Azalekoa | 2026ko Otsailaren 26a

Musak lotu, euskarak batu

A.E.

2024ko Xiberoako final nazionala Altzai herrian
2024ko%20Xiberoako%20final%20nazionala%20Altzai%20herrian

Xerar Urrutia euskal kulturari lotua den urruñarra da. Euskal Herriko mus federazioko sortzaileetarik da, eta egun koordinatzaile lana segurtatzen du. Duela zenbait urte, Herria kaseta huntan Munduko eta Frantziako Mus Txapelketak aipatu ondotik, aldi huntan Euskal Herrikoaren aldi da. Xerar Urrutiak hainbat xehetasun eman dauzkigu.

Mus?... Mintza!

Segurako lagun batzuekin sortu zen Euskal Herriko mus federazioa 2002an. Iparra-Hegoa elkartearen biltzar nagusi batetik piztu zen ideia. Garai hartan, Orreaga Fundazioak Nafarroako mus txapelketa antolatzen zuen. Egoera horretan, Bai Euskal Herriari ekimenak, Iparra-Hegoak eta Orreaga Fundazioak elkarrekin hausnartu, eta Euskal Herri osoko muslariak biltzeko gunea sortzea adostu zuten. Helburua zazpi herrialdetako muslariei herri gisa aritzeko eta elkarren arteko loturak sendotzeko aukera emanen zien egitasmo xumea abiatzea zen. Elgarrekin arauak adostu zituzten, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko ohiturak desberdinak baitziren.

Lehen 3 urteetan kili-kolo ibili ziren, hala ere, 7 probintzietatik bildu zituzten jokolariak. Gaur egun, federazioa Euskal Herriko zazpi lurraldeetako ordezkariek osatzen dute, eta eskualdez eskualde errotzen ari da, txapelketa nazionalaren bidez bere presentzia eta jarduera sendotuz. Zenbakietan, iazko txapelketan 2.515 bikotek parte hartu zuten.

Bestalde, jakin behar da musa biziki zaharra dela. Jokoaren lehen aipamena Manuel de Larramendifilologo eta Jesuita euskaldunak egin zuen 1754an bere hiru hizkuntzetako hiztegian.

Euskara jokoan

Musari esker euskara ere zabaltzen dela zioen Xerar Urrutiak, kasik naturalki gainera. Euskara jakin edo ez, joko hunen bidez parte hartzaileak euskaraz mintzatzen entseatzen dira. Antolatzaileek lehentasuna ematen diote euskarari.

Euskal Herriko Mus Txapelketa antolatzeko ehunka boluntariok laguntza ekartzen dute. Guti gorabehera Euskal Herri osoko 230 herritan jokatzen da txapelketa hori.

Hiru fasetan antolatua da. Lehenik kanporaketak egiten dira, Euskal Herri osoko 7 probintzietan. Aurtengo ediziorako, kanporaketak guti gorabehera iazko abenduan hasi eta otsailaren 22an bukatu dira. Kanporaketa guziak herriz herri egiten dira. Sailkatuak diren guziek finala beren probintzian jokatzen dute, aurten martxoaren 7an izanen da. Lapurdikoa Xaia ostatuan eginen da (15:00), Baxe Nafarroakoa Izturitzeko (9:30) herriko gelan eta Xiberokoa Urdiñarbeko Chistera ostatuan (14:30). Partiden ondotik, emaitza guziak webgunean sartzen dira.

Ondoren, final nazionala iragaiten da. Urtero finala probintzia desberdin batean jokatzen da. Zazpi lurraldetatik pasa ondoren, aurten Gipuzkoara berriz itzuliko da, martxoaren 28an, Amasa-Billabonan. Final nazionalean 128 bikote sailkatzen dira.

Aurtengo edizioa

XVII. edizioa izanen da aurtengoa. Sari ugari izanen dira irabazteko, besteak beste txapela, garai ikurra, dirua, nazioartera bidaia, asteburuko egonaldia,… Hala ere, sari bat besteetatik desberdintzen da, Xerar Urrutiaren iritziz politena dena: euskara ikasteko urte osorako 2 matrikula AEKn.

Txapelketa finantzatzeko partaide batzuek laguntza ekartzen dute, besteak beste AEK-Aizu aldizkariak, Laboral kutxak, Izarkomek, Errigorak eta Ahotsak. Horrez gain, parte hartzaileek berek 10 euro ordaintzen dituzte pertsonaka txapelketa hastapenean.

Txapelketa hunen antolaketaren segidarako gazteak beharko lituzketela zioen urruñarrak.

Euskal Herriko mus federazioari buruzko informazio guziak www.ehmus.eus webgunean aurki daitezke.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3823. zbk

Gure Hitza | 2026/02/26

Herriko bozak azken txanpan

Peio Jorajuria

Herriko bozetako hautagaien zerrendak otsailaren 26rako behar dira prefekturara helarazi (ostegun hontarako beraz) eta kanpaina ofiziala martxoaren 2an hasiko da. Orain arte bazterrak aski lasaiak izan dira, herri bakar batzutan salbu, hauetan tirabirak, mehatxuak, gutun anonimoak ere loratu omen baitira, baina salbuespenak izan dira. Laster haatik giroa poliki berotzen hasiko da tokika, salbu zerrenda bakarra duten herrietan. Eta iduri luke herri andana batean lista bakarra dela presentatzen, azken agintaldian herriko giderrak atxiki dituztenek bozkatzaileen gehiengoa satisfatu duketelako marka hain segur edo menturaz interes eskasean, gerta baitaiteke holakorik ere. Entzun dugunaz, ba omen dira ere herri bakar batzuk hautagai zerrendarik gabe. Agian azken puntan batzuk mugitu dira!

Herri baten kudeatzea, ttipia izanik ere, ez da lan errexa. Eta behar da nahikari eta kar bide horri maldan gora lotzeko. Dosierren muntaketak gero eta korapilatsuagoak bilakatuak dira, eta...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016