Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2026ko Otsailaren 26a

Heriotze - Uztaritze Bairen prentsaurrekoa - 2026 HABITAT tailerra - Hartzaro festibala

Txilindronen irabazleak
Txilindronen%20irabazleak

Heriotze

Aste bat barne hiru heriotze ukan ditugu herrian. Joan den asteazkenean azken egoitzara eremana izan da Maddi Duhart, Zubiarrain sortua 89 urtetan. Jatsun sortua, han eginik lehen ikasketak, ondotik segitu dituela Uztaritzeko komentuan. Esposatua zen 1960an Cyprien Duharterekin, bi seme ukan dituela: Jean Bernard eta Christian. Bere lan bizia ereman du Bixintxo eskolako eta udal jantegian, denbora berean etxe pollita eraikiz Mendien karrikan. Urte askotan ere izan da parropiako kermezetako zutabeetarik bat. Senarra galdurik 2022an, alargundua zen.

Bigarrena Maddi Loora, Arambel sortua 93 urtetan. Bankan sortua, erizain lanean arizana zen bere bizian, lehenik Bordelen eta ondotik Larresoroko ospitale ohian 70eko hamarkadatik haste erretretaraino. Familiatua, seme bat ukan du: Hervé. Uztaritzen “Entraide St Sauveur” Salbatore Elkarlaguntza elkartearen sortzailea zen. Azken denbora hauetan Baionako Oihana erretira etxera bildua zen.

Larunbatean berriz Leon Arlasen aldi 81 urtetan. Ikasketak herrian eta ondotik Cantau kolegioan eginik, bere bizitzaren parte handi bat ereman du Baionako portuan, eritasun latza ere bildu zuela horren ondorioz. Familiatua, hiru alaben aita, Heraitzen bizi zen.

Hiru familia horieri gure doluminak doatzi hemendik ere.

Uztaritze Bairen prentsaurrekoa

Hauteskundeeri buruz, Uztaritze Bai gidatuko duen Piero Rougetek egin du prentsaurrekoa joan den ortzegunean Lapurdin hautagai zonbaitez inguraturik. Orain arte hautetsi direnetarik 13 berriz abiatzen dira 18 izen berrirekin. Bataz bestekoen adina 50 urte ingurukoa da. Aipatu dira herriaren egoera finantza munduan, zorrak urteetan zehar ttipitu direla, mandatu huntan egin eta egiten ari diren obrak eraikuntzetan eta bideetan, Heraitzeren kasua eta mandatu berrirako egitasmoak. Ez da segur faltarik. Hautagai guzien ezagutzak eta egitaraua zehazkiago hedatuko dira eginen diren biltzar publikoetan.

2026 HABITAT tailerra

CCAS, herriko ekintza sozialen zentroak antolatzen du ASEPT erakundearekin partzuergoan tailerra martxoko hilabetean, Arditeiko baliabide zentroak animaturik. Tailerraren helburua da osagarria, ongi izana eta bizitegiaren arteko lokarrien kontziente izaitea eta ere eguneroko bizian amarru batzuen partekatzea gastuen mugatzeko bereziki energia sailean. Tailerrak 5 ekitaldi ukanen ditu martxoaren 3tik 31ra, astearte goiz oroz (9:30-11:30), Herriko Etxeko Ameztia gelan iraganen direnak. Lehen ekitaldia: bizitegien aldaketak denboran zehar; bigarrena: osagarriarentzat nire ongi izana etxean berean; hirugarrena bere bizitegiko airearen kalitateaz eta ingurumenaz arduratzea; laugarrena: ekologia sailean zonbait produkturen erabilerak eta izan daitezken kalteak; bosgarrena: bizitegi barnean jardueren moldeak ezagutzea gastuak mugatzeko. Egitarau oso aberatsa orohar. Tailer hori proposatua da oraino sekulan egin ez duten jendeeri. Aldiz galdegina da parte hartzaileeri tailer guzietan parte hartzea. Izenak emaiteko eta argitasun gehiagorentzat deitu daiteke telefono huntara: 05-59-93-38-91 edo emailez: ccas@ustaritz.fr. Oraino tokiak badira hartzeko.

Hartzaro festibala

Hartzaro festibala bukatu da joan den astearteko ikusgarriarekin Purguko plazan. Festibal denboran jendea arras ongi ibili da nahiz ez zuen beti kanpoko aroak ateratzera gomendatzen. Igandera itzuliz Latsan Txilindron lehiaketak ere arrakasta ona ukan du. Aurten txapeldun atera da Herri Soinu elkartea, Filipe Lesgourgues eta Pilu Hairarekin, bigarren saria bildu duela Burrunka taldeak. Bazkari denboran omenaldia eskainia izan zaiote Dominique eta Monique Hairari urte luzeetan Latsan sukaldaritza kudeaturik. Goresmenak beraieri lehenik, aurtengo txapelduneri eta gaurko Latsaren kudeatzaile, Jakes eta Katia Drieux bikoteari.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3823. zbk

Gure Hitza | 2026/02/26

Herriko bozak azken txanpan

Peio Jorajuria

Herriko bozetako hautagaien zerrendak otsailaren 26rako behar dira prefekturara helarazi (ostegun hontarako beraz) eta kanpaina ofiziala martxoaren 2an hasiko da. Orain arte bazterrak aski lasaiak izan dira, herri bakar batzutan salbu, hauetan tirabirak, mehatxuak, gutun anonimoak ere loratu omen baitira, baina salbuespenak izan dira. Laster haatik giroa poliki berotzen hasiko da tokika, salbu zerrenda bakarra duten herrietan. Eta iduri luke herri andana batean lista bakarra dela presentatzen, azken agintaldian herriko giderrak atxiki dituztenek bozkatzaileen gehiengoa satisfatu duketelako marka hain segur edo menturaz interes eskasean, gerta baitaiteke holakorik ere. Entzun dugunaz, ba omen dira ere herri bakar batzuk hautagai zerrendarik gabe. Agian azken puntan batzuk mugitu dira!

Herri baten kudeatzea, ttipia izanik ere, ez da lan errexa. Eta behar da nahikari eta kar bide horri maldan gora lotzeko. Dosierren muntaketak gero eta korapilatsuagoak bilakatuak dira, eta...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016