Mus txapelketa gorabeheratsua, 'Amelia Artetxe' katedra eta Fred eta Danielle
Joseba Etxarri
BAIONA, LAPURDI. Joan den
astean iragarri bezala, Euskal
Komunitateen arteko Munduko
42. Mus Txapelketa egin da
Baionan eta Kanadako Franck
Altuna eta Rufino Iribarren atera
dira txapeldun; bigarren, Nafarroako
II. taldea, Javier Apesteguia
eta Daniel Zunzarren; eta
hirugarren, Euskadiko bikote
Borja Ruiz eta Ixone Ureña. Txapelketaren
antolaketa igurikatu
bezain ederki joan da, baina
txapelketak berak izan du afera,
Nazioarteko Federazioaren
aburuz Frantziaren izenean ari
zen bikote baigorriarrak legezkoa
ez zen zerbait egin baitu,
eta delegatuek bildurik, taldea
kanporatzea deliberatu baitute.
Frantziako Federazioak bere
zinezko desadostasuna agertu
du honen aitzinean eta bere
sostengu osoa eman die Xabi
Alcasena eta Aitor Atchoarenari,
eta protesta gisa bere bi taldeak
konpetiziotik erretiratu ditu.
BUENOS AIRES, ARGENTINA.
'Amelia Artetxe' deitu Katedra
berria zabalduko dute heldu
den astean Buenos Airesen,
Etxepare Euskal Institutuak,
Argentinako CONICET (Ikerketa
Zientifiko eta Teknikoen
Kontseilu Nazionala) erakundearekin
batera. Zeremonia,
urriaren 31n eginen da hiriburuko
San Martin Kultur Gunean,
baina lehenago, urriaren 21etik
31ra mintegi bat obratzen ari
dira Buenos Airesko Unibertsitatean
(UBA), Santiago de Pablo
irakasleak emanik. Bestela
ere, estreinaldiarekin eginen
diren kultur ekitaldien artean,
30ean dantza tailer bat emanen
da Laurak Bat Euskal Etxean,
Gari Otamendi eta Telmo Esnalen
eskutik, eta biharamunean
heien Dantza filma eskainiko da
San Martin Kultur Gunean. Amelia
Artetxe (Bilbo, 1894-Buenos
Aires, 1986) argentinar hiriburuko
Emakume Abertzale Batza
elkartearen sortzailea izan zen
eta euskal-argentinar emazteak
ahalduntzen lan egin zuen
pertsona.
BURLINGAME, KALIFORNIA.
Eta gaurkoa ezkontza baten
berri emanez bururatuko dugu,
bi gazte euskal kaliforniar esposatu
baitira joan den asteburuan
Burlingamen, Fred eta Danielle,
euskal lagunez inguraturik, eta
gure molde xaharreko ezteiak
eginez ospatu dute San Frantziskoaldeko
bi familiak bildurik.
Fred Alfaro eta Danielle Espinal
Kalifornian sortu bi gazte dira,
San Frantziskoko Gure Euskal
Etxean haziak, Fred aldudar familiakoa
--euskara poliki mintzo
du-- eta Danielleren aitatxi Orondrizkoa,
Erroko bailara nafartarrekoa.
Ezteien ondoko besta
Gure Euskal Etxean, Basque
Cultural Center-en, egin dute,
bozkarioz, euskal kantuz eta
Jean Flesher eta Amerikanuak
taldearen erritmo euskal-amerikarretan
dantzari. Zorion biziak
senar-emazte berrieri eta heien
familia eta laguneri!
3520. zbk
Liranja ederrenak
ez dira beti
hoberenak
emazteak
berdin
Estatuburuentzat ez ditaike lan errexa politikari
ona izaitea. Horrek eskatzen baitu,
nork bere buruaren abantailak baztertuz,
ordezkatzen duen jendarte guziaren arrangurak
eta ongi izaitea gogoan, aterabide
egokiak asmatzen eta bideratzen jakitea,
araberako manuak emaitea, estatuko egiturak
zinezko zerbitzuak bilaka ditezen.
Aitzindari gorenak xede hoberenak ukaitea
ez da aski. Lehen lana du gobernu baten
muntatzea. Bere alderdiarekin gehiengora
heltzen ez delarik, nahitez ikusi behar
du beste batzuekin nolako tratuak adostu
ditzazken.
Gure lehen auzo erresuman politikari on
baino politikero ezdeus gehiago ikusten ditugu.
Bestenaz, ez zen azaroaren 10ean Espainiako
hauteskunde nagusien errepikatze
beharrik izanen. Joan den apirilaren 28an
Sanchez jarduneko gobernuburu sozialista
atera zen garaile, bainan legebiltzarrean
gehiengo osotik urrun. Geroztik, Sanchezek
denbora galdu du eztabaida antzuetan,
ahantzirik duela urte bat hitzemanak.
Orduan beste alderdi...