Euskal diaspora | 2024ko Azaroaren 28a
Euskararen Eguna, Emazteenganako Indarkeriari ez, Tandil 2025
Joseba Etxarri
EUSKARAREN EGUNA. Abenduaren 3an, San Frantses egunez, ospatzen da urte guziz mundu osoan, euskal etxe eta komunitateetan bereziki, Euskararen Nazioarteko Eguna. Ohi bezala astegun suertatzen denean, ekitaldi eta ospakizunak aitzineko edo ondoko asteburura ekartzen dira. Heldu den asteburu huntan hasiko edo eginen dira, beraz, hainbat euskal etxetan euskarari lotu besta eta ekitaldi bereziak, beste toki batzuek ondokoan lekukoa hartzeko. Andana bat direnez, hiru baizik ez ditugu aipatuko, konparazio Argentinako Cordobakoak, Gerora euskal elkartearen eskutik, non asteazken huntan Hizkuntz Minorizatuen Topaketa eginen duten 15. edizioz, eta ebiakoitzean euskara ikasleen “Mintza” elkarretaratzea. Bruselako Euskal Etxeak, bestalde, Euskararen Eguneko Bertso Saioa agindu du larunbatean ere, bere egoitzan, Naia Arrizabalaga eta Iker Letamendia bertsolariekin. Eta Txileko Santiagon, azkenik, bi ekitaldi, bat Euzko Etxeak antolatua, bertsolaritza, euskara tailerra, mintzodromoa, dantzak eta pilota osagai; eta bestea Txileko Euskal Gizataldea Euskal Etxea antolatzaile, pintxo lehiaketa, musika, dantzak eta sorpresekin.
INDARKERIARI EZ. Joan den astelehena "Emazteenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna" egin zen munduan Nazio Batuek 25.ez hala deiturik. Euskal Etxeetan antolatu ekimenen artean, batto azpimarratuko dugu, online eginen dena larunbat huntan. Hitzaldi bat izanen da, Bilbotik Norma Vázquez psikologoak emana "Indarkeria matxistaren prebentzioa euskal etxeetatik: prebentzio eta jarduera protokoloen garrantzia" izenpean, Eusko Jaurlaritzaren Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzako "Berdintasunerako Eskola"ren baitan. Euskal Herriko 14:00 orenetan, bi orduz, hemen ematen ahal da izena: https://labur.eus/EHYg8.
TANDIL. Ukanen dugu aukera hobea heldu den urtean aipatu eta sakontzeko, baina mementuko, erranen dugu deliberatua dela 2025eko Argentinako Euskal Aste Nazionala non eginen den, nor antolatzaile. Eta, menturaz planak egin ahal izan ditzazun, 2025eko urriaren 27tik azaroaren 2ra eginen da, Buenos Aires probintziako Tandil herrian (euskalduneri, eta bereziki Iparraldeko euskalduneri fier lotu herria), hiriko Gure Etxea Euskal Etxea antolatzaile. Antolatzaileetarik da Angelun eta Lapurdin euskara irakasle ibili zen euskal-argentinar atxiki bat, Carolina Minaberry, ortzaiztar arrazakoa, Unairen ama. Animatzen planak egiten?