J-B D.
Hameka!
Pariseko legezain nagusiek atera dituzte beren konduak: hameka dira beraz azkenean president-bozetan hautagai agertzen ahal direnak, hameka gutienez 500 aitatxi edo(eta) amatxi segurtatu dituztenak. Bi emazte eta bederatzi gizon. Emazteak,
Marine Le Pen eskuinburukoa eta
Nathalie Arthaud ezkermuturrekoa. Gizonetan, hiruk azken puntan ardietsi dute aski babesle ukaitea, horiek dira
Jean Lassalle deputatu biarnesa À¢'€'" 708 babespen bildurik denen buru-
Jacques Cheminade, denetako xaharrena (75 urte), eskuinburukoetarik hurbil dabilana, eta
Philippe Poutou ezkerburukoa. Babesle gehiena ukan duena,
François Fillon eskuinburukoa, 3635 babeslerekin, sailkatze hortan ondotik dituela
Benoit Hamon sozialixta (2039 babesle) eta
Emmanuel Macron (1829), hautagaietan gazteena (39 urte joan den abenduan eginak).
Babespen gutiena ukan duena Jacques Cheminade eskuindarra (528). Egia erran, doi-doietarik edo airez-aire gainditzea 500-eko ozka hori, berdin da denen buru... Ja izendatu horietaz bestalde, hautagai dira ere
Nicolas Dupont-Aignan eta
François Asselineau, biak arrunt eskuinaldekoak, eta
Jean-Luc Mélenchon ezkertiarra. Nunbaiteko bitxikeria gisa batez segurik,
Alain Juppé Bordeleko auzapezak 313 babespen ukan ditu aski errana zuelarik etzela gehiago hautagai.
Michèle Alliot-Marie gure Kostaldeko deputatu ohia arras babespen gutirekin gelditu da, 74-ekin alabainan... Bainan zinez nahi zuena hautagai izan?
Nahasiak
Badira kondu egile trebeak hor gaindi. Norbaitek ekarri badazkit hamahiru xingar azpi eta beste norbaitek beste hamabi, kondu egile erneak berehala erranen du hogoita-hiru xingar azpiren jabe naizela. Eta nehork ez du erranen kondu hori makurra dela! Batzutan haatik, kondu xuxena ateratzen duzu paperean bainan ez da egiazki hala! Holako zerbait gertatzen da naski ezkerralde hortan president-bozak hilabete baten buruan direlarik. Sondai gehienek diote
Benoit Hamon sozialixtak bozen %13-a segurtatzen ahal lukeela eta aise ezkerragotik dabilan
Jean-Luc Mélenchonek %11. Kondu egile erne zonbaitek diote beraz biek elgar aditzen balute, batek bere tokia besteari utziz, ezkerralde hortako hautagaiak mentura pollita balukeela bigarren bozaldirat heltzeko, bozen %24-ekin. Eta bai, kondua xuxena da, arrazoinamendua da txarra! Alde batetik, ez da errana %24 hori arras aski litakeela bi lehenetan izaiteko. Bestetik, gehiago dena, ez uste izan bozen gehiketa hola egin litakeela. Hamon izanez hautagai, Mélenchonen aldeko guziak ez luzke bere alde. Gisa berean, Mélenchon hautagai, Hamonen aldeko frango uzkur geldi litazke. Gainerat, eta azen ontzeko, Mélenchon garbiki mintzatua da, ez du holako traturik aditu ere nahi! Hots, batzuk hoin polliki egin konduak ez du deusik balio! Hauxe da giro nahasi eta mintua! Horiek hola, larunbatean, mundu bat bildu da Parisen - ehun mila lagunez goiti - Mélenchonen dei bat entzunik. Hamonen kanpaina aise mottelagoa da, orainokoan segurik...
Hitzekoa ala ez?
Mélenchon badoa beraz bere aldetik eta Hamon ere ba beretik, bere xede batzu hein bat goxaturik nolazpait, ez ezkerragotik doatzinen biltzeko bainan izaitekotz eskuinagotik joan nahi duten batzu bereganatzeko. Lan zaila hori, jakinaren gainean
Emmanuel Macron ere hor dela, azkar eta deliberatua! Ezagun da beraz ezkerralde hortan arras nahasiak daudela, eta bereziki sozialixten artean. Iduri du beren arteko bozkatzea, joanden urtarrilean, debaldetan egin dutela. Hautagai zirenek hitzemana zuten alabainan partida hori irabaziko zuena leialki eta xintxoki sustengatuko zutela. Bigarren bozaldi aratsean, Benoit Hamon eta
Manuel Valls elgarri konplimenduka ere arizanak, bat lehen ateratua eta bestea bigarren... Eta orai nun da Manuel Valls? Dena itzuli mitzuli, ezkerrekoen batasuna gauza ederra dela segur bainan berak ez duela Hamon sustengatzen ahal, Hamon hori sobera urrundua dela alderdi sozialixteko kide ainitzek igurikatzen dutenetik... Batzuk diote Valls ez dela batere hitzekoa, beste batzuk bere arrazoinak ere badituela, kondutan hartu behar direnak. Bai, zinez arrunt nahasiak dabiltza ezkerralde hortan...
Zonbat bortizkeria!
Berriz ere erraiten ahal dugu segur, eta zorigaitzez, zernahi bortizkeria badela gutien ustean! Hala nola
Grasse hiriko ikastegi batean gertatu den hori, han berean ikasle zen mutiko gazte bat, 16 urtekoa, tiroka mendekaturik bai bere laguneri eta bai ere zuzendariari. Zortzi kolpatu denen buru! Edo berdin Pariseko aldean izan den ixtorio minbera,
Orlyko aireportuan bururatu dena. Itxura guzien arabera ixlamixta atrebituetarik zen gizon bat tiroka mendekaturik lehenik poliza-gizon bati, gero ostatu batean zauden jende zonbaiti eta azkenik soldado batzuri. Gizon hori, arrunt asaldatua zena, kaxketadunek hil dute beren burua zaintzea gatik... Untsa gertakari hitsa hori ere..