Ba ote dakixu? | 2024ko Azaroaren 28a
Pariseko Notre-Dame katedrala (1/3)
Gilen Bacho
Abenduaren 8an, duela bost urte gertatutako izugarrizko sutearen ondotik, Pariseko Notre-Dame katedralaren ateak berriz irekiko dira. Jendea, mundu osotik jinik, fededun ala ez, berriz sartzen ahalko da otoitz leku enblematiko horretan, kasik 900 urteko historia duenean.
Saint-Etienne, Pariseko lehen katedrala
Notre-Dame katedraleko historia XII. mendean hasi zen baina Parisek ez zuen mende hori igurikatu otoitz leku baten ukaiteko. Ezagutzen dugun lehen Pariseko apezpikua IV. mendeko elizgizon bat zen, Victorinus. Apezpiku bat eta, beraz, katedral bat. Pariseko lehen katedralak Saint-Etienne izena zuen. Kasik ber lekuan zen. Segurtasunik gabe, IV. eta VI. mendeen artean eraikia izan zen, Cité-ko islan, egungo Notre-Dameko aitzinaldean. Bere gibelean, beste eliza bat bazen, Notre-Dame deitzen zena, Mariari dedikatua. 857an, normandiarrek Parise setiatu zuten eta Notre-Dame elizari su eman. Orduan, Notre-Dame berriz eraikia izan zen eta handitua. Memento horretan zen katedral bilakatu, Saint-Etiennen ordez (lehen katedral hori ez dakigu zer bilakatu den, iturrietan 1112an bakarrik berriz agertzen da, hondatua zela erranez). Beraz, IX. mendetik landa Notre-Dame eliza jada Pariseko katedrala zen baina hiriak gero eta gehiago biztanle bazituen (Europa osoan bezala, XI. mendetik XIV.era Pariseko jendetza azkarki emendatu zen, Parisek 25.000 biztanle bazituen 1180an eta 50.000 1220an) eta katedrala ttipiegia zen fededunen errezibitzeko.
Katedral berri eta zabalago bat
Orduan, 1160an, Maurice de Sully Pariseko apezpikuak (Parise ez zen oraino artzapezpikutegi bat) katedral gotiko biziki zabalago baten eraikitzea erabaki zuen, kasik ber lekuan, katedral erromanikoaren ordez (eliza horren harri zenbait erabiliak izan ziren katedral berriaren eraikitzeko). Jean de Saint-Victor kronikariak, bere Memoriale Historiarum liburuan, XIV. mendean idatzia, dio Alexandre III aita sainduak, Sens hirian aterpetua zena memento horretan, zuela katedral berriko lehen harria ezarri, 1163an, Luis VII erregearen presentzian. Obra gehienak Maurice de Sully (1160-1197) eta Odon de Sully (1197-1208) apezpikuen zuzendaritza pean eginak izan ziren (ber izena ukanik ere, biak ez ziren jendakian). Egia da aro emankorra zela Frantziako erresumarentzat, maila ekonomikoan eta politikoan. Apezpikuak eta Kapituluak zituzten obrak finantzatu (apezpikua lur jabe handia zen, Sena ibaiaren eskuin bazterreko lur gehienak bazituen, eta Kapitulua Cité islaren jabea zen). Robert de Torigny kronikariaren arabera, 1177an korua bukatua izan zen eta 1182ko maiatzaren 19an Henri de Chäteau-Marçay kardinaleak aldare nagusia kontsakratu zuen, Maurice de Sully apezpikuarekin. 1182tik 1190era, nabe ekialdeko lau artekak, pasabideak eta galeriak eraikiak izan ziren. 1208an, aitzinaldekoaren eraikitzea hasi zen eta portaleak eraikiak izan ziren eta apainduak. Arrosa leihoko estaia 1225erako bukatua izan zen. Nabe mendebaldeko arteken eraikitzea 1218an berriz hasi zen. Viollet-le-Duc arkitektoak sute batek, 1225 inguruan, gaineko zureria eta teilatupeak suntsitu zituela erraiten digu. Terrazak eta ostiko arku berri zenbait galerietako teilatupeen ordez eginak izan ziren. Hegoaldeko dorrea 1240an bururatua izan zen eta iparraldeko dorrea 1250ean. Saihetseko kaperak ber mementoan bukatuak izan ziren. Orratz bat egina izan zen ere XIII. mendean. 1250ean, Luis IX (“Luis Santua”) erregearen aroan, katedrala oso baliagarria zen. Mende bat baino gutiagoko epean, denbora laburra holako edifizio batentzat.