Mundu zabalean | 2026ko Otsailaren 26a

“Bretainia etxalde-lantegien kontra” kolektiboaren auzia

M.O.

2022ko martxoan, Bretainian 50 bat militantek tren bat geldiarazi zuten laborantza industriaren negozioa salatzeko. Pareta bat muntatua izan zen trenbide erdian, trena gelditzera behartua izan zen eta ekintzaileek bagoietan zen garia uzkaili zuten. Auzia joan den abenduan iragan da, otsail huntan epaitegiak erabakia jakinarazi du.

2022ko martxoko mobilizazioa

Berrogeita hamar bat ekintzailek trenbidean parpin batzuk ezarri zituzten, Sant-Jelan herrian (Morbihanen ondoan). Ekintza horren helburua zen kabalen bazkatzeko industria zerealaren kontra interpelazioaren egitea, 1.390 zereal tona botatuak izan ziren. Garraiatu zereala Le Gouessant kooperatiban eta Sanders konpainian hustu behar zen.

Bretainiako An Oriant-eko (Lorient) auzitegiak ikerketa judiziala ideki zuen, akusazio hauen inguruan: “trenen trafikoa oztopatzea”; “trenbidean legez kanpo sartzea”; “trenbideko instalazioetan materiala andeatzea eta ondasunak kaltetzea”.

Laborantza kooperatibak eta FNSEA parte zibil

Jérôme Bouquet-Elkaïm Bretainiako kolektiboko auzipetuen abokatuak abenduko auzia aitzin deklaratu zuen: “Eztabaida 2022ko martxoko ekintzatik haratago doa.Horrelako epaiketa batean, biktimak ez dira auzipetuak baina bai janari industrialarengatik kalte handiak jasaten dituzten pertsonak. Ikerketa batzuk eginez gero, ikusiko dugu laborantza industriala munduko berotegi-efektuko gasen emisioen %30a baino gehiagoren hobendunak direla. Bretainian, berotegi efektuko gasen emisioen %40a laborantzarengatik da”.

Le Gouessant konpainia, SNCF, Millet Rail, InterCéréales kooperatiba, FNSEA sindikatua eta SAS Sanders konpainiak parte zibil bezala agertu dira.

Kolektiboko auziperatuek zioten: “Sant-Jelaneko trenaren afera baino lehen, genetikoki aldatu organismo transgenikoen (OGM) inportazioari buruzko hainbat ekintza egin ziren. Laborantzako eragileek ez zuten eztabaidatu nahi ukan, auzia huni esker eztabaidatu beharko dute”.

Kalte-ordain azkarrak

Auzian prokuradoreak hiru eta sei hilabeteko kartzela zigorrak eskatu zituen, epaitegiak segitu ez dituena. Baina halere ekintzaileeri eskatua izan zitzaien kalte-ordainak handiak dira. “Bretainia etxalde-lantegien kontra” kolektiboak epaitegiaren emaitza jakin orduko, iharduki du: “Erabakia justiziapean neurtu da, ez eta planetaren egoeraren aitzinean, ez eta Bretainiako laborantza kudeaketaren arabera. Ingurumenean, osasunean eta sozialean diren ondorioak ez dira kontutan hartuak izan”. Jérôme Bouquet-Elkaïm kolektiboko abokatuarentzat testuinguru huntan absoluzioa posible izanen zen:“Nolabaiteko etsipena eta desilusioa da, erabaki hau ez baita jokoan denaren araberakoa”.

Zazpi pertsonek, gari-trena blokeatzeagatik 206.000 euroko isuna ordaindu beharko dute. Mobilizazioan parte hartzeagatik 12 pertsonetatik 7k isun handiak bildu dituzte.

Auzipetuek 10 eguneko epea dute errekurtsoa aurkezteko, artikulu hau idazterakoan erabakiaren berririk ez ginuen.

Epaiketa politikoa

“Egiazki, epaiketa huntan nor epaitu behar da?”, kolektiboko abokatuak auzian galdera hunekin defentsa mintzaldia hasi du.“Etxaldeen eta laborantza industriaren sistema zalantzan jarria da, ingurumen, osasun eta sozial inpaktuak gaur egun zein diren jakina da, hori frogatzeko dokumentuak badira”. Gogoratu du ingurune osasuntsu baterako eskubidea oinarrizko eskubidea dela, uraren, biodibertsitatearen eta osasun publikoaren kontrako erasoa anitzez bortitzagoa da, ezinez eta ekintza batek ekartzen dituen trabak. Salatua izan da desobedientzia zibileko ekintza horren aitzinean erabakia izariz kanpokoa dela, laborantza ereduak sortzen dituen kalteak kontutan hartu gabe.

Ekintzak biderkatzen

Holako gertakariak munduan zehar biderkatzen dira. Hainbat pertsona, elkarteetan edota kolektiboetan biltzen dira, desobedientzia zibilaren bidez iharduki nahi dute. Nazioarteko buruzagi politikoek erronkaren pareko neurriak har ditzaten galdegina da.

Elikaduraren iraunkortasuna hobetzeko eta ingurumenean duen eragina saihesteko, etapa bakoitzean laborantza industriaren sistema mugatzea eskatua da. Krisi ekologiko eta klimatikoaren aitzinean, azken urteotan, mundu osoan desobedientzia zibilaren ekintzak abiatuak dira. Parte hartzen duten militanteak gehienetan auzipetuak dira, kondena handiekin. Greenpeace, Extinction Rebellion (XR), Non-Violent Action COP21 (ANV-COP21), Les Amis de la Terre eta Alternatiba bezalako mugimenduen kasua da.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3823. zbk

Gure Hitza | 2026/02/26

Herriko bozak azken txanpan

Peio Jorajuria

Herriko bozetako hautagaien zerrendak otsailaren 26rako behar dira prefekturara helarazi (ostegun hontarako beraz) eta kanpaina ofiziala martxoaren 2an hasiko da. Orain arte bazterrak aski lasaiak izan dira, herri bakar batzutan salbu, hauetan tirabirak, mehatxuak, gutun anonimoak ere loratu omen baitira, baina salbuespenak izan dira. Laster haatik giroa poliki berotzen hasiko da tokika, salbu zerrenda bakarra duten herrietan. Eta iduri luke herri andana batean lista bakarra dela presentatzen, azken agintaldian herriko giderrak atxiki dituztenek bozkatzaileen gehiengoa satisfatu duketelako marka hain segur edo menturaz interes eskasean, gerta baitaiteke holakorik ere. Entzun dugunaz, ba omen dira ere herri bakar batzuk hautagai zerrendarik gabe. Agian azken puntan batzuk mugitu dira!

Herri baten kudeatzea, ttipia izanik ere, ez da lan errexa. Eta behar da nahikari eta kar bide horri maldan gora lotzeko. Dosierren muntaketak gero eta korapilatsuagoak bilakatuak dira, eta...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016