Azalekoa | 2024ko Azaroaren 28a

Durangoko Azokaren 59. edizioa

A.E.

Iragan Durangoko Azokaren edizioetako bat
Iragan%20Durangoko%20Azokaren%20edizioetako%20bat

Durangoko Azoka urtero ospatzen den euskal liburu eta disko azoka da. Euskaraz eta euskal munduaz zerikusia duten ekoizpenen erakusketa eta salmenta da. Aurten azokak 59. edizioa antolatzen duela eta, gibelera joan nahi izan dugu orain arteko ibilbideaz gehiago jakiteko.

Azokaren hasierak

Durangoko lehen euskal liburu eta disko azoka1965ean iragan zen, Andra Mariko elizpean. Eskualdetasuna aldarrikatzeko beharra ikusi eta hurbileko ondare historikoa zein kulturala galdua zela eta, Gerediaga elkartea sortu zen. Elkarte hunek antolatu zituen ekitaldien artean, azoka lehenetarikoa izan zen. Azokak Euskal Herriko liburugintza eta diskogintzaren ekoizpena ezagutaraztea zuen helburutzat, frankismoaren diktadurapean. 19 erakusle ukan zituen hasierako azokak.

1974 arte Andra Mariko elizpean egin zen urtez urte azoka. Aitzineko edizioen azokak hartu oihartzuna sasoiko gobernadore zibilari gustatu ez zitzaiola eta, erlijio arrazoiak aitzakiatzat harturik Andra Mariko elizpean egiten gelditu zen.Horren ondorioz, IX. Durangoko euskal liburu eta disko azoka merkatu plazan egin zen, haren urte gehienak 1974tik 1996ra bertan antolatuz. Denbora tarte horretan, Gerediaga elkarteak hiru urtez segidaneuskarazkoliburu eta disko azoka antolatu zuen1986tik 1988ra. Entsegu horrek antolatzaileek espero zuten erantzuna ukan ez zuenez, ez zen gehiago egin.

Durango pixkanaka-pixkanaka liburu eta diskoez gain, euskal kultur eragileen topagune bilakatu da. Merkatu plaza ttikiegia izaten hasi zela eta, Durango herriko lur eremu anitzetan karpa xuriak ere eman behar izan ziren bisitariei lekua egiteko.

Hasieratik, euskaraz eta euskal munduaz ere zerikusia duten ekoizpenen erakusketa eta salmentarako azoka izan da. Nahiz liburuak eta diskoak nagusi ziren hasierako urteetan, berantago DVD, bideo etaeuskarri anitzetako ekoizpenak ezarri dira ikusgai eta salgai.

Urtez-urte Durangora etortzen zen jendetzari esker, azokak 2003tik aitzina Landako erakustazokara mugitzeko aukera ukan zuen.

Aurtengo edizioa

Urtero milaka eta milaka kultur zale etortzen dira Durangoko Azokara, adin guzietakoak, Euskal Herri osotik. Azokaren oinarrizko helburua Euskal Herriko kultur sorkuntzarentzat erakusleihoa eskaintzea da. Ahalik eta azoka hoberena antolatu nahi izaten da, sortzaile eta argitaletxe anitzentzat hitzordu garrantzitsua izaten delako.

Aurtengo Durangoko Azokaren 59. edizioak abenduaren 5etik 8ra iraunen du. Gerediaga elkartea hainbat eragilerekin elkarlanean ari da, babesle eta laguntzaile ugarirekin. Orotara 274 erakusmahai izanen dira bai eta 933 kultur berritasun eta 200 ekitaldi.Durangoko Azoka urtero eguneratzen da. Aurtengo egitarauari dagokionez, liburu eta disko aurkezpenetan emazteen presentzia areagotuko da, Irudienea gunean zinegile gazte ugari izanen dira haien film laburrak eta dokumentalak aurkezteko, eszenatokian sexualitatea eta generoa ardatz duten gaiak nagusituko dira, Saguganbaran haurrei zuzendu aurkezpen eta emanaldi jendetsuak espero dira eta Talaian eta Museoan Nestor Basterretxea omentzeko ekitaldiak eginen dira. Gainera, azoka gogoetarako eta solaserako topagune ere izan ohi da, eta aurten Europako Hizkuntza Minorizatuetako Editoreen Topaketa ospatuko da bertan. Bestalde, aipagarria da Ahotsenea Literaturaren antolaketan Beheko Banda literatura taldekoak ibiliko direla lehen aldikoz.

Informazio praktikoak

Azoka goizean (10:30) zabaldu eta arratsean (20:00) hetsiko da egunero. Abenduaren 8an goizago zerratuko da (18:00).

Bisitariei garraio publikoa erabiltzea gomendatzen zaie. Jakin behar da abenduaren 6tik 8ra autobus zerbitzua martxan izanen dela, lurretako autopista irteerako aparkalekutik Landa gunera.

Durangoko Azokaren egitaraua www.durangokoazoka.eus webgunean atzeman daiteke. Atal batzuetan parte hartzeko aitzinetik izena eman behar dela eta, webgune horren bitartez egin daiteke.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3773. zbk

Gure Hitza | 2024/11/28

Gauaren erdian eguzkia

Peio Jorajuria

Mundu honetan bagabiltza

infernuaren teilatu gainean

loreeri so eginez

du idatzia Kobayashi Issa japoniar olerkari maisuak (1763-1828). Hitz gutitan deskribatzen du munduaren egoera: infernua, baina ere loreak.

Denek dakigu, lehen bezala orain ere, mundua zein gaizki doan. Haize tzar batez gelditu gabe joa, alde guzietatik, aire gaixtoak egiten duenaren gisan. Munduaren martxa, abiatu berria den Vendée Globe itsas lasterketari konpara dezaket: mariñelek memento askotan itsasoaren bolada gaiztoeri buru egin behar duten bezala, guk ere mariñelen gisan buru egin behar diegu mota guzietako ekaitzeri: uholde, kutsadura, eritasun, langabezia, suntsiketa soziala, laborantzako lurren ohoin...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016