P.J.
2017ko urtarrilaren 1etik goiti, trantsizio energetikoaren alorreko legeak debekatzen du produktu fitosanitario kimiko edo, bestela erranik, pestiziden erabiltzea gune publikoetan. Herriak behartuak dira, beraz, bestelako aterabideak aurkitzera, bide bazter, baratze publiko, hilerri eta gisa horretako toki publikoak garbi atxikitzeko. Aitzin horretan, Bidarraiko plazan gaindi ibiliz, pankarta bat ikusi dugu abisu honekin: "Zero pestizida Bidarrain, zure osasuna zaintzeko eta legearen arau
Ur edangarria zaindu
Badu zenbait denbora jadanik, legeak inposatutako epe horretara heldu aitzin, Errobiko Ibarraren Sindikatua, Aturri Garona Agentziarekin partzuergoan jarririk, arranguratua dela ingurumena eta jendearen osasuna pozoineria guzietatik zaintzeaz, lehen lehenik uraren kalitatea segurtatuz. Alabaina, Errobiko urak 200.000 jenderen ur-edangarriaren iturri dira (udan 400.000rena). Pentzetan eta herrietako gune publikoetan erabiliak diren pestizidek haatik ur hori handizki pozoindatzen dute. Pestizidak bazterturik, tresnak badira bazterrak garbitzeko, hala nola belar kentzaile termikoa, belar "tzarrak" berotzen dituena, erre gabe haatik, eta hiruzpalau urteren buruan ondorio onak seinale omen dira. Doi bat luze dela aurkituko dute batzuek baina pazientziarekin ari izan behar. Badakigu pozoiek kasik berehala suntsitzen dutela belar tzarra, baina zenbait aste edo hilabeteren buruan berriz hor dugu, erroak sekula baino azkarrago. Eta hau ere erran digu Lidia Arrossak: "Bazterretan heldu zigun belarra 'tzarra' dela baitiogu, gure mentalitateak aldatu behar genituzke, belar 'tzar' asko bizitzera utziz, naturako elementuak baitira, bazterren apaintzaile; ez gara xoko guziak etxe-aitzineko soropil edo belardiak bezain garbi atxikitzera behartuak!".
Formakuntza ikastaldiak
Zenbait herritan, herriko langileek beretua dute lantresna termikoen erabilera, sasi garbitzeko makinak eta beste, pestizidak bazterturik. Praktika hori herri guzietara emendatu behar liteke. Eta horretara heltzeko Errobiko Ibarraren Sindikatuak formakuntza egunak antolatzen ditu eta Aturri Garona Agentziak lantresnen erospenak diruztatzen (%70eko heinean), Errobiko sindikatuaren bidez pasatuz haatik. Joan den irailean, adibidez, Bidarrain iragan zen hamabost bat herritako 40 langile eta hautetsiren informazio egun berezi bat. Izan ziren herri zenbaitetan egiten denaren lekukotasunak, tresna berri batzuen mustraketak, besteak beste belar kentzaile termikoarena. Eta martxo honetan ere baditu "Zero pestizida ene herrian" izeneko formakuntza egunak antolatuak Errobiko Ibarraren Sindikatuak, herrietako langile tekniko, idazkari eta hautetsientzat,
Kanbon, Arnagako baratzeetan. Bat
martxoaren 16an, ostegun goizez (8:30-12:30), beste bi
martxoaren 27an eta 28an, astelehen eta asteartez (8:30-16:30). Izanen dira herri batzuetan egiten denaren lekukotasunak (Arbonan, Baionan, Uztaritzen), Pantxo Azarete Arnagako baratzezain nagusiak ere bere jakitatea zabalduko du (bigarren ikastaldian). Lekukotasun, tailer eta solasaldi askoren parada ukanen dute hor parte hartzaileek, galdera askoren ihardespenak bilduz: nola antolatu pestizidarik gabeko garbiketak, horretarako nolako materiala erosi, horrek guziak zenbat gostako ote duen herriarentzat eta beste. Eta Herriko Etxeek egiten duten indar hori, noizbait araiz laborariek ere eginen dute, pestizidak beren ibilmoldeetatik baztertuz edo bederen gutxituz!