Bakea biziki aise aipu da,
estatu normala balitz bezala,
haatik ez da hola. Ikus kanpo
hortan, gerla gorria da kabala
mota gehixenen artean: elkar
hiltzen dute, usaian bizitzeko,
batzuetan jostatzeko, hala
nola gatua saguarekin. Ez,
bakea ez da gauza naturala:
egin behar da, etsaien artean
eraiki mintzatuz, pazientzia
luze batekin. Elkarlana da,
kasik eskulana. Izerdi usaina
dario, haatik odol usaina
baztertzen du. Ez da betiko,
etengabe irabazi behar da.
Etsenpluak hor ditugu, nasai
eta joriak. Adibidez Frantziak
Alemaniarekin egin dituen
hiru gerla handiak, batean
gal, bestean irabaz. Lehen bi
aldietan aldizka garaileak galtzaileari
kalte guziak pagarazi
zizkion. Hirugarrenean Aliatuak
zentzatu ziren, Alemania
zutitzen lagunduz, halaber Japonia.
Holaz bi aldeak baketu
ziren, adiskidetu ere, bereziki
Europako Batasuna eginez:
bake luzea ekarri digu, eta
elkarrekin atxik dezagun.
Adiskideekin untsa gaude,
haiekin ez dugu bakearen
egin beharrik. Bakea etsaien
artean eraikitzen da, eta ez da
beti errex, hortik urrun. Bakoitzak
bere urgulua gainditu behar
du, bestearen arrazoinak
entzunez, bide erdi eginez, eta
beraz bakoitzak zerbait utzi
behar du. Bakea ez da kitorik.
Baten bizkar egiten bada ez
du iraunen, kaltetua goiz edo
berant jaikiko baita tratu makurra
xuxendu nahiz. Horren
etsenplu handi bat goraxago
aipatu dut, Frantziaren eta
Alemaniaren arteko borroka
luzea, arrabantxaz arrabantxa
hainbeste hoben egin zuena
bi erresumetako jendeei, eta
beste anitzi ere, bereziki kolonietakoei,
Europako aferetan
ikustekorik ez zuketelarik. Hiru
gerla handi eta kasik hiru belaunaldi
edo jenerazione azkenean
bakera heltzeko!
Beste kasu bat, Aljeriako
gerla: zazpi urte eta erdiz,
gutienetik bost ehun mila hil,
horietan hogeita hamar bat
mila frantses gazte, ehuneta
hiru euskaldun, hogeita bi
zuberotar barne... Eta hori
oro zertaratzeko? Aljeria utzi
behar ukan dugu, hango miliun
bat jende Frantziarat ihes
etorri da, han Harkien parte
on bat masakratu dute. Azkenean
bi etsaien buruzagiak
mahain baten inguruan jarri /
eseri ziren, eta gerla geldiarazi
zuten. Ez zirena lehenago biltzen
ahal? Zeren ez gerla hasi
gabe? Ez ote ziren bi alderdiak
hobeki aterako? Nik uste
baietz! Haatik batak ez besteak
ez du oraino gerla hori
osoki gainditua, bi aldeetarik
bihotzen bakea egiteko dago.
Beraz, iraganak iraganik, azkenean
egin dezagun! Hori
dugu datorren urteko pastoralaren
mezua, Abdelkader
famatuari esker.
Zinezko bakea finka dezagun
aljeriar jendearekin, bakea
gutartean edo inguruan bizi
diren musulmanekin, bakea
orokorki islamdar munduarekin.
Gogoan har dezagun
Abrahamen ondokoak garela
musulmanak, juduak eta giristinoak.
Munduak bakean
behar gaitu bizirik irauteko.
Eta ez dezagun ahantz egiazko
bakea justizian oinarritzen
dela.
Bakea gauzarik ederrena
justizia lagun duelarik
Adostasunik ezin da sortu
zuzenik gabeko lurretik.