Han eta Hemen | 2024ko Azaroaren 28a
Euskara larrialdi linguistikoan
Europako 25 herrialdetako 17 erakunde biltzen dituen ELEN (Europako Hizkuntza Berdintasunerako Sarea) erakundearen biltzar nagusia Bilbon iragan da azaroaren 9an. Europa osoko hizkuntza minorizatuen egoeraren berri eman dute, besteak beste euskararena. Azaroaren 14an, Ipar Euskal Herrian euskararen alde lan egiten duten elkarte eta federazioen bilgunea den Euskal Konfederazioak eta euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea den Euskalgintzaren Kontsei
Euskararen egoera Ipar Euskal Herrian
Ipar Euskal Herriko euskaldunen kopurua proportzioan jausten ari da. Azken urte hauetan balore absolutuan kopurua mantentzen lortu bada ere, euskaldunen tasa beherantz doa. 2021ean, populakuntzaren %21,1a euskalduna bazen, azken hilabetetan Euskararen Erakunde Publikoak egin prospekzioaren arabera, deus ez bada egiten 2030ean tasa %16koa litzateke. Hala ere, nahiz eta larrialdi egoeran izan, seinale baikor batzuk badira frogatzen dutenak jendartea orokorki prest dela euskara ikasteko, erabiltzeko eta transmititzeko. Adibidez, beren haurrentzat euskarazko irakaskuntza, aisialdiak edo haurtzaindegiak hautatzen dituzten burasoak gero eta gehiago dira. Egoeraren parean, botere publikoetatik eramaten den hizkuntza politika ez dela nahikoa salatua izan da, bat egiten ez baitu herritar nahikundearekin edo ez baitio behar heinean erantzuten.
Euskararen etorkizuna
Euskal Konfederazioak dei egin die instituzio maila guziei beren ardurak har ditzaten, hainbat mailatan neurriak garatzen hasiz, euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen. Hemendik 2050era, hiztun kopurua %30ekoa izatearen helburua emana izan da.
Euskara bezalako hizkuntza minorizatuentzat, lehen urrats gisa frantses konstituzioaren aldaketa lortu behar dela errana izan da, bereziki bigarren artikuluarena (Errepublikaren hizkuntza bakarra frantsesa da), etengabe aitzinean ematen baita urratsen oztopatzeko. Lege baliabidez gain, hizkuntza politika batek diru baliabideak ere behar dituela azpimarratua izan da, Ipar Euskal Herrian inbertitzen den dirua ez baita batere nahikoa.
Hala ere, aipatu da fatalitaterik ez dela, egoera irauli nahi izanez gero posible dela, baina oraindanik neurriak hartzen badira.