Gure Hitza | 2017ko Maiatzaren 04a
Esperantza bide ala ilusione huts?
Peio Jorajuria
Igandean trenkatuko da Frantziako lehendakaritzarako bozaldia. Bigarren itzuli horretan, ustekabeko lurrikara salbu, fronte errepublikanoak hein bat aise gainditu behar luke Fronte Nazionala.
Igandean trenkatuko da Frantziako lehendakaritzarako bozaldia. Bigarren itzuli horretan, ustekabeko lurrikara salbu, fronte errepublikanoak hein bat aise gainditu behar luke Fronte Nazionala. Ez menturaz hastapen batean pentsatuko zen nagusitasunarekin, abstentzio handia izan baidaiteke, Fronte Nazionala faboratuko duena. Ohargarri da alderdi xenofobo hori urtetik urtera indartuz doala, ez baitezpada bere ideia arrazistek erakarrarazirik baina eskuinaren eta ezkerraren orain arteko politika kaskarrek hazirik. Politika horiek bazterrera bota duten jendea da, ezin bertzean eta etsiturik, eskuin burura lerratu, langabezia handia eta inmigrazio saldoak jasaten dituzten eskualdetan bereziki. Gure eskualdeko jendea ere doi bat, beti gehiago, alta ez lukeelarik arrazoi berezirik horretarako. Harrigarri zaigu ikustea Etxarrin Fronte Nazionala izan dela alderdi bozkatuena lehen itzuli horretan, eta bertze herri batzuetan bigarren alderdi bozkatuena, Haltsun, Luhuson, Aintzilen, Gixunen, Urketan, Bidaxunen, Akamarren...
Horiek hola, igandean jendearen gehiengoak, gogo onez ala gogoz kontra, Emmanuel Macronen alde bozkatu behar luke. Frantziak sekula izan ez duen lehendakari gazteena bilakatuko da, 39 urterekin. Eta Marine Le Pen, nahiz La France Debout alderdiko Nicolas Dupont-Aignan uztartu zaion, espaloian geldituko da, luzerako araiz. Baina bozkariatu behar garea Macronen hautaketa hortaz? Presidente berri izan daitekeenaren gaztetasuna egiazki freskotasunaren seinale dea? Orain arteko eskuineko eta ezkerreko bi alderdi handi klasikoak alde bat baztertuak izan balin badira ere, ez ote dira bi alderdi horietako asko Macronen "En marche!" mugimendura buruz itzuliko, ororen buru orain arteko politika liberal suntsigarri berdina dutela aitzina eramanen? Macron bera, bere aingeru itxurarekin, ez ote dute, zenbaitzuk dioten bezala, bankuek, enpresek eta hedabideek zizelkatua, aulki gorenean jarrarazteko, handi eta aberatsenen faboretan joka dadin? Itxuratzen duen zentrismo hori ez ote da ilusione hutsa? Bideratuko duen politikak, programari À¯'¬'datzen balin bagara segurik, ez ote du aldi bat gehiago sozial desastrea sustatuko? Galderak hor ditugu trumilka, kezka iturri.
Gaurko politika jasangaitz hori saihesteko, frankoren arabera alternatiba baikor bakarra ororen buru ezkerraren ezkerrak baizik ez zuen proposatzen, nahiz hau franko jakobinoa izan. Baina, hara, Mélenchonen intsumituak baztertuak izan dira, emaitza ederra erdietsirik ere. Heldu den igandeko hautaketarekin ez da haatik dena trenkatuko. Eskuin-muturrari bidea trabatzea baitezpadakoa da baina ez da aski izanen. Lehendakari berriak, tronu sakratu ederrenean jarririk ere, errege iduri, araberako gehiengoa beharko du eskuak hein bat libre gobernatzeko. Ekaineko diputatu bozek erakutsiko dute gehiengoa ala gutiengoarekin gobernatuko duen. Deusik ez da beraz oraindik egina.