Herriz Herri - Senpere (L) | 2024ko Azaroaren 28a
Idazleen topaketa mediatekan - "Ihesi" antzerkia Larrekon - Azkeneko herri kontseilua - Telethonaren aldeko ekitaldiak aste hondarrean - Tokiko segurtasun kontseilua
Idazleen topaketa mediatekan
Lehen aldia da holako euskarazko ekitaldia antolatua dela gure mediatekan, abenduaren 3an (20:00). Maddi Ane Txoperenak bere bi liburuen aurkezpena egin ondoan, solasaldi interesgarria sortu behar litaike. Euskararen urtaroa kari antolatua da, mediatekako animatzaileek espero dute parte hartze ederra.
"Ihesi" antzerkia Larrekon
Iduzki Lore konpainiaren eskutik, euskarazko antzerkia ikusteko parada eskainia zauku Larreko antzokian, Herriko Etxeak antolaturik, azaroaren 29an (20:00). Bide bazterrean, Sabina eta Marga bi emazte elkartzen dira beren bizi moduetatik ihes egin nahirik, ametsez beterik, jakin gabe zein heinetaraino gauzatuko diren haien ametsak. Irri ederren egiteko aukera, hutsezina delakoan, erreserba egin lehenbailehen turismo bulegoetan baita sarreran bertan. Prezio osoa 18€, murriztua 13€.
Azkeneko herri kontseilua
Bilkura bukaeran jakinarazia izan da, herriak milioi euroren mailegua eginen duela, 25 urteko iraupenarekin, %3,57ko interesean. Galderak sortu baditu, zendako kapital hori eta bertze, ez da erantzun zehatzik agertu, baizik oraingo proiektuak bururatzea, bertzeak bertze aisialdi zentroa eta jantegiaren handitzeak, material aldaketak eta abar. Eliza gibelean iragarria zen City parkea lekuz aldatuko da, iduriz gazteluko kirol zelaira, lanak gibeleratuak dira. Senpere eta Amotzen arteko bizikleta ibilbidea ere gibeleratua da. 27.000€-ko gastuek,"kirol ordokia" berriari buruzko arkitektoen azterketendako, Jaureguyren haserrea sortu dute, ez baita leku egokia, hunen taldeak kontra bozkatu du. Idiartek ere erresalbuak eman ditu proiektu huni buruz. Xabatene kantinaren kostua berriz etorri da debatean, Jaureguyren garaiko estimuan eta gaurko fakturazioan diferentzia handia delakoan. Bertze gai guziak onetsiak izan dira. Herriko zerbitzuetako zuzendari nagusi berria den Lionel Bourgeoisek aurkeztu du bere burua, Nicolas Combédiac ordezkatuko du.
Telethonaren aldeko ekitaldiak aste hondarrean
Ostiralean azaroaren 29an (15:30-18:30), Arranoen Begia elkarteak (10x15) neurritako argazki salmenta antolatzen du Larrekon. Arratsaldean (16:30-18:30), Xan Ithourria plazan, suhiltzaileen erakusketak, haurrendako kamioi itzuliak, ur-tutu jokoak eta bertze, parte hartzea 5€. Biharamunean hazilaren 30ean, SPUC kirolak proposatzen ditu (9:00-17:00) aintzira inguruan lasterkaldiak, oinez, zaldiz edo bizikletazko ibilaldiak, (5€ 3 itzuliendako).
Tokiko segurtasun kontseilua eta delinkuentzia prebentzioa
2023ko urriaren 11n, alor hauei buruz lan egiteko, asko partaidek izenpetu zuten hitzarmen berezia. Urte baten buruan, bilana aurkeztua izan da Herriko Etxean. Parte hartzailetan, Bernard Elhorga jaun mera, Jérôme Bourrier prokuradorea, Fabrice Rosay suprefeta, Jean-Jacques Lasserre Departamenduko zuzendaria eta bertze partaide desberdinak izan dira, emaitzak aztertzeko xedearekin. Iragan diren ekintzetan, abiaduraren kontrolak, zainketak auzoetan, ekintza prebentiboak eskoletan, indarkeria numerikoei buruzko foroa, bertzeak bertze dozena bat abisu ere gazteei, bi errotako ibilgailuen erabiltze txarrarengatik. Bilan baikorra izanik, partaideek bide beretik segitzeko ideia dute, indar guziak emanez delinkuentziaren kontra.