Inbido | 2017ko Maiatzaren 04a

Guiana departamendua

Muslaria

Aitzineko aste horietan azkarki aipatu da Hego-Ameriketako Guiana frantses departamendua, gaitzeko nahasmenduak izan baitira han gaindi, zernahi greba eta manifestaldi, bideak zerratuak, lantegiak ere, saltegietan gauza frango eskastuak...

Aitzineko aste horietan azkarki aipatu da Hego-Ameriketako Guiana frantses departamendua, gaitzeko nahasmenduak izan baitira han gaindi, zernahi greba eta manifestaldi, bideak zerratuak, lantegiak ere, saltegietan gauza frango eskastuak... Gaitzeko sukarra zinez! Gobernuak bi minixtro harat igorri ditu, eta ez sakelak hutsik, berehala miliar bat euro hitzeman baitute laguntza gisa. Eta ixtanteko beste bi miliar, ez segidan emaitekoak haatik, bainan goitxago edo berantxago, behar-orduak ikusiz. Gisa hortan egia erran, bazterrak lasaitu dira hilabete batez biziki minbera egonik bainan nehork ez daki luzarat zer gertatzen ahal den. Bestenaz ere heldu den ekainean gobernu berri bat izanen baita Parisen eta nehork ezin erran nola plantatuko den Guianaren garapena sustatu beharrez eta hango egoera sanoagoa izan dadien...

Aspaldian bazen Guianan ainitz arrangura, eta arrangura pisuak, bainan etziren aditzen Parisen, edo ez adituarena egiten zen, gobernua izan eskuinaldeko edo ezkerraldeko. Oraikoan haatik, jendea aski kexaturik, nola segi aitzina kondutan hartu gabe hoinbeste aldarrikapen samin eta kirets?

Bost mende

Frantses ekarria den Guiana ez da izen bereko eskualde zabal baten zati bat baizik. Eskualde hori Europatik harat joan ziren itsasturi batzuk menperatua eta beren artean partikatua, onez onean edo zonbait zalaparta goiti-beheiti. Hango bereko jendeaz hanbat axolatu gabe, askok diotenaz batere axolatu gabe berdin! Duela bost mende hasi zen ixtorio hoHan jarri ziren nagusi inglesak, holandesak, portugesak eta beraz frantsesak. Bakoitxak bere eremua mugatuz eta orduko mugak beti hor dira. Haatik inglesek eta holandesek menperatu eskualdeak beren gain plantatuak dira. Portugesena Brasil herrialdearen kondu dago. Frantziak du beretua zuen hura beti bere atxikitzen. Bere legeak berme, arrunt frantsestua. Denbora berean ekarria departamendu eta lurralde. Frantsesa den Guiana hori da eremuz Euskal-Herri osoa baino lau handiz handiago. Parte handiena oihanez estalia. 288.000 biztanle baizik ez haatik, heldu baita Euskal-Herri osoak baino nunbait han hameka aldiz gutiago... Alimaleko eremuak badira zointan nehor ez baita alde bat han bizi. Jendetzaren laurdena Cayenne hiri nagusian dago, beste laurden bat handik hurbil diren hiri zonbaitetan. Biztanle gehien-gehienak edo itsas-hegian edo hango ibaien bazterrean... Arras guti barnekaldean. Eta barnekalde hortan da kokatzen Maripasoula herria, munduan gaindi frantses ekarri lurretan herri handien-handiena dena, gure bizpahiru departamenduk bezenbat toki hartzen duela! Bainan 11.000 biztanle baizik ez!

Esklabo eta beste

Zernahi jende mota bada Guiana hortan. Alde batetik, badira egundainotik hangoak izanak diren "indiano" batzu, sei leinu desberdinetakoak, orotarat 10.000 nunbait han, 3.000 itsas hegian, besteak arrunt hegoaldean berduratuak bezala. Badute zernahi pairamen eta berexkuntza jasanik eta oraino ere jasaiten funtsean. Gero eta gehiago entzun-araziz halere beren nortasuna nahi dutela begiratu. Eta joanden hilabete hortan preseski ez dira ixilik egonak... Badira ere frango motaz afrikano edo afrikarrak direnak, luzaz ainitz jende harat esklabo bezala eremanak izanik... Badira urteak jin eta urteak joan Frantziatik harat joanak han aberasteko menturan... Luzaz Guianan baziren ere gaitzeko presondegiak harat igortzen baitziren handizki zigortu asko eta asko, biziki lan bortitzetan ar-arazteko. Batzuk noizbait ardiesten zuten libratuak izaitea... Badira heien ondokoetarik... Hau arrunt besterik da bainan azken bizpahiru hamarkadetan Guianan plantatu dira ainitz ikerle eta teknikalari jakintsun, Frantziak han muntatua baitu ikertegi eta entsegutegi bat guziz famatua, Kourou deitzen dena, zointarik zerurat igortzen baita zernahi zirta arraro, Ariane eta beste...

Horiek hola, hau ere erran behar dugu: frantsesa dela legezko mintzaira bainan ainitzek mintzo dutela ere hango kreolar berezia eta bestalde badirela zonbait dotzena mintzaira desberdin.

Bestalde, toki eder frango, turismoa ere azkartzen ari, bainan nahiko buru-hausteak: bizia kario, negozio oker ainitz, kontrabanda eta beste, nun nahi gutien ustean bortizkeria asko... Ez baita harritzeko joan den hilabete hortan bazterrak asaldatu badira...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3399. zbk

Badira gauza batzuk badakizkigunak baina guhaur ez ohartzen badakizkigula.

Paul Valéry

Gure Hitza | 2017/05/04

Esperantza bide ala ilusione huts?

Peio Jorajuria

Igandean trenkatuko da Frantziako lehendakaritzarako bozaldia. Bigarren itzuli horretan, ustekabeko lurrikara salbu, fronte errepublikanoak hein bat aise gainditu behar luke Fronte Nazionala.

Igandean trenkatuko da Frantziako lehendakaritzarako bozaldia. Bigarren itzuli horretan, ustekabeko lurrikara salbu, fronte errepublikanoak hein bat aise gainditu behar luke Fronte Nazionala. Ez menturaz hastapen batean pentsatuko zen nagusitasunarekin, abstentzio handia izan baidaiteke, Fronte Nazionala faboratuko duena. Ohargarri da alderdi xenofobo hori urtetik urtera indartuz doala, ez baitezpada bere ideia arrazistek erakarrarazirik baina eskuinaren eta ezkerraren orain arteko politika kaskarrek hazirik. Politika horiek bazterrera bota duten jendea da, ezin bertzean eta etsiturik, eskuin burura lerratu, langabezia handia eta inmigrazio saldoak jasaten dituzten eskualdetan bereziki. Gure eskualdeko jendea ere doi bat, beti gehiago, alta ez lukeelarik arrazoi berezirik horretarako. Harrigarri zaigu ikustea Etxarrin Fronte Nazionala izan dela alderdi bozkatuena lehen itzuli horretan, eta bertze herri batzuetan bigarren alderdi bozkatuena, Haltsun, Luhuson, Aintzilen, Gixunen, Urke...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016