Hegoaldean | 2024ko Azaroaren 28a
Presondegietako kultur ekitaldiak hurbiletik zainduak
M.V.
Azaroaren 16an, larunbata, Fermin Muguruzak kontzertua aurkeztu zuen Martuteneko presondegian, eta eman zuen kantuetako bat “Sarri sarri” izan zen, 1985ean Iñaki Pikabea eta Joseba Sarrionaindiak kartzela horretarik nola ihes egin zuten aipatzen duena.
Emanaldi horren berria Covite, terrorismoaren biktimen elkartearen beharrietara heldu da, eta biziki gaizki hartua izan da. Elkarteko arduradunen ustez, gertatu dena “lotsagarria” eta biktimentzat “iraingarria” izan da. Horregatik, berehala beren kexua adierazi diote Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailari.
Ondorioz, Justizia Sailak presondegietan kultur emanaldiak egiteko baldintzak zorroztuko ditu. Maria Jesus San Jose sailburuak ez du adierazpen ofizialik egin, baina baieztatu du hemendik aitzina Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetan egiten den edozein kultur ekintzak presoen gizarteratzea lehenetsi beharko duela, biktimak iraindu gabe.