Mundu zabalean | 2024ko Azaroaren 28a
Turkia: milaka preso Europaren atean
M.O.
Recep Tayyip Erdoğan, Turkiako estatuburuak, “Justizia eta Garapenaren Alderdiko” buruak (AKP) boterea hartuz geroztik kartzelatuak izan diren pertsonen kopurua sei aldiz biderkatu da. Turkiar gobernamenduak erresistentzia politikoa isilarazteko duen estrategia herritarrak preso sartzea da. Presondegietan giza eskubideak sistematikoki urratuak dira, errepresioa salatzeko Istanbuletik oposizioa antolatzen ari da.
Presondegiratze masiboa
Badu hogei urte baino gehiago alderdi ultrakontserbadoreak gobernatzen duela, oposizioa errepresio basati baten menpe da. Egoera horrek aktibista anitz erbesteratzera behartzen ditu, beste batzuk beren herrian gelditzea erabakitzen dute.
Istanbulen, urriaren 6 eta 7an, Dem Parti oposizioko alderdiak, Turkiako kartzeletako baldintzez mintzatzeko Europako mugimendu batzuk, bai eta medikuak eta psikoterapeutak gomitatu ditu. Gaur egun, Turkian 362.000 preso baino gehiago dira, 403 presondegitan banatuak. Giza eskubideen elkarteko ordezkari batek zioen: “Edozein arrazoirengatik, jendea preso sartua da. Presondegiak gobernuak eramaiten duen politika idurikoak dira, bere helburua populazio jakin bat baztertua izaitea da”.
Gehienetan presondegiratueri leporatua zaie manifestazio batean parte hartzea, nortasun kultural kurdua eta ideia aurrerakoiak aldarrikatzea. Horrengatik kartzelan den zati handi bat errudun bezala kondenatua da. Presoen senide batzuk ere preso sartuak dira, “terrorismoa babesteagatik”. Senide batzuk, ehorzketa egunean arrastatuak dira beren familiako presoaren hilkutxa eramaiten dutela.
2015ean Nazio Batuen Erakundeak (ONU), kurdu presoen tratamendurako, “Nelson Mandela Arauak” deitu ordena agindu zuen. Nazioarteko erakundeak plantan jarri arautik Turkia urrun da.
Heriotza susmagarriak, torturak, irainak eta mehatxuak, bai eta janari eta ur eskasa, presoak lurrean lo egitera behartuak, kanpoko berriak murriztuak… eta familietatik urrunduak. Adibide anitz dira turkiar presoen eskubideen urraketak agerian uzten dituztenak.
Zigorrak arbitrarioak dira, batez ere presoen portaera onagatik kartzelatik ateratzeko aukera delarik, espetxe administrazioaren esku izanez, errefusatuak dira. Preso politikoak mespretxatuak dira, zigorrak sei hilabetetik urtebetera luzatuak egon daitezke, auzitegietara joan gabe.
Eri izaiteko debekua
Familien elkarteak arranguratuak dira, bereziki adineko presoen egoerak kezkatzen ditu. Mediku hitzorduak, azterketak, sendagaiak, dieta bereziak... trabatuak dira, espetxe administrazioaren erabakiaren pean izanez. Ospitaleetarako bidaiak gaizki aireztatu ibilgailuetan egiten dira, presoak etxazpi batzuetan beha egoiten dira, anitzetan gorputegiak ondoan direla. Presondegiko guardiak azterketa medikoetan presente dira, bisita ginekologikoak barne. Ondorioz preso anitzek tratamenduak ez dituzte segitzen, beste presoak dira ahulenen eguneroko bizitzaz arduratzen. Artatzeko posibilitatea gehienetan preso politikoeri errefusatuak dira eta batzuetan hiltzen dira familiari azken agurra egin gabe.
Turkiako kartzeletan emazte izaitea
Emazte preso ohi batzuen lekukotasunek diote arrastatuak izan direlarik bortxatuak izan direla. Sexu jazarpena ere ohikoa da. Irakurtzen ahal da: “Emazte zaindariak musulman kontserbadoreak dira, gorputz miaketentzat biluztera behartu gintuzten. Islamak hori debekatzen du, emaztearen gorputza pribatutzat ikusten duelako. Baina disente gisa ikusten gintuzten, beraz gurekin edozer gauza egin zezaketen. Haien arteko lehia zen, tratamendurik umiliagarrienak nork aplikatuko zituen”.
Europar parlamentuaren jarrera
Europar Batasunak Turkian harrera zentroak eraikitzeko ehunka milioi euro errefuxiatu kanpamenduentzat finantzatu ditu. 2016az geroztik, Europar Batasunak Greziatik Turkiara errefuxiatuak bidaltzen ditu. Kanpamendu horiek tratu txar eta tortura guneak dira. Turkia “herrialde seguru” gisa kontsideratzeak erran nahi du logika berean turkiar errefuxiatu politikoak berriz beren herrira igortzea posible dela.
Preso politikoak isolamendu erregimenean jartzeko aukera emaiten duten F motako espetxeak anitz dira. Abdullah Öcalan, PKKko (Kurdistaneko Langileen Alderdia) liderra, 25 urte hauetan preso da. Hala ere, Europako herrialde batzuk PKK erakunde terrorista bezala kontsideratzen jarraitzen dute, Turkiako gobernuaren presio politikoa dela eta.
Barnetik iharduki
Preso ohiek kontatzen dutenez, kartzelaratze masiboen kontra, burdin hesien gibelean erresistentzia politikoaren kultura sortzen ari da. Ateak jo, oihu egin, gose greba hasi, estrategia anitz entseatuak dira. Psikologikoki irauteko, presoak irakurketan, idazketan, ingelesaren ikaskuntzan murgiltzen dira. Duten diru zama ttipia bateratzen dute janaria, garbiketa edota higiene puskak erosteko. Emazteen kartzeletan, presoek elkarren artean haurrak zaintzen eta altxatzen dituzte.