Azalekoa | 2026ko Martxoaren 05a

Lehen astinduak, egungo borrokak

A.E.

2023ko martxoan, Sainte-Soline herrian, ur erreserba erraldoien kontrako ibilaldia
2023ko%20martxoan_%20Sainte-Soline%20herrian_%20ur%20erreserba%20erraldoien%20kontrako%20ibilaldia

2025ean, “Lehen astinduak. Iraultza ekologista bat” liburua idatzi du Lurraren Altxamenduak kolektiboak, Eider Beobide itzultzaile donostiarrak euskaratu duena. Liburu hori abiapuntutzat ukanez, Ostia sareko kide, Ipar Euskal Herriko borroketan inplikatuak, baita Notre-Dame-des-Landesetako ZADean (zone à défendre) diren Dominika Daguerre eta Hartzea Lopez Aranarekin trukatu dugu, egungo egoera orokorkiago aipatzeko.

Borroka ekologista paperera

Azken urteetan Europan sortu den mugimendurik zabal, erradikal eta sortzaileenetakoa da Lurraren Altxamenduak. “Lehen astinduak” liburuan, bere lanaren arrazoiak, ekologismo erradikalaren oinarriak eta lurrarekilan duen engaiamendu antiarrazista azaltzen ditu, baliabide ugariren bidez: kantu zatiak, diskurtso landu eta poetikoak, argazki eta planak, adibide zehatzak eta militantzia ulertzeko gaur egungo ereduak.

Beste hainbat liburu politikorekin konparatuz, lan hunen berezitasun nagusietakoa da etengabeko joan-jina egiten duela borroka konkretuetatik teorizaziora. Ez da diskurtso abstraktuetan gelditzen, edozein militantek bere jardueran topatzen dituen arazoei, galderei eta eztabaidei erantzun posibleak proposatzen dizkie, dogmatismorik gabe.

Lurraren Altxamenduak kolektiboa

Kolektiboa 2021ean sortu zen, Notre-Dame-des-Landesetako ZADean. 40 urteko mobilizazio enblematikoen ondorioz, nazioarteko aireportu baten eraikitzearen proiektua ez zen gauzatu. Garaipen huntatik, ekologia politikoari hats berria emateko xedearekin bultzatu zen Lurraren Altxamenduak-en sorrera.

Kolektiboaren sortzea hiru iturritatik etorri zen: larrialdi klimatikoaren inguruko mugimenduak, laborariak eta mugimendu autonomoak.

Masa‑ekintza zuzenaren alde egiten du, blokeoak, armagabetzeak eta lurren okupazioak antolatuz.

Egun, kolektiboa bi moldetan antolatua da: lokalki eta Frantzia mailako koordinaketen bidez.

Militante sakrifikatu batzuen artean egoerak aldatu nahi izatea baino, borrokak bestarekin eta zaintzarekin lotzea da kolektiboaren xedea, elkar lagunduz.

Herritarren borroken garaipenak

Herritarren mobilizazioari esker zenbait garaipen oroitu dituzte Dominika Daguerre eta Hartzea Lopez Aranak. Ipar Euskal Herriari dagokionez, azkena Angeluko Juzan oihanarena izan zen urtarrilean, nun Baionako auzitegiak Euskal Elkargoa kondenatu zuen arbolak legez kanpo mozteagatik. Hego Euskal Herrian berriz, joan den abenduan, Bizkaiko Urdaibaiko biosferan eraiki nahi zen Guggenheim museoa bertan behera gelditu zen.

Kanboko Marienea aferan berriz, laborari eta herritarrak elkartu dira, espekulaziotik babesteko. Ostia sareko bi militanteek Marieneko borroka irabaztea espero dute, artifizializazioa edota espekulazio kasuen aitzinean jendea erresistentziara deituko lituzkeena.

Hala ere, bi protagonisten hitzetan, lorpen horiek ez dira aski, eta hondamendia gero eta handiagoa da. Arduradun politikoek multinazionalen logika laguntzen dute, ingurugiroaz axola direla sinetsaraziz.

Egungo gatazkak

AHT, autopistak (A69), ur erreserba handiak, ubide handiak, plataformak, pestiziden enpresak, E-Cho (kerosenoa ekoizteko oihana ustiatuko duena), turismorako luxuzko proiektuak (Aroztegia Baztanen),… ugariak dira egungo gatazkak.

Hondamendi ekologikoarekin batera, Dominika Daguerre eta Hartzea Lopez Aranak zioten faxismoaren gorakada eta gerlarako prestakuntza direla arazo gero eta nagusiagoak, hiruek elkar elikatzen dutenean.

Nahiz egoera dorpea izan, bi militanteek azpimarratu dute ez direla ezkor egoteko garaiak, ahal den leku guzietan eragin behar dela, denen ekarpena baliosa baita.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Azalekoa | 2026/02/26

Musak lotu, euskarak batu

A.E.

2024ko Xiberoako final nazionala Altzai herrian
2024ko%20Xiberoako%20final%20nazionala%20Altzai%20herrian

Xerar Urrutia euskal kulturari lotua den urruñarra da. Euskal Herriko mus federazioko sortzaileetarik da, eta egun koordinatzaile lana segurtatzen du. Duela zenbait urte, Herria kaseta huntan Munduko eta Frantziako Mus Txapelketak aipatu ondotik, aldi huntan Euskal Herrikoaren aldi da. Xerar Urrutiak hainbat xehetasun eman dauzkigu.

Irakurri segida

3823. zbk

Gure Hitza | 2026/02/26

Herriko bozak azken txanpan

Peio Jorajuria

Herriko bozetako hautagaien zerrendak otsailaren 26rako behar dira prefekturara helarazi (ostegun hontarako beraz) eta kanpaina ofiziala martxoaren 2an hasiko da. Orain arte bazterrak aski lasaiak izan dira, herri bakar batzutan salbu, hauetan tirabirak, mehatxuak, gutun anonimoak ere loratu omen baitira, baina salbuespenak izan dira. Laster haatik giroa poliki berotzen hasiko da tokika, salbu zerrenda bakarra duten herrietan. Eta iduri luke herri andana batean lista bakarra dela presentatzen, azken agintaldian herriko giderrak atxiki dituztenek bozkatzaileen gehiengoa satisfatu duketelako marka hain segur edo menturaz interes eskasean, gerta baitaiteke holakorik ere. Entzun dugunaz, ba omen dira ere herri bakar batzuk hautagai zerrendarik gabe. Agian azken puntan batzuk mugitu dira!

Herri baten kudeatzea, ttipia izanik ere, ez da lan errexa. Eta behar da nahikari eta kar bide horri maldan gora lotzeko. Dosierren muntaketak gero eta korapilatsuagoak bilakatuak dira, eta...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016