Herriz Herri - Senpere (L) | 2019ko Otsailaren 21a

Senpere

Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus Larreko salan.
Maialen%20Lujanbio%20eta%20Amets%20Arzallus%20Larreko%20salan.

Zirko Pailazo Larrekon larunbatean

40 minutuko ikuskizunak bi emanaldi izanen ditu, otsailaren 23an (14:00 eta 18:30). "l'Envol de la fourmi" edo "xinaurriaren airatzea", oilo eta pailazo baten arteko soka-dantza fantasia aurkeztua da oraikoan. Amets bera partikatzen dute pailazo malestruka batek eta oilo ausarta batzuk: airean ibiltzea. Oldarra hartu, makilen laguntzarekin hari baten gainean harat-honaka ibili, denak aitzaki dira hegaldaka hasteko. Horra laburki zer ikusgarri eskainia izanen den, publiko guzieri zabaldua, 3 urtetik goiti urririk, Senpereko kultur sailak antolaturik. Haurrekin joaiteko galdu behar ez den parada, zinez gozoa, ihauterietatik jauzi bat eginez.

Catherine Marchand-en liburua

Azken egun hauetan Inharrian iragan den mintzaldi-pintxo batean, aipagai izan da elikagai onen eragina bizi sano batendako. Gai horren inguruan agertu den protagonista dudarik gabe, izan da Catherine Marchand bere liburuarekin "Sublimes Produits". Andere hau aski ezaguna da gutartean, idazle gisa baita kazetari lanetan "La Semaine du Pays Basque" delakoan. Iparraldea zeharkatu du, ibilbide asko eginik bai ostatu asko frogatuz baita laborari ekoizle eta arrantzariak bisitatuz. Herri huntako gastronomia eta sukaldaritza goresten ditu, lekuko ekoizpenek leku handia hartzen dutelakoan. Mokofin edo koziner amaturrek lehenbailehen eskura dezatela, Zum edizioek argitaratu 192 orrialdeko obra hau, 20 eurotan.

Iragan bertsu saioa

Larreko salan, ikusleeri ez zaiote dolutu, arratsalde euritsu batekin, indar berezia eginik, parte hartzea bertsu saio bikain huntan. Bi oren eskas, publikoa loriatu da zortzi bertsulari arrakastatsu horien emanaldiarekin. Gaiak nahasiak izanik, bertsuak araberan irringarriak edo seriosak ahozkatu dituzte, ongi merezitutako txaloek ordainduz. Seaskaren 50. urte kari, Herri Urratseko arduradunek antolatua zuten eta publikoaren erantzuna biziki ona izan da. Lehiaketa ez izanik, bertsulariek lasaiki beren hoberena eskaini daukute eta ororen gainetik irabazduna, umore ona izan da. Ekitaldi hunen ondotik, nahi gintuzke gehiagotan entzun bertsularien ahotsak, Larreko salan.

Ihauteriak otsailaren 23an larunbatean

Ihauteriak direlakoan, neguaren azken uztarren eta udaberriaren hurbiltzearen seinale izaiten dira, aldiz sasoi huntan egunaldiak okerrerat badaki egiten ohargabean. Senperen, anitz herritan bezala ohidurari ez dugu uko eginen eta larunbat arratsalde guzian, animazioak ugari izanen dira, horra egitarau mamitsua: eguerditik goiti, Pintxo-poteo karrikako ostatuetan, Xupz txarangak alaiturik. Animazioetan (15:00), Zirikolatz, Senperen Kantuz, puzgarriak eta krakada Zirikolatzekin. Mutxikoak Saltoka taldearekin (16:00). Desfilea (17:00), joaldunak, ziganteak, gaiteroak, tanborrada, trikilariak eta bururatzeko Zanpantzarren auzia. Mozorro ederrenaren lehiaketa (18:00). Gaualdia Elutxa txarangarekin (19:00), Zaldubi ikastolak eskainiko ditu tarta eta kixak. DJ Amélie & Alaia (23:00 eta 02:00). Arratsaldean, karrika nagusia debekatua izanen da autoeri, programa hunekin aitzakiak ezinezkoak ditaizke etxe xokoan egoiteko.

Pilotan gaztetxoak txapeldun

Gauzak uste baino hobeki iragan dira, joan den larunbatean Azkaingo trinketean, eskuhuskako Frantziako finalean gure gaztetxoendako. Lopez Baptiste eta Lazcano Mathieu bikoteak ez du lan errexa izan garaipena lortzeko Mauleko Negueloua Xabi eta Berrogain Andderen kontra 40/35. Abantaila pollitarekin abiaturik ziren gureak bainan pausoz-pauso xuberotarrek gaina hartu dute 34/35, beharrik senpertarrek jakin dute memento gogorrean beren nagusitasuna erakusten. Biba zuek eta segi bide hortarik.

Errugbian

Joan den larunbatean, Biarnoko ateraldiak ez dakote erreusitu gure bi taldeeri Bizanos hirian. Lehen taldeak amore eman du 29/46 eta bigarrenak aldiz 8/36. Hala ere ez da sobera kaltegarri sailkapenari buruz gure taldeendako, heldu den igandean, pausu izanik bateriak karga dezaztela, Rion des Landes errezebitu aitzin.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3487. zbk

Gobernuaz guti mintzo bada jendea, gobernu hori frango ona izan behar da

(Jean Jacques Rousseau)

Gure Hitza | 2019/02/21

Eguzki izpia

Peio Jorajuria

Mundu nahasi eta zurrunbilatsu huntan, gauzak gehienetan alde ilunetik ikusten ditugu, iluna are ilunago bilakaraziz. Hedabideak ere frangotan hortara lerratzen gira. Bai, baldin badugu ere ezkor izateko arrazoinik nasaiki, egia da inguruan senditzen dugun giro hitsak soberasko harenganatzen gaituela askotan, brastakoan harrapatzen, berri txarrenetara lerraraziz, onak ere alta badirelarik, eta guk uste baino gehiago, ardurago ikus genitzakeenak begiak behar diren bezala idekitzen bagenitu bederen. Berri on horietarik daukat berrikitan frantses telebistak zabaldu duen oren erditsu bateko erreportaia. Perla bat, eguzki izpi gozagarria. Donibane Lohizuneko Lucien Castagnède enbaldituaren historia zaiku kondatua izan "Le périple de Lucien" dokumentalean. Gaztetan, auto istripu baten ondotik paraplegiko gelditu zen, bi zangoen balioa galdurik. 20 urtetan jarleku errotadunean ibiltzera behartua! Geroztik 50 urte iragan dira, eta Donibandarra ez da segurki alferrik egon. Istriputik...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016