Herriz Herri - Baiona (L) | 2024ko Azaroaren 28a
Kontzertuak - Dokumentala - Eguberriko merkatu euskaltzalea - Hitzaldia - Barnez Kanpo
Kontzertuak
Azaroaren 29an ostiralez, Mediabasken 10 urteen eta Gararen 25 urteen kari, gaualdia antolatuko da Laugan. Huna egitaraua: ate idekiera (19:00), Patxaranga (19:30), Errobi (21:00) eta Xutik (23:00). Bertan jateko eta edateko izanen da. Sarrerak 30 euro kostako du, bayonne.notre-billeterie.fr webgunetik har daitezke.
Dokumentala
Azaroaren 30ean (18:00), “Transmisioa” dokumentala ikusteko aukera izanen da Biltxokon. Olentzeroren Lagunak elkarteak aurkezturik, dokumentala “bidaia zoragarria Argentinako Euskal diasporan” gaiaren inguruan ariko da.
Eguberriko merkatu euskaltzalea
Aurtengo apirilaz geroztik, euskararen biziberritzean lan egiten duten 8 elkartek Patxa eta San Andres plazen arteko 100m²-ko lokala partekatzen dute. Lehen aldiz, Eguberriko merkatu etiko eta solidarioa antolatzen dute. Abenduan Eguberriko merkatu berezi batek ateak idekiko ditu Lisses karrikako 4. zenbakian. Bertan, euskararen aldarria hedatzen duten kikarak, apainketa, kuadroak, egutegiak, liburuak, jantziak, harpidetzak, jokoak, diskoak… atzemanen dira. 4 egunetan idekiko da: abenduaren 3an (euskararen nazioarteko eguna), 7an eta 21ean eta opariak erosteko azken momentua goaitatzen dutenentzat, abenduaren 23an. Egunean zehar laguntzaileek harrera eginen dute kafe eta bixkotxekin (10:00-18:00). Lokala biziarazten duten 8 elkarteek (Bada, Biga Bai, Elkar, Euskal Konfederazioa, Hedabideak, Plazara, Topagunea eta UEU) beste elkarte batzuk gomitatu dituzte merkatuan parte har dezaten (Herri Urrats, EHZ, Euskal Herrian Euskaraz, Argia, Alabena eta Arberoa ikastola, berriki sute batek kaltetu duena). Beraz, opari hautu zabala izanen da eta aldi berean, erosketen bidez euskararen alde egunerokoan lan egiten duten hainbat elkarte sostengatzen ahalko dira.
Hitzaldia
Abenduaren 4an (14:00), Harkaitz Canoren hitzaldia iraganen da “Bizitza bizi/Bizitza idatzi” gaiari buruz. Idazleak bere literatura ibilbidearen aipamena eginen du. Hitzordua Errobiko kanpusean emana da. Euskaraz izanen da eta urririk.
Barnez Kanpo
Abenduaren 5ean, argazki proiekzio eta kontzertua iraganen da Bastringuen, Nahia Garat argazkilaria, Matthieu Tcherbakoff, Marcial Alejandro Meja eta Tony Gerannoren eskutik. “Barnez Kanpo” deitu itzulia abiatuko dute. Xehetasunentzat: 06-76-76-75-62.