92 urte zituen Iriarturruteiko
Xane Barbier-ek. Nahiz eta Hazparnen
orain alaba baten etxean
bizi zen, beti Xane Iriarturruteikoa
deitzen genuen, Damatit
bere senar zenarekin etxalde
hortan lan egin baitzuten biek,
azken hau erretiratu arte. 5 alaba
eta seme bat ukanik, emazte
langile eta isilaren oroitzapena
uzten dauku. Azken denbora
hauetan aski akitua zen. Kanboko
eritegi batean egonaldi
bat eginik, berriz etxera sartua
zen. Hor haurrez ongi inguraturik
zendu da.
Jende anitzek parte hartu dute
asteazkenean Xane zenaren
ehorzketetan, Aiherrako elizan.
Gure dolumin bizienak Agnes,
Emilie, Marie-Jo, Maite, Yvette
eta J-Pascal alaberi eta semeari,
familia guziari, anai eta ahizperi
eta ahaidegoari.
Etxeetako helbide berri eta
ofizialak hemendik goiti
Badu 3 urte segurrik herritar
multxo batek herriko toponimiari
buruz lan egiten duela herriko
kontseilari batzuekin, herriko
bide eta bidexken izendatzeko,
etxeen izenak zerrendatzeko,
horietan izenik gabe zirenentzat
izen bat proposatzeko,
Euskaltzaindiarekin baieztatu
ondoan. Bestalde, etxeen eta
auzoaldeen ongi identifikatzea
beharrezkoa baita, batez ere
Aiherra bezalako herri zabal eta
hedatu batean zerbitzu mota
desberdin hauen ongi ibiltzeko
(sokorri zerbitzuak, etxeetara
banaketak, etxeko zerbitzuak,
kartografia, sare operadoreak,
GPS eta beste...), eta hemendik
laster oso abiadura handiko
internet sarea garatuko baita
herriko etxe guziei zenbaki bat
eman zaie.
Herritar guzieri Herriko Etxeak
gutun baten bidez jakinarazi
die bakoitzaren etxeko helbide
ofiziala zoin izanen den hemendik
goiti. Herriko Etxeak aldatze
hauen berri eman die ere Postako
zerbitzuei, suhiltzaileen zerbitzuari,
GPS eragileei, Fibre64
erakundeari, zerga eta uraren
zerbitzuei, kadastra eta telefono
zerbitzuei. Bakoitzari gelditzen
zaio orain bankua ala beste abisatzea
helbide aldaketa honetaz.
Izen emaitea "Arberoan alaiki"
aisialdi zentroan
Eskola oporren garaian baigira,
aisialdi zentroaren zerbitzuak
baliatzeko, tokiak erreserbatu
behar dira haurrentzat, eta
dosierrak Izturitzeko Herriko
Etxean utzi urriaren 30a aitzin.
Hauek jin arau kronologikoki
kontutan hartuko dituzte. Jakina
da Aiherra, Izturitze, Donamartiri
eta Donoztiriko haurrek dutela
lehentasuna ukanen. Xehetasun
gehiagorentzat, ondoko helbidean
harremanetan sartu behar
da: arberoanalaiki@gmail.com.
Orotarik
- Omiasainduz, elizkizunak:
ostegun arratsean Izturitzeko
elizan (19:00), eta ostiralarekin,
meza nagusia Aiherran (10:30).
- Auzoaldeak bestan: herriko
bestak ekainean iraganik, auzoalde
bakoitzak elgarretaratze
edo bestak antolatu zituzten
udan, Hergaitzen, Apairin eta
Erketan. Larunbatean bilduko
dira Zokoa auzoaldekoak,
urriaren 26an Denen Etxean,
eta Aiherra Gainez Gainekoak,
azaroaren 9an toki berean.
Biba zuek!