Euskal diaspora | 2019ko Otsailaren 21a
San Frantziskoko Gure Euskal Etxeko 37. urteurren besta
Joseba Etxarri
SAN FRANTZISKO, AEB.
Ondar asteburu huntan egina dute Kaliforniako South San Frantziskoko Gure Euskal Etxean, urte guziz otsailean, ingelesez Basque Cultural Center deitua den euskal etxe hunen urteurrena ospatzeko antolatzen duten elgarretaratze eta besta. Sasoi huntan Estatu Batuetan jende biltzaile handiena den euskal bilkura da eta bi urtetarik behin NABOko neguko bilkurarekin bat egin ohi da, ez aurten, aurten bilkura hori aitzineko asteburuan egin baitzuten Salt Lake Cityn, HERRIAk iragan asteko kronikan erran bezala. Berez jendea frango biltzen duen elgarretaratze hunek hala egin du aurten ere, partaide guziak denbora goxoa pasatzen lagun eta adiskide artean, euskal musika, giro, janari eta moldeak inguraturik. Urte guziz ekartzen dira Europatik pilotari eta musikariak. Aurten, pilotariak Euskadiko Pilota Federazioko Igor Azpiri, Markel Lizeaga, Mikel Madariaga eta Iraitz Zubizarreta izan dira, Kepa Arrotajauregi entrenatzaile; eta Uztaritzeko Kapito elkartetik bilduak, joko garbiren erakusle arizan dira Pantxo Lissar, Sebastien Etcheberry, Jean Pribat, Eric Migueltorena, Eneko Sarratia eta Laurent Peyroutas. Musikarietan, Egan taldea bertaratu da Gipuzkoatik, Xabier Saldias kantari ezagutua buru, jendea loriatu delarik bere boz izigarriarekin. Ekitaldiak ebiakoitz-igandez garatu dira, eta besteak beste, igandeko mezaren ondotik, pilotalekuan, etxeko klika eta dantzariak inguruan, Bizi Emankorra sarien ematea ukan dute ekitaldi bereziki adierazgarria. Jean-Pierre Espil, Michel Veron eta Frantxua Camou izan dira 2019ko Bizi Emankorra saridunak. Zorionak eta milesker hiruer! Asteburuak ere ukan ditu Euskal Herriko bisitari gehiago, hala nola Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburu eta bere bulegoko teknikari Benan Oregi. Heien lagun izan da Jorge Fernandez Quintela, Euskadiren Estatu Batuetako delegatu berria, lehenengo aldiz bildurik San Frantziskoaldeko euskaldunekin. Ekitaldiak, bestenaz, lagun xaharrekin bildu eta apairu goxoak partekatzeko balio izan du. Baita gazte eta zahartxeagoek ere dantza egin zezaten, Euskal Herrian bezala, Eganen 'betiko' euskarazko aireekin. HERRIA ere San Frantziskon egon zen, eta lerro hauek idatzi dituenak aurkezpen bat egin zuen, Diasporako EuskalKultura proiektua eta Donostiako Heredad de Unanue hotela ere aipaturik, beti ere Euskal Herria eta bere diasporaren artean zubilana egiten duten proiektuen artean. Bestako antolatzaile eta laguntzaileei gure esker ona heien lan euskaltzale ederrarendako, partaide guztiori etxean sendiarazirik!











