Egun eta bihar | 2017ko Martxoaren 10a

Egun eta Bihar

J-B D.

Saltsa izigarria!

Egundaino ez ahal da holako saltsa nahasirik ikusi, bereziki eskuinalde hortan, president-bozak sei asteren buruko hor izanki-eta! Egun guziz badira uste-gabeko gertakari pisu batzu! Lerro hauk idatzi ditugu astelehenean bainan baditake irakurtuko dituzuenean, ortzegunean, gauzek oraino beste itxura bat hartua ukanen duten! Dena den, laborantzako saloinerat joaitekoa zen goizean François Fillon gobernuburu ohiak jakin du, bere abokatek e rranik, ikerketa juje batzuen aitzinerat agertu behar duela marxoaren 15-ean, helduden astean beraz, auziperatua izaiteko irrisku handienarekin. Denak utzirik, geroxago ere joanen zela Saloineko behi, asto eta xerrien ikusterat, prentsaurreko batean mintzatu da salatuz gisa hortan gertatu zaiona. Hori ez dela arrunt kontra dituen batzuen jukutria hits bat baizik, president-bozak hoin hurbil-eta, bere kanpainaren trabatzeko eta nahasteko egina... Goraki erran du ez duela gibelerat eginen, traba guzien artetik edo(eta) gainetik aitzina nahi duela segitu. Segurtatuz ere haatik jujeen ganat joanen dela heiek À¯'¬' nkatu egunean eta gogoan duena erranen diotela ahoan bilorik gabe... Batzuk diote halere jujeen gomita horrekin Fillonek berriz ere tanto batzu galdu dituela. Beste askori iduritzen aldiz tanto batzu irabazten ahal ere dituela, gisa hortan erakutsi duelakotz zoin deliberatua den, bidean kausitu traba horiek denen buru azkartzen balute bezala eta ez batere ahultzen... Dena den, igande aratsaldean, Pariseko Trocadero plazan, Fillonen aldeko elgarretaratze erraldoi bat egin da. 200.000 lagun bildu dira euriak euri antolatzaileen arabera. Handienez 50.000 polizaren gustuko. Fillon bera sekulan baino deliberatuago, itxuren arabera segurik...

Bainan...

François Fillon tematsu bainan bere aldekoak zituen asko dudakor eta uzkur. Bruno Le Maire minixtro ohia lehena izan da, Hauste eguna zen asteazken mugimendutsu hortan, gibelerat egin dutenetan. Zonbait deputatuk segitu dute aratsalde berean. UDI erdiko alderdian biziki uzkur agertu dira. Sondaiak ere gisa hartakoak dira, gehiengo batek dauka Fillonek ez duela aitzina segitu behar hautagai. Bainan hola mintzo direneri beti arrapostu bera egina zaiote, nork hartzen ahal duen segida. Berriz aipatu da Alain Juppé, berak bizpahiru aldiz aski gora errana bazuen ere etzuela Fillonen tokia hartu nahi. Frango ari zaizkion halere otoizka! Astelehen goizean haatik, garbiki mintzatu da, berriz erranez ezetz eta ezetz ez dela hautagai izanen! Hainbestenarekin, batzu arras berotuak François Baroin litakeela eskuindarren hautagai egokiena... Horiek hola, badira ere galdetu dutenak president-bozen gibelatzea! Gauza bat hori ere ez dena hola eta hola egiten ahal! Anartean, Emmanuel Macron da aitzinerat ari, gero eta jende gehiago bere alde bilduz. Noiz arte joanen ote da alde bat azkartuz?

Bi oren!

Zalutasun edo abiadura handiko treinarekin bi oren askiko dira Bordeletik Pariserat heltzeko. Gisa hortako muntadurak estreinatu baitira Tours eta Bordele bi hirien artean. Besteak beste burdinbide berri bat. Obra horiek gosta dira kasik zortzi miliar euro eta iraun dute bost urte... Estreinaldia egin da Charente eskualdeko Villognon herrian, François Hollande presidenta denen aitzinean. Zendako herri hortan? Hor plantatua baita MESEA lantegia, burdinbide berriaren mantenuaz arduratzen dena. Ustegabeko gertakariño bat izan da presidenta mintzo zen denboran. Bat-batean tiro bat entzun da. Denak harritu dira eta presidenta bera ere apur bat ixilik gelditu da. Berehala jakin da haatik jandarme batek zuela tiroa errekontruz eta arrunt ustegabetarik emana. Bi lagun guti aski kolpatuak izan dira eta jandarmeak hartu omen du larderialdi bat ona... Uztailaren 2-tik goiti dira treinak zalutasun handian ibiliko burutik buru Bordele eta Pariseren artean. Gero eta jende gehiago izanen dea trein hortan? Hori gero ageriko. SNCF etxe handiak aitortzen du lehen urtean segurik sosaren aldetik galtzetan izaiten ahal litakeela... Luzarat haatik irabazle, obra guziak mentura hortan akulatuak-eta... Horiek hola, jadanik badira ere arrangura batzu, zalutasun handiaren estakuruan ez ahal dituztela prezioak sobera kariotuko... Jadanik erakusterat emana izana delarik egia erran Bordeletik Pariserat joaiteko hamar edo hamabost euro gehiago beharko dela pagatu... Anartean, bere hitzaldian, Hollande presidentak gaitzeko espantuak egin ditu bai zalutasun handiko treinaz bai eta Villognon herrian akulatzen ari dituzten obra erraldoiez...
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3391. zbk

Ez joan sobera aitzinerat eta ez egon arrunt gibelean.

Txinako erran zaharra

Gure Hitza | 2017/03/10

Emazteen lekua gizartean

Jean-Louis Harignordoquy

Urtero martxoaren 8an izaten da emazteen eskubideen eguna. Emazte ainitzek beren arteko bazkari bat eginez ospatzen dutena, eta horretan geldi. Aldiz, beste zonbait joaten dira gogoeta bilkuretara edo entzun-ikusgarri batzuetara. Nahiz emazteen eskubideak urte guzian errespetatu behar liratekeen, egun horretan egiten zaie aipamen berezi bat.

Urtero martxoaren 8an izaten da emazteen eskubideen eguna. Emazte ainitzek beren arteko bazkari bat eginez ospatzen dutena, eta horretan geldi. Aldiz, beste zonbait joaten dira gogoeta bilkuretara edo entzun-ikusgarri batzuetara. Nahiz emazteen eskubideak urte guzian errespetatu behar liratekeen, egun horretan egiten zaie aipamen berezi bat. Lotsagarri da gaur egun oraino entzutea, berdin gure etxetarik ez hain urrun, gizon odol beroengandik zonbat eraso eta bortizkeria mota jasan behar ukaiten dituzten emazte gaixo batzuk. Amodio eta elkarrizketa falta, alkoholaren eragina, bizitzeko diru eskasia edo ezin ordainduzko zorrak izaten dira muturreko egoeren sortzaileak. Gure eskualdean, emazteen eskubideak eta parekotasuna beti errespetatzeko aldarrikapenen adierazle ona da Emazteek diote Hazparneko elkartea. Plazaratzen diren gertakari deitoragarrien salatzen ere ikasia dute. Bestalde, zenbakiek erakusten dute lan munduan lan berarentzat emazte zonbait gizonak baino gutxiago...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016