Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2024ko Azaroaren 28a
Biltzar publiko - Abesbatza elgarretaratze - “Pantzo Man So” - Erakusketa - Pilotaz - Eguberriko merkatua
Biltzar publiko
Joan den astearte arratsean iragan da Lapurdi gelan Euskal Elkargoak antolatu biltzarra, frantsesez ZFE izendatua, euskaraz ''Igorpen ahuleko gunea''-ren proiektuaz mintzatzeko eta eztabaidatzeko. Mugatua den gune horrek kostaldeko dozena bat herri edo hiri estaltzen ditu, Tarnosetik Hendaiaraino. Uztaritze ez da barne. Biltzarraren helburua zen erabaki batzuen galdatzea Estaduari eta Euskal Elkargoari, alde orotarik etor ditaizken poluzio edo kutsaduretaz. Proiektuak nahiko luke, 1996. urte aitzineko auto, kamioi eta motordun tresnen mugatzea eta debekatzea gune hortan, datorren urtean hasirik. Lehen aurkezpenaren ondotik, 45 entzulerekin abiatu dena, garbiki atera da gutienez 13.000 auto edo kamioi kondenatuak litaizkela ibili gabe egoitera. Galdeak eta eztabaida oso biziek egia erran segitu dute ondotik, publikotik agertu baita aireportuaren kasua, kutsadura hedatzeko handiena baita. Salatu ere du batek neguan laborariek mendi mazela horietan, bazka berrien sortarazteko egiten dituzten erretzeak. Dirudienez autopistan dabiltzan ezin kontatuzko kamioi eta autoak ez dira kontutan hartzen, autopista estaduaren gerizapean dagolako. Ezin ulertua diotenaz. Jakiten zen halere laborantzako eta xantierretako tresnak oro gelditzen direla kutsatzaile horietarik kanpo. Denak ados ziren osagarriaren eta biziaren kalitatea behar dela kontutan hartu eta horrek galdegiten duela biztanleen elkartasuna. Entzuleak, 25era mugatu direnak (askok ez dute parte hartu nahi ukan), taldeka banaturik 40 minutu iraun duten bi tailerretan parte hartu dute proposamenen egiteko soluzio batzuri buruz. Ondoko sintesian agertzen da ez dela lan errexa izanen erabakia hartzea. Auto xahar asko dabila bideetan, jabeek, finantza aldetik berria erosteko ahalik ez izanez, enpresa batzuentzat ere berdin kamioi eta tresnendako. Salbuespen asko galdegiten ziren anitz ofiziorentzat, laneko tenore desberdinentzat, gauaz ibili behar direnentzat. Bainan nork hartuko ditu ondotik erabakiak eta nolakoak izanen dira? Hori besterik da. Geroak erranen.
Abesbatza elgarretaratze
Duela bi aste Azkainen egin den bezala, heldu den igandean Uztaritzeko elizan izanen da abesbatza zonbaiten elkartzea, kantu bilduma eta sorkuntza batzuen aurkezteko, Iparraldeko Abesbatzen Elkarteak antolaturik. Kantaldiak 17:00etan hasiko dira. Lehen partean entzunen da urtean zehar Agnès Deneulin gidariaren tailerrak segitu dituzten kantarien kantu bilduma. Ondotik Beltza Gorria taldea Dina Licht zuzendari, Atsulai taldea Marilys Daguerre gidari eta azkenik Kantauri korua Isabel Lakarrek kudeaturik. Bakotxak sei kantu emanen ditu, azken hiru taldeek eskainiko dutela bedera sorkuntza. Sartzea 10 eurotan finkatua da (urririk 18 urtez pekoentzat). Ongi etorri deneri.
“Pantzo Man So”
Heldu den igandean Zortziko elkarteak antolatzen du antzerkia Lapurdi gelan (17:00). Aurkeztua izanen da Pantzo Irigarayren “Pantzo Man So” umorezko ikusgarria, irria merke izanen dela. Sartzea 10 eurotan izanen da (urririk 15 urtez pekoentzat). Bukaeran aperitifarekin krakada eskainia izanen da. Ongi etorri deneri.
Erakusketa
If Machicotek bere tTok artelekura ekarrarazi du Aline Part, Montorin bizi den xuberotar anderea bere obren erakusteko. Alinen obrak 2017 eta 2024 urte artean moldatuak dira, ekologia ardatz dutela. Ikusten ahalko dira zeramika, argazki, bideo eta abar... Erakusketa azaroaren 22tik urtarrilaren 30era bisitatzen ahalko da. Bisita tenoreak hauek dira: asteartetan (17:00-20:00), asteazkenetan (9:00-16:00), ortzegunetan (15:00-18:00). Egin ditaike ere hitzordua hartu zenbaki huntan: 06-01-98-00-24, aldiz abenduaren 20tik urtarrilaren 2ra soilik hitzordua hartuz.
Pilotaz
Joan den larunbatean Kapito Harriko hiru talde nagusik bedera partida jokatu dute Kiroletan joko garbin Euskal Ligaren kondu. Guretzat hiru garaipenekin bukatu dira: B taldea (Fernando-Etchepare) nagusi Azkaineri 40-16; A taldea (Pelletrat anaiak) Hiribururi 40-20; A bigarren taldea (Destaillac-Echenique) Aviron Baionesari 40-29. Uztariztar pilotari maiteak segi bide beretik.
Eguberriko merkatua
Aurtengo Eguberriko merkatua iraganen da abenduaren 7an Bilgune plazan (9:00-14:00). Bisitatzen ahalko dira asko sortzaileren tailer edo mahainak, guti ezagutuak direnak. Parada ona ere giro bero batean zuen erosketen egiteko eta gauza on askoren jastatzeko. Animazio batzu izanen dira haur eta helduentzat. Bizar Zuri eta Olentzero hor izanen direla segurtatzen dute antolatzaileek.