Euskal diaspora | 2017ko Irailaren 21a
Argentinako Euskal Astea, Montpellier, Buenos Aires, Bordele, Ortzaize eta doluminak
Joseba Etxarri
teraia du San Nicolaseko Euskal Etxeak aurtengo Euskal Astearen egitaraua.
SAN NICOLAS
Ateraia du San Nicolaseko Euskal Etxeak aurtengo Euskal Astearen egitaraua. Azaroaren 6tik 12ra izanen da, lehenengoz antolatua Buenos Aires probintziako herri hortan. Musikarien artean, oroit joanen direla besteak beste Euskal Herritik Mikel Urdangarin, Xabaltx eta Michel Etcheverry (Jean-Louis Bergara eta Beñat Chaubadindeguyrekin). Hameka proposamen badira, hitzaldiak, erakusketak, euskara mintzodromoa, jardunaldiak herriko eskolekin, musikaldi, dantzaldi, erromeriak, bazkari-afari jendetsuak... Argentinako euskaldunez gain, Uruguai, Txile, Brasilgoak ere bilduko dira, Euskal Herritik joanen direnekin. HERRIA ere hor izanen da, partzuer eta berri emaiten, Diasporako euskaldunekin bat.
MONTPELLIER
Heldu den igandean, heien urte guzizko euskal besta eginen dute Montellierreko Eskualdunak euskal etxekoek. Eguna, aita Mounhok emanen duen mezarekin hasiko da, 10ak irian, ondotik eguerdi aldean Michel Loustauk egin aperitifa jinen da eta ondoren bazkaria, oren batean, familiak ere partaide. Musika eta giro ona bermatua da, eta dantza eta musika alagera. Izan ere, azaroan Argentinako San Nicolaseko Euskal Astean ari izanen diren Jean-Louis Bergara eta Beñat Chaubadindeguy okupatuko dira dantzari eta kantuzaleak gelditu gabe ari daitezen.
BUENOS AIRES
Ortzegun huntan bigarren hitzaldia emanen du (lehena hilaren 9an eman zuen) Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxean Mikel Ezkerro aditu euskal-argentinarrak "Iparraldeko euskaldunak Argentinan: nola eta noiz heldu ziren, non ezarri ziren, heien lanak eta heien bizia euskal komunitatearen barnean, eta Argentina aitzinarazten lagundu zuten heien arteko pertsonaiak" titulu luzepean. Hala adierazi dio kazeta honi beti euskaldunen alde lanean ari den Norma Rios euskal etxeko idazkari eta kultura arduradunak.
BORDELE
Ez ahantz, bestalde, Ondarearen Eguneko hilabete huntan heldu den astean, buruilaren 28an ekitaldi bat eginen dutela Bordeleko Euskal Etxean "Les Basques à Bordeaux" liburua aurkezturik. Diego Gilek izkiriatua, idazlanak Bordele eta Girondako pilota, euskaldunen lekuak, Euskal Etxea eta hameka istorio biltzen ditu, euskaldunen emigrazio fase desberdinak aipaturik, baina beti euskal nortasuna eta tradizioak atxikitzeko arrenguraz.
AMERIKANOAK
Gogoan atxiki baita ere, heldu den asteko igandean, urriaren 1ean, ospatuko dutela gure inguruko amerikanoek urte guziz urriko legenengo asteburuan egiten duten bazkari eta egun-pasa. Ortzaizeko Mendi-Alde ostatuan izanen da. Izena aste huntan behar da eman. Telefonoz, Christine Oçafrain-Ospital (06 17 93 10 55) edo Henriette Erdozaincy-Ahado (06 81 93 68 88). Edo emailez, henriette.ahado@orange.fr-era idatzirik.











