Herriz Herri - Urruña (L) | 2024ko Azaroaren 28a
Loraldiberri liburu eta disko azoka - Xerar Urrutiaren liburu berriaren aurkezpena - Idazketa tailerrak - “Hil da euskara!” ekimena - Gaztetxearen inaugurazioa - Pilota
Loraldiberri liburu eta disko azoka
Aurtengoa hirugarren edizioa izanen da eta abenduaren 1ean igandearekin eginen da herriko plazan, elizaren aitzineko zabaldian. Antolatzaileak Urrunaga eta Berttoli elkarteak dira, Herriko Etxearen eta Euskal Ikaskuntzen laguntzaz.Hogei bat argitaletxe eta eragile izanen dira beren liburuak eta diskoak aurkezten eta saltzen: Elkar, Maiatz, Zortziko, Dakit, Gatuzain, Hatsaren Poesia, Lapurdi 1609, Urruñako Antzerki Eskola, Itsas Bazterra, Biarte, Urrunaga, Maider Zigarroa, Amaia Karrere, Asisko Urmeneta, Herria astekaria, Waouche argitalpenak…Egitarau aberatsa prestatua dute: harrera (10:00), “Makila Kixki txotxongiloa” haurrendako Maddi Zubeldia eta Bernadette Luroren eskutik (10:30), xokolate dastaketa Rafa Gorrotxategi sukaldariarekin (11:15). Ixabel Milleten ipuin mitologikoa haurrendako (11:45). Xerar Urrutiaren “Barne galderak” olerki-liburuaren aurkezpena. Olerki errezitaldia (12:15). Asisko Urmenetaren mintzaldia (11:30). Bukaera 14:00tan. Gero, Berttolin bazkari goxoa izanen da parte-hartzaile guziendako. Urrunaga elkarteak urtero plazaratzen duen Urruña aldizkariaren seigarren zenbakia goiz osoan salgai izanen da.
Xerar Urrutiaren liburu berriaren aurkezpena
Baionako Maiatz argitaletxeko Luzien Etxezaharreta editoreak jakinarazi digunez, azaroaren bukaeran plazaratuko dute Xerar Urrutia Jorajuria idazle urruñarraren “Barneko galderak”izeneko olerki-liburua, eta salgai izanen da Loraldiberri Liburu eta Disko Azokan Maiatzek ukanen duen salmahaian. Jende aitzineko aurkezpena ere goiz horretan eginen dute. Durangoko Azokan ere salgai dukete. Ainara Maia Urrozek eta Joseba Aurkenerenak zenbait olerki ozenki irakurriko dituzte aurkezpen ekitaldian.
Idazketa tailerrak
Itsas Mendi zinemarekin partaidetzaz, emazteen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko batzordeak "emazteen oldartzeak" gaiari buruzko tailerrak antolatuko ditu. Idoia Rodriguez Mondragon euskal idazleak animaturik, tailerrak zineman iraganen dira hilabetean behin, aurtengo azarotik 2025eko otsailera. Euskaraz eta frantsesez proposatuak izanen dira (emazteentzat), heldu eta nerabeentzat 12 eta 16 urte artean. Lehen tailerra azaroaren 24an igandez iraganen da, emazteen bortizkeriaren kontrako nazioarteko egunaren karietara.Tailerrak euskaraz helduentzat (19:00-21:00): abenduaren 3an, 18an, urtarrilaren 21ean eta otsailaren 19an. Tailerrak euskaraz nerabeentzat (14:00-16:00): azaroaren 30ean, abenduaren 18an, urtarrilaren 21ean eta otsailaren 19an. Idatziko diren testuak bilduma batean bilduko dira eta 2025eko martxoaren 8an emazteen eskubideen egunean aurkeztuko dira. Leku mugatuak izanen dira eta urririk. Izen emaiteak: rodriguezm.idoia@gmail.com.
“Hil da euskara!” ekimena
Hilaren 30ean ostiralarekin eta Euskararen Urtaroak kultur ekitaldiaren barnean, “Hil da euskara!” ekimena izanen da herrian. Sarrera 10 euro pertsona bakoitzeko.
Gaztetxearen inaugurazioa
Hilaren 30ean larunbatarekin, Gaztetxearen inaugurazioa izanen da, eta egun osoan zehar kultur ekintzak izanen dira aipatu egoitzan: zikiro jatea (13:00) Kuxkuxtuk alaiturik. Prezioa: 25 euro. Izena emateko: 06-59-24-68-67. 20:00etatik goiti, gaualdia Kaxkatu, Kuartz eta DJ Dia! taldeekin. Urririk. Sartzea jende guziendako zabalik.
Pilotari urruñarren emaitzak
Trinketeko amaturren lehiaketan, Zuraiden jokatuak: Biskubi/Jauregi (Urruñarrak) 40 – Santamaria/Etxamendi (Goizeko Izarra) 36, Zigarroa/Lazkano (Urruñarrak) 40 – U.Iribarren/Lekuona (Sarako Izarra) 23 eta Agirre/Benesse (Urruñarrak) 40 – A. Lafitte/Hariztoi (Denek Bat) 32. Biriatuko tripotxaren pestan: Bixente Bideondo urruñarra/Harotzarena 40 – Amiano/Saint Paul 31.