Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2019ko Otsailaren 21a

Amikuze

Ainhoa Intxaurrandieta
Ainhoa%20Intxaurrandieta

Otsail ostegunak:

otsailaren 21ean, Ainhoa INTXAURRANDIETA mintzatuko da Gipuzkoako erraustegiari buruz izan diren kalapitetaz. Maialen Moreno Zubeldia eta Xamarren ondotik, Ainhoa Intxaurrandietaren aldi izanen da aste huntan Zabalikek antolatzen dituen otsail ostegunakari. Zineman dira ikusten gisa hortako istorioak: intriga eta azpijokoak, jukutria ilunenen gordetzeko ordenagailuak isilka hustea, gaiak epaitegira desbideratzea politiko debate sanoaren itxurak eginez... Ainhoa Intxaurrandietak eta Iñaki Errazkinek beren larruan bizi dute gisa hortako serie txarreko gertakarien arrosarioa. 2013an, Bilduk Gipuzkoako Diputazioko eta Herriko Etxe gehienen giderrak eskuratzen ditu. Aitzineko legegintzaldian EAJk erraustegi proiektu bat bultzatu zuen, gosta ahala gosta. Zeinu guziek erakusten zuten gain-dimentsionatua zela, eta nolazbait abiatua zen birziklatze mugimendu azkarraren kontrako norabidean zoala, urte luzeetako zorpetzeak bestelako alternatibak behargabetu lezazkeelarik gainera. Tema gaiztoaren gordetzera ere ez dira entseatzen, ezen botere aldaketaren bezperan, baldintza ezin sinetsietan izenpetzen baitituzte delako erraustegiaren obratzeko kontratu guziak. Bilduk engaiamendu horiek asumitu behar ditu lehen egunetik, eta halere, heltzen da negoziatzera proiektuaren gelditzea. Lau urte berantago, EAJk eta PSEk boterea berreskuratzen dute. Bigarren erraustegi xede bat bultzatzen dute, baina ez zaie aski, Bildukoeri pagarazi nahi diete afruntua, eta kario. Auzitegira deitzen dituzte Ainhoa Intxaurrandieta, GHK, Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioko buru ohia (Iparraldeko Bil ta Garbiren pareko herriarteko sindikatua), eta Iñaki Errazkin Diputazioko Ingurumen deputatu ohia. 100 miliun euro! Bizi batean ordain ez daiteken dirutza eskatzen diete, lehen erraustegi proiektua geldiaraztearen kalte-ordain gisa. Azpi-jokoen dantza horren aurkeztera jinen zauku Ainhoa Intxaurrandieta, nola pasatu den eta zertan den gaur. Baina galdezkatzen du ere, nola bozken bidez boterea legitimoki lortu izanagatik, indar ekonomiko batzuk sekulako boterea dutela, eta ez zaiela axola ez interes publikoa, ez bestela pentsatzen duten jendeen errespetua, edozein metodo baliatuz beren abantailerako. Demokrazia hitza ahobeteka erabiliz bistan dena.

Amikuzeko Irratiaren lehen urte betetzea

Joan den ibiakoitzean, Irulegiko eta Amikuzeko Irratiek emankizun berezi bat antolatu dute zuzenean Donapaleun, merkatu estaliaren aitzinean goizeko 11:00tarik 12:30ak arte. Hor Amikuzeko Irratiaren lehen urtea ospatu dute eta memento berean, urteko sos biltze kanpaina abiatu. Irrati hortan parte hartzen duten laguntzaile zonbaiten lekukotasunak entzun ditugu. Ramuntxo Christy eta Pettan Prebendek bertsu zonbaiten bidez lekuko berri zonbait beren maneran eman dituzte eta Bitxiloreak taldeak, bere kantuekin emankizun hori ederki alaitu. Bizi luze bat ospatzen dugu Amikuzeko Irratiari.

Libertimendu eguna heldu den igandean Donapaleun

Aitzineko urtetan bezala Libertimendua markatua izanen da aurten ere Amikuzen otsailaren 24an igandearekin. BURGAINTZIko txaranga eta dantzariek lan frango egin dute negu huntan, eta entzuna dugunez, jauzi berri bat sortu dute... Zirtzil banda bat muntatu da aurten ere. Nolazbait belaunaldi aldaketa bat gertatzen ari da eta buru berriak ikusiko ditugu. Orain, bazkarirako izena emaiteko azken mementoa jina da. Ez bazinu oraino emana, segidan egin dezakezu telefono honetara: 06.81.51.96.83. Iduriz, aroa ere alde izanen dugu. Besta eder baten egiteko mentura beraz!

Proiektu deialdi bat Amikuze- Iholdi eskualdean

CLES "Club Local Epargne Solidaire" elkarteak, aurreski kutxa bat sortu du proiektu batzuk sortzen edo garatzen laguntzeko. Dirua baztertu duten kideek ikertuko dituzte proposatuak diren proiektuak eta lagunduak izanen direnak hautatuko. Lekuko garapenean kokatuak diren proiektuek dute lehentasuna ukanen. Diru laguntza mailegu moduan eginen da interesik gabe. Interesatua denak, deitzen ahal du martxoaren 31 aitzin edo 06 73 52 48 81 (mdolau@ orange.fr) edo 06 84 13 29 05 (jeanine.legarto@neuf.fr).

"Sardetik sardexkara" mintzaldia joan den ostegunean Donapaleun

Joan den ostegunean, otsailaren 14an, 100 bat lagun bildu dira Donapaleuko zinema gelan "Jeunes Agriculteurs" elkarteak antolatu bilkura batean. Gaia zen "sardetik sardexkara, zer janen dute gure haurrek?". Hor mintzatzekoak ziren Christophe Dequidt eta Jeremy Decercle, Frantziako laborari gazteen sindikatuko lehendakaria.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3487. zbk

Gobernuaz guti mintzo bada jendea, gobernu hori frango ona izan behar da

(Jean Jacques Rousseau)

Gure Hitza | 2019/02/21

Eguzki izpia

Peio Jorajuria

Mundu nahasi eta zurrunbilatsu huntan, gauzak gehienetan alde ilunetik ikusten ditugu, iluna are ilunago bilakaraziz. Hedabideak ere frangotan hortara lerratzen gira. Bai, baldin badugu ere ezkor izateko arrazoinik nasaiki, egia da inguruan senditzen dugun giro hitsak soberasko harenganatzen gaituela askotan, brastakoan harrapatzen, berri txarrenetara lerraraziz, onak ere alta badirelarik, eta guk uste baino gehiago, ardurago ikus genitzakeenak begiak behar diren bezala idekitzen bagenitu bederen. Berri on horietarik daukat berrikitan frantses telebistak zabaldu duen oren erditsu bateko erreportaia. Perla bat, eguzki izpi gozagarria. Donibane Lohizuneko Lucien Castagnède enbaldituaren historia zaiku kondatua izan "Le périple de Lucien" dokumentalean. Gaztetan, auto istripu baten ondotik paraplegiko gelditu zen, bi zangoen balioa galdurik. 20 urtetan jarleku errotadunean ibiltzera behartua! Geroztik 50 urte iragan dira, eta Donibandarra ez da segurki alferrik egon. Istriputik...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016