Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2026ko Otsailaren 26a

Sortze - 37. mus lehiaketaren arrakasta - Biharko Aiherra zerrenda: 8 emazte eta 7 gizonekin

A mailan, ezkerretik eskuinera, Esponda-Errecart txapeldunak, Myriam Daugreilh-Anaiz Duperret burasoen elkarteko arduradunak, Beloscar-Lartigue txapeldun ordeak (Arg: Eskola libroa)
A%20mailan_%20ezkerretik%20eskuinera_%20Esponda-Errecart%20txapeldunak_%20Myriam%20Daugreilh-Anaiz%20Duperret%20burasoen%20elkarteko%20arduradunak_%20Beloscar-Lartigue%20txapeldun%20ordeak%20(Arg:%20Eskola%20libroa)

Sortze

Oihanburian lorietan daude. Joan den otsailaren 20an Maylis Mounho eta Philippe Mongabure andere-jaunek ongietorria egin diote beren lehen haurño eta muttiko erneari. Simon izendatu dute hau. Gure goresmenak aitama uroseri eta zorionak sortu berriari.

37. mus lehiaketaren arrakasta

Aiherrako eskola giristinoak antolatu mus lehiaketak betiko arrakasta dauka, aurtengo edizioak 100 bat pare bildu baititu giro hoberenean. Hau joan den igandean iragan zen, Denen Etxeko gelan. Erran behar da lehiaketa hau ongi antolatua eta urte guziz handizki sariztatua dela, muslariak urrunetik jinaraziz. Arratsalde osoan, bazen matahami, talo eta edari, eta arratsean afaltiar anitz arroltze moleta on baten jateko. Huna emaitzak:

- A mailan, Errecart-Esponda Bastida eta Donazaharrekoak nagusitu zaizko Beloscar-Lartigue makear eta urkoitar pareari. Txapeldunek 700€ eskuratu dituzte, finalistek 250€.

- B mailan, Antton eta Gorka Candele bastidarrak nagusitu zaizkio Sabaloue-Izoco aihertar pareari.

- C mailan, Christian eta Anne-Marie Laborde Salieseko pareak ereman du Sallagoity-Pochelu mehaindar parearen kontra.

Eskolako burasoen elkarteko arduradunek eskertzen dituzte laguntzaile eta jokolari guziak, ahantzi gabe holako egunaren antolatzeko beharrezkoak diren enpresa edo ofiziale babesleak, eta ekitaldi hunen antolakuntza errextu duen Aiherrako Herriko Etxearen gela eta barneko material guzia antolatzaileen esku urririk utzirik.

Mus jokoaz haratago, ekitaldi hunek elkartasun ekarle nahi du izan, bildutako diru guzia Arzac-Arraziguet-eko haurren zirkuko gelaren zati bat finantzatzeko erabiliko baita, proiektu handinahi eta federatzailea, eskola osoak parte hartuko baitu.

Biba antolatzaileak eta heldu den urte artino!

Biharko Aiherra zerrenda: 8 emazte eta 7 gizonekin

Joan den urtarrileko herriko agiantzen ekitaldian, Arño Gastambidek herritarrei jakinarazi zien auzapezgoa utziko zuela bigarren kargualdi hunen hondarrean, eta deia lehen axuanta izana zen Frederic Hernandezekin osatu ekipa berritua abiatuko zela. Azken hunek joan den astean segurtatu du “Biharko Aiherra” listaren zerrendaburu izanen zela, azken 12 urteetan egin lanaren haritik, oroitaraziz azken kargualdian Aiherrak bere garapena segitu duela, Arño Gastambideren inguruan obratu proiektuak zerrendatuz; hala nolaHerriko Etxearen eta Beltzagitearen berritzeak (azken hunek beste berritasunak bultzatu ditu: haurzaindegi bat, osagarri arloko profesionaleri zuzenduak diren bulegoak eta herriko gazte bati alokatu etxebizitza), gehiengo aihertar gazteendako 2 lotizamenduen sortzea, lehengo harrobiaren bermoldaketa, Antzuola herriarekin den hitzarmenaren indartzea (Aiherra-Antzuola 40 urte) bi herriak mendiz juntatzen dituen bidea obratuz, urteetan zehar herriko elkarteak beren proiektuen obratzen lagunduz, eta lan batzorde idekietan herritarrak parte harraraziz besteak beste.

Bozketa berri hunentzat, 8 hautetsik segitzen dute, eta haueri juntatu zaizkie 7 hautagai berri.

Huna zer dioen Frederic Hernandez-ek: “(….) Lista berri hunek elkartuko ditu esperientzia, gazteria eta begirada berriak balore berdinak partekatuz eta helburu hauekin: lurraren menperatzea aihertarrek herrian bizitzeko eta egoiteko ahala ukanez, euskarari merexi duen lekua uztea (euskara gure nortasunaren zutabea), lotura soziala azkartu nahi dugu, elkarte munduari eta herriko komertsanteei sostengua ekarriz…”.

Laborantza arrazoituaren defentsa hartzen du auzapez izaiteko gogoa duen Frederic Hernandez-ek, eta herritarrengandik hurbil izaitea hitzemaiten hauekin komunikazio erregularra segituz. Anbizio handia du talde hunekin proiektu berriak eramateko, finantzen kudeaketa serios eta iraunkorra atxikiz, eta Euskal Elkargoan Aiherraren presentzia mantentzeko aihertarren ahotsa eramateko.

Hitzorduak:

Martxoaren 7 eta 13an, antolatuko dira bilkura publikoak.

Martxoaren 2 eta 14a artean: nahi dutenen ganat hurbiltzeko prest dira. Auzoko kontseilari bati aipatu dudarik gabe edo deitu 06-82-80-10-91 zenbakira.

Martxoaren 15ean, herriko bozak.

Hautagaien izenak: Maider Loyhato Oxarango, Philippe Mongabure, Uxue Elosegi Martinon, Arño Gastambide, Karine Perez, Sabine Dithurbide, Raphaelle Adoglo, Frederic Hernandez, Julie Minjou, Maite Oxarango, Damien Sallato, Hervé Parachou, Ramuntxo Oteiza, Samuel Biscay eta Pantxika Beloscar.


Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3823. zbk

Gure Hitza | 2026/02/26

Herriko bozak azken txanpan

Peio Jorajuria

Herriko bozetako hautagaien zerrendak otsailaren 26rako behar dira prefekturara helarazi (ostegun hontarako beraz) eta kanpaina ofiziala martxoaren 2an hasiko da. Orain arte bazterrak aski lasaiak izan dira, herri bakar batzutan salbu, hauetan tirabirak, mehatxuak, gutun anonimoak ere loratu omen baitira, baina salbuespenak izan dira. Laster haatik giroa poliki berotzen hasiko da tokika, salbu zerrenda bakarra duten herrietan. Eta iduri luke herri andana batean lista bakarra dela presentatzen, azken agintaldian herriko giderrak atxiki dituztenek bozkatzaileen gehiengoa satisfatu duketelako marka hain segur edo menturaz interes eskasean, gerta baitaiteke holakorik ere. Entzun dugunaz, ba omen dira ere herri bakar batzuk hautagai zerrendarik gabe. Agian azken puntan batzuk mugitu dira!

Herri baten kudeatzea, ttipia izanik ere, ez da lan errexa. Eta behar da nahikari eta kar bide horri maldan gora lotzeko. Dosierren muntaketak gero eta korapilatsuagoak bilakatuak dira, eta...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016