrak aurkitu ditu Jordaniako aztarnategi batean, ikazturik. Aurkikuntza horren arabera, Jordania ipar-ekialdean bizi ziren ihiztari-biltzaile taldeek gizateriaren lehen ogiak egin zituzten, laborantza asmatu baino 4 000 urte lehenago. Aurkikuntza horri esker, Amaia Arranzek Europar Batasunak ikerketa eta berrikuntza sustatzeko eskaintzen duen Marie Sklodowska- Curie diru-laguntza eskuratu berri du, eta bere ikerketa lanak segitzen ahalko ditu horrela.

Hauteskundeak aitzinatuak

Heldu den udaberrian bozka bulegoetako bidea behin baino gehiagotan hartzera deituak izanen dira Hego Euskal Herritarrak. Jadanik finkatua zen bezala, udal eta foru bozak izanen dira maiatzaren 26an Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Egun berean ospatuko dira Europako parlamenturako hauteskundeak ere. Baina joan den ostiralean bertze hitzordu bat finkatu die Espainiako Lehen Ministro den Pedro Sanchezek espainiar estatuko eta Hego Euskal Herriko biztanleei. Joan den astean Diputatuen Kongresuak PSOEren gobernuaren aurrekontuak baztertu ditu, eta ondorioz, Sanchez presidentea Gorteetako hauteskundeak aitzinatzera behartua izan da. Hauek apirilaren 28an eginen dira. Berri hori jakin bezain laster, Uxue Barkos, Nafarroako Gobernuko Presidenteak bere kezka agertu du, Nafarroako autogobernua "arriskuan" ikusten baitu. Horregatik, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrari dei egin die boz horietara "ordezkaritza bateratua" eraman dezaten. Haatik, Ezkerrak eta Ahal Duguk berehala ezezko erantzuna eman diote. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren ustez, berriz, Gorteetako hauteskundeak aitzinatzeak aterabideak gibelatzea ekar dezake. Adituen ustez, ez da kezkatzeko arrazoirik falta. Alabaina, bozak aitzinatzeak Espainiak oraino EAEri eman gabe dauzkan 37 eskumenak Euskal Herriari itzultzea gibelatuko luke. Ekonomia aldetik ere ez da ondorio onik sumatzen hauteskundeek izan ditzaketen emaitzen arabera. Bereziki, Madrilgo gobernuak ez ditu eginen aurrekontuetan agertzen ziren 577 milioi euroko inbertsioak. Bestalde, euskal presoen auzian egin diren urratsak ere segidarik gabe gelditzeko arriskua dago.

Erdi Aldea Trenaren Alde

Erdi Aldea Trenaren Alde plataformak manifestaldia egin du joan den larunbatean Tafallan, tren soziala aldarrikatzeko. Mobilizazio horren bidez, Abiadura Handiko Trenak Nafarroako eremu hori bazter utziko duela ohartarazi nahi izan dute, bertzeak bertze. Hainbat udalek eta kolektibo ezagunek sustengatu dute ekimena. Manifestaldian parte hartu dutenek tren sozialaren aldeko eta AHTaren kontrako leloak zabaldu eta irudikatu dituzte. Alabaina, plataformaren helburua da Nafarroan tren publiko eta soziala ukaitea eta AHTa bazterrera uztea, trenbide korridore berria eraikiz. Manifestaldia antolatu dutenen arabera, herritarrek tren garraioan dituzten beharrei erantzun "erraz eta merkea" eman behar zaie, eta horretarako aski da orain arteko egiturak hobetzea eta ontsa zaintzea. AHTaren kontrako protestak ez dira, haatik, honetan geldituko. Gisa bereko ekitaldiak izanen dira martxoaren 30ean Altsasun eta maiatzaren 18an, Gasteizen.

Donostiarrak zezenketen kontra

Donostia Antitaurina Orain eta Eguzki elkarteek deiturik, elkarretaratzea egin da joan den larunbatean Donostiako udaletxe aitzinean, Eneko Goia auzapezari galdegiteko lehen eman zuen hitza bete eta zezenketei buruzko galdeketa antola dezan. Elkarretaratzearen deitzaileek oroitarazi dute Eneko Goiak gidatzen duen Udal Gobernuak berriz ezarri zituela lehenago baztertuak izan ziren zezenketak eta Donostia Antitaurina Orain plataformak 10 000 sinadura aurkeztu zizkiola udalari zezenketei buruzko galdeketa egin zedila galdegiteko. Auzapezak galdeketa eginen zuela hitzeman zuen, eta eguna finkatu ere: 2017ko otsailaren 19a. Baina azkenean, Goiak ez zuen hitza bete, PPren aldetik presioak jasan omen baitzituen, bertzeak bertze. Anartean, Udalak berak diruz lagundu inkesta batean donostiarren %70 zezenketen kontra agertu ziren. Horregatik, Eneko Goiari ohartarazi diote hiritarren iritzia kontutan hartu eta zezenketak diren basakeria debekatu behar lukeela.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3487. zbk

Gobernuaz guti mintzo bada jendea, gobernu hori frango ona izan behar da

(Jean Jacques Rousseau)

Gure Hitza | 2019/02/21

Eguzki izpia

Peio Jorajuria

Mundu nahasi eta zurrunbilatsu huntan, gauzak gehienetan alde ilunetik ikusten ditugu, iluna are ilunago bilakaraziz. Hedabideak ere frangotan hortara lerratzen gira. Bai, baldin badugu ere ezkor izateko arrazoinik nasaiki, egia da inguruan senditzen dugun giro hitsak soberasko harenganatzen gaituela askotan, brastakoan harrapatzen, berri txarrenetara lerraraziz, onak ere alta badirelarik, eta guk uste baino gehiago, ardurago ikus genitzakeenak begiak behar diren bezala idekitzen bagenitu bederen. Berri on horietarik daukat berrikitan frantses telebistak zabaldu duen oren erditsu bateko erreportaia. Perla bat, eguzki izpi gozagarria. Donibane Lohizuneko Lucien Castagnède enbaldituaren historia zaiku kondatua izan "Le périple de Lucien" dokumentalean. Gaztetan, auto istripu baten ondotik paraplegiko gelditu zen, bi zangoen balioa galdurik. 20 urtetan jarleku errotadunean ibiltzera behartua! Geroztik 50 urte iragan dira, eta Donibandarra ez da segurki alferrik egon. Istriputik...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016