Euskal diaspora | 2017ko Martxoaren 10a

Kirmen Uribe AEBetan, euskal-australiar mera eta Buenos Airesen 140 urte

Joseba Etxarri

Egun zazpi probintzietako euskaldunak biltzen dituen Buenos Airesko 'Laurak Bat' Euskal Etxeak 140 urte beteko ditu helduden astelehenean, eta aste osoko programa batez ospatuko du

EUSKAL LITERATURA, AEBetako UNIBERTSITATEAN

Bere sormen lana erakusten ibili da aste huntan Missourin, Kirmen Uribe euskal idazlea, "Washington University in St Louis" unibertsitateak gomitaturik. Unibertsitate hau, 23. unibertsitate onena da, munduko unibertsitateen Shanghai ranking-ean, eta aurten Uribe euskal poeta eta idazlea gomitatu du, bere lanari buruz mintzatzeko, euskal sortzaile gisa. Idazle ondarroarrak Unibertsitateko doktoregaien aitzinean eman ditu lau eskola, eta beste mintzaldi bat unibertsitate osoari eman dio, iragan asteartean, euskara bezalako lengoaia txiki eta zahar batean literatura handia eta garaikidea nola egiten duen azaldurik.

XAREA GOITI ARGENTINAN

Aitzina ari dira Argentinan xare euskal pilota moldea hedatzen. Buenos Airesen eta La Platan 'Basilio Balda' eta 'Vicente del Rio' txapelketak eginen dituzte azaroan. Baina ororen buru gogor ari dira pilota eskola berriak sortzen, eta FIPV eta IparraldeArgentina lokarriak azkartzen. Aipatu txapelketek AEB, Mexiko, Kuba, Txile, Argentina, Uruguai, Espainia eta Frantziako partaideak ukanen dituzte. Pablo Ubierna FIPVko idazkari laguna den euskal-argentinarrak HERRIAri aitortu dionez, hiru eskola berri sortzea igurikatzen du aurten berean, Uruguain (Flores, Colonia eta Montevideo interesatu dira), Estatu Batuetan (Chinon, Apphessetchetarren trinketean) eta Venezuelan.

EUSKAL AUZAPEZA AUSTRALIAN

Hala jakin dugu, iragan urte ondarretik Australiako Hinchinbrook Shire herriak, North Queensland estatuan, Ramon Jayo hautatu duela auzapez. Bizkaiko Aulestiko immigranteen semea da Ramon Jayo, aita eta ama herriko 'Garaur' eta 'Zatokiz' baserrietan sortuak eta 20. mendeko bigarren partean Australiara emigratuak. Bozken %51.85rekin atera zen auzapez, bigarren hautagaiak %32,44 ardietsi zuela. Lokarria atxikitzen dute Jayok eta bere familiak Euskal Herriarekin, eta bisitan jinak dira, euskara ere hein batean gorderik.

140 URTE BUENOS AIRESen

Lehenago ere aipatu dugu xoko huntan aurten 140 urte beteko dituela Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxeak. Urtebetetze egun hori heldua da: ekitaldiak helduden astelehenean hasiko dira --egun hori, martxoaren 13a, baita urtebetetzearena-- Euskal Etxearen egoitzan, topa eginez eta agurra dantzaturik. Ondoren, 15ean, Nazioarteko Kongresu bat eginen da Buenos Airesko Unibertsitatean (UBA) migrazio, errefuxiatu eta erbesteratuez eta Giza Eskubideez. Ostegunean, ikertzaileen bilkura bat eginen da, migrazioez, Jon Ander Ramos ikertzaile euskalduna koordinatzaile; eta pilota partidak Laurak Bat Euskal Etxeko trinketan. Ebiakoitzean, 18an, "Buenos Aires Celebra" ekitaldia izanen da hiriburuko karriketan eta Euskal Erromeria Laurak Bat-en. Igandean, azkenik, bazkaria eta besta handia Euskal Etxe berean. Zorionak, Laurak Bat!
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3391. zbk

Ez joan sobera aitzinerat eta ez egon arrunt gibelean.

Txinako erran zaharra

Gure Hitza | 2017/03/10

Emazteen lekua gizartean

Jean-Louis Harignordoquy

Urtero martxoaren 8an izaten da emazteen eskubideen eguna. Emazte ainitzek beren arteko bazkari bat eginez ospatzen dutena, eta horretan geldi. Aldiz, beste zonbait joaten dira gogoeta bilkuretara edo entzun-ikusgarri batzuetara. Nahiz emazteen eskubideak urte guzian errespetatu behar liratekeen, egun horretan egiten zaie aipamen berezi bat.

Urtero martxoaren 8an izaten da emazteen eskubideen eguna. Emazte ainitzek beren arteko bazkari bat eginez ospatzen dutena, eta horretan geldi. Aldiz, beste zonbait joaten dira gogoeta bilkuretara edo entzun-ikusgarri batzuetara. Nahiz emazteen eskubideak urte guzian errespetatu behar liratekeen, egun horretan egiten zaie aipamen berezi bat. Lotsagarri da gaur egun oraino entzutea, berdin gure etxetarik ez hain urrun, gizon odol beroengandik zonbat eraso eta bortizkeria mota jasan behar ukaiten dituzten emazte gaixo batzuk. Amodio eta elkarrizketa falta, alkoholaren eragina, bizitzeko diru eskasia edo ezin ordainduzko zorrak izaten dira muturreko egoeren sortzaileak. Gure eskualdean, emazteen eskubideak eta parekotasuna beti errespetatzeko aldarrikapenen adierazle ona da Emazteek diote Hazparneko elkartea. Plazaratzen diren gertakari deitoragarrien salatzen ere ikasia dute. Bestalde, zenbakiek erakusten dute lan munduan lan berarentzat emazte zonbait gizonak baino gutxiago...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016