Inbido | 2017ko Irailaren 21a

38 urte preso egon zen emaztea

Muslaria

Joan den astean, sail huntan berean aipatu dugu Aigues-Mortes Frantzia behere hortako hiria eta kondatu gaitzeko atxikimendu berezia baduela hamahirugarren mendeko Luis IX.a edo Luis saindua erregearen alderat.

Joan den astean, sail huntan berean aipatu dugu Aigues-Mortes Frantzia behere hortako hiria eta kondatu gaitzeko atxikimendu berezia baduela hamahirugarren mendeko Luis IX.a edo Luis saindua erregearen alderat. Hiri hortan beste norbaitek ere ukaiten du noiz nahi aipaldi frango, ez delako errege horrek bezenbat egia erran bainan beste ainitzek baino aise gehiago... Hori da emazte bat, Marie Durand. Herritar guziek badakite nor izana den emazteño hori eta kanpotiarreri ere, bereziki hiriaren bisitaldi bat egiten dutelarik turismo-bulegoko segitzaile batekin, kondatzen zaiote nor zen emazte hori, noiz nundik jina, zertarat eta zergatik... Aspaldiko istorioa da, hemezortzigarren mendekoa alabainan...

Deus gaizkirik egin gabe

Marie Durand Vivarais eskualdean sortua zen 1711ean. Ardèche departamenduan beraz. Familia protestanta zen. Anaia bat, Pierre, bazuen apez protestanta. Denbora hartan, Luis XIV erregearen manuz, protestantak biziki gaizki ikusiak ziren. Beren fedearen agertzea bera debekatua zitzaioten. Denbora batez, Henri IV erregeari esker, eskualde hortarik errextasun guziak ukanak zituztelarik. Luis XIV erregearentzat, gauzak argi eta garbi ziren, Frantziaren batasuna gogoan, denek behar errege bera, lege bera eta fede bera. Frantsesez erraiten delarik hori hobeki heldu da beharrirat, hiru hitz elgarren eite handikoak izanez: "Un roi, une loi, une foi". Protestantak gordeka zabiltzan nahi zutelarik elgarretaratu batzu eta besteen etxetan. 1730ean Pierre Durand apezak bere arrebaren etxen - bere sortetxean - egiten zituen bilkurak, Bibliaren irakurketa, prediku eta beste. Norbaitek salaturik hain segur, anai-arrebak preso altxatuak izan ziren. Deus gaizkirik egin gabe, salbu erregearen legea hausten zutela gisa hortan bilduz. Anaia Montpellier hirirat ereman zuten, hiltzerat kondenatu eta urkatu! Gaurko egunean, kasik ezin sinetsia zauku funts hortan holako zigorra jasanarazten zutela eta bizkitartean egia izanki! Arreba aldiz alde hartan berean zonbait denbora preso atxiki ondoan Aigues-Mortes hirirat ereman zuten...

Constance dorrea

Zendako joan zuten Aigue-sMorte herrirat? Bada herri hortan dorre xahar bat, beti azkar dagoena orai ere, Constance izeneko dorrea. Luis errege sainduak eraikiarazia preseski herriaren gerizatzeko, soldado andana bat alde bat han egonez. Geroxago presondegi bezala baliatua eta hemezortzigarren mendean emazte protestanteen presondegi hain xuxen. Horra beraz zergatik Marie Durand han ezarri zuten giltzapean. Epaiketarik gabe, han egon behar, jakin gabe noiz libratuko zuten, noizbait libratzen bazuten.. Marie Durand han egonen da 38 urte! Ezin sinetsia hori ere eta egia izanki! Ardurenean, hogoita zonbait presoner han zauden, denak emazteak eta denak protestantak. Ahal bezala ihardokitzen zutela, frangotan erdi-goserik. Marie Durand denen aitzindari nolazpait, gisa hartako bertutea baitzuen. Galdetuaren bortxaz ardietsi zuen paper poxi baten ukaitea gutunak artetan igortzeko beste presuner batzuen familieri. Gutunak berak idatziz, bestek ez baitzakiten irakurtzen eta idazten. Marie Durand doi bat eskolatua bere aitak, denbora heietan eskolarik ez baitzen neskentzat. Presondegiko murru batean, Marie Durand akulatzaile, grabatu zuten "register" hitza, Vivarais eskualdeko mintzairan horrek erran nahi "résister", ihardoki beraz... Idazki hori beti han da funtsean... 1767-an, Languedoc eskualdeko gobernadorea etorri zen dorrea ikusi behar zuela eta urrikaldu preso ziren emazte gaixo heietaz, batto han izanki 41 urte hartan. Hamalau emazte laster askatuak izan ziren. Bainan beste zonbait aitzina preso atxiki zituzten, Marie Durand besteak beste, eta ondoko urtean halere libratu. Marie Durand bere sortetxerat joan zen bainan egoitza guzia hainbeste urte hetsia egonik arrunt planta txarrean zen. Marie Durand gaixoak sosik ez obren egiteko... Miserian eta arrunt ezindua hil zen 1776an, 65 urtetan... Istorio latza eta hunkigarria. Horiek hola, harrigarri da zinez nolako gataskak izanak diren giristinoen artean, batzu katoliko eta besteak protestant, denak Jesusen dizipilu omen, bainan ez batere Ebanjeliotik ari...
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3417. zbk

Gehigarria: Etxauzia zabal eta bizi

Gure Hitza | 2017/09/21

Ama lurra ez hunki!

Peio Jorajuria

"Baduk onddo!" dit erran lagun batek. Ikusiz haren begitarte irribarretsua, uzta polita aurkitua zukeen. Ez dit haatik salatu nun.

"Baduk onddo!" dit erran lagun batek. Ikusiz haren begitarte irribarretsua, uzta polita aurkitua zukeen. Ez dit haatik salatu nun. Ondotik nik ere bisitañoa eginik oihanari, han-hemenka zenbaitzuk aurkitu ditut, xisa, iratze-onddo, urki-onddo, kasko beltz, ez metaka baina kontentatzeko doi hura, zartagina barneko zirtakoen artetik altxatzen zen usain hura gozagarria zitzaidala. Onddoez gain, altxor nasaia digu ere eskaintzen oihanak: zer ezkurreria eta gaztaineria lurrera eroria! Goixtiar eta emankor gure oihanak aurten! Oihanetako urre paregabea!

Badira haatik bertze gisako urrearen ondotik dabiltzanak. Urte pare bat honetan lurpeko urrea ustiatu nahian dabil Sudmine enpresa, estatuarengandik baimenaren zain dagola. Ezpeleta eta Kanbo inguruko 11 herri ditu begipean. Eta bada beldurra baimen hori aski laster erdiets lezakeela gobernuarengandik. Hori du adierazia Sylviane Alaux diputatu ohiak, ekonomia ministeritzako zerbitzuetatik jakin duenaz. Badakigu, alta, masakre...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016