Euskal diaspora | 2017ko Martxoaren 23a
Euskal Diaspora
Joseba Etxarri
Zuri-gorri-berdez beztitu da joan den astean Buenos Aires
Buenos Aires, Argentina
"Euskal Herri tipia iduri du", "bada hemen euskaldun sentimendua" edo "handia da hau, euskaldun besta honi so aise konprenitzen ahal da Argentina dela munduan euskal etxe gehien eta euskal diaspora nonbre handienean duen herrialdea". Gisa huntako komentario edo iruzkinak entzuten ahal ziren iragan ebiakoitzean Buenos Airesko Mayo Etorbidean antolatu euskal elgarretaratze handian. Iragan aste osoan, Buenos Aires, Diasporako euskaldunen hiriburu bilakatu da, batetik astelehenarekin, martxoaren 13arekin, 140 urte bete baititu hiriko Laurak Bat Euskal Etxeak, 1877an sortua munduan bortak idekirik segitzen duen euskal etxe zaharrenak, eta hori ospatzeko, igandean bururatu den astebeteko besta eta kultura programa oso bat obratu zuten.
Bainan, ber denboran,
eta aurten programa hortako parte, hiriak "Buenos Aires Celebra" ekitaldia egin du, martxoaren 18an. Buenos Airesko Herriko Etxearen ekimena da "Buenos Aires Celebra" (BAC) saila, Buenos Airesen diren kanpoko gizatalde eta komunitateeri eskainia, eta hor, joan den larunbatean, "Buenos Airesek EH ospagai" edo "Buenos Aires Celebra al País Vasco" ekitaldia egin dute, egun osokoa, hiriaren bihotza den Mayo Etorbidean, Cabildotik eta Argentinako lehendakariaren egoitza den Etxe Larrosatik arras hurbil. Hogei-hogeita bost mila jende bildu direla erran dute. Baziren hor Argentinako 17 euskal dantza talde, hainbat euskal etxe, musika, gastronomia, kultur talde... Eusko Jaurlaritzak bazuen bere standa, eta aurten lehenengoz Nafarroako Gobernuak ere (heldu den urtean Iparraldeak?), kultura eta turismoaren saltzeko. Jendea loriatu da. Munduko euskal besta handietarik da BAC.





